GARA Euskal Herriko egunkaria

Zerrenda


Musikarekin gozatzea ez da sasoiko jarduera, nahiz eta hala dirudien. Neurtu, bestela, musikaren ingurukoak haizatzeko albistegiek erakusten duten tema. Ados, uda da, eta ez dago imajinatzerik musikarik gabeko festaren bat (distopia hutsa), eta, jakina, daitort kalean, lagunekin, dantzan eta kantuan aritzea dela musikarekin egin dezakegun jarduerarik atsegingarrienetako bat. Are gehiago, horixe da musika “kontsumitzeko” nire egokiera aproposenen zerrendako 02. aukera. Eta horretarako gogoa behar da, ez makrojaialdi bat (zerrenda bereko 10. postuan dagoen egoera, ia dentistaren itxarongelan musika entzutearen pare; hau 09. lekuan).

Batez ere, maite dut entzuteko gogo hutsagatik musika entzutea, etxera iritsi, ekipoa piztu, eseri (komiki edo liburu on baten konpainia ez da ezinbestekoa) eta, hasi eta buka, disko bat entzutea (antigoalekoa naiz). Eta horixe izan da, da eta izango da zerrendako aukerarik estimatuena, topean dagoena, 01. postuan, alegia.

Noski, egokitu egin dut nire lista pertsonal hau. Garai batean, 03. lekuan zegoen tabernetako giro “keztatuan” eta apur bat “drogatua” maite nituen kantuak entzutea. Baina zerrendatik kanpo uztekotan izan nintzen ikusita ze musika jartzen duten egun taberna gehienetan, baina, nostalgia hutsagatik, 08. postua aitortzen diot egun. Jarraituko du.