Asier AIESTARAN
Kazetaria
2016

Baliogabetutako lehen kondena tortura salaketak ez ikertzeagatik

Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen.
Auzitegi Gorenaren egoitza, Madrilen. (Carlos LUJAN | EUROPA PRESS)

Ez da hau Etorkizuneko Artefaktuan torturaz idazten dugun lehen aldia, ezta azkena ere seguruenik. Eta ez da Beatriz Etxebarriaren izena aipatzen den lehen aldia ere, bere tortura salaketek sortu zuten hotzikararen erakusle. Zergatik ekarri berriz lerrootara, orduan? Gaurko egunez, 2016an, Auzitegi Nazionalak ezarritako bi zigor baliogabetu zituelako lehen aldiz Auzitegi Gorenak, tortura salaketak ez ikertzeagatik. Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriari ezarritako hamabost urteko kondenak ziren, eta epaiketa errepikatzeko agindu zuen Gorenak.

Epai historiko hori ulertzeko, ezinbestekoa da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarrari jarritako zigorrei erreferentzia egitea. Hain zuzen ere, 2014an Europako Auzitegiak Estatu espainiarra kondenatu zuen Beatriz Etxebarria eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Etxebarriari 29.000 euroko diru-ordaina ematea agindu zuen Europak, eta salaketa Torturaren Prebentziorako Europako batzorderaino ailegatu zen.

Guardia Zibilak Etxebarria eta Zapirain 2011ko martxoan atxilotu zituen. Epaiketa garaian, bi euskal presoek, epaitua izan zen Saioa Sanchezek egin bezala, beren deklarazioak ezeztatu zituzten, inkomunikatuak eta torturatuak izan zirenean egin zituztelako. Azkenean, 2016an, Auzitegi Gorenak defentsaren helegitea onartu behar izan zuen, eta Estrasburgotik 2014an iritsitako zigorrari men egin.

«Torturengatiko beste epai baten ondorioz Auzitegi Gorenak kondena bat baliogabetzen duen lehen aldia da. Oinarrizko lege-printzipio bat onartzen du horrela: tratu txarrek edozein deklarazio eta horietan oinarritzen den edozein epai ezgaitzen dute. Euskal Herriko torturaren dimentsioak ikusita, zenbat pertsona kondenatu dituzte beren autoinkulpazioan oinarrituta?», galdetzen zuen hurrengo egunean GARAko editorialak. «Torturatzaileak ez kondenatzeaz gain, torturatuak bi aldiz zigortzeko ere erabili da», gehitzen zuen.

Estatu espainiarrak torturak ez ikertzeagatik Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren partetik jasotako zigorrak ez ziren kontu berriak. 2016ko uztailerako jada zortzi aldiz kargua hartua zioten Europatik Espainiako aparatu judizialari. Euskal Herriari dagokionez, Mikel San Argimirorena izan zen lehen kasua 2010ean, eta handik urte erdira Iker Beristain donostiarraren inguruko sententzia heldu zen. Martxelo Otamendirena 2012an, aipatutako Etxebarria eta Ataunena 2014an, Patxi Arratibelena 2015ean eta Xabier Beortegirena 2016an etorri ziren ondoren.

2016an Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean ere, jarioa ez zen eten, dozena bat izan ziren guztira, eta 2021ean beste zigor bat heldu zen Europatik, kasu honetan Iñigo Gonzalez Etayoren aldeko sententziarekin. Nabarmendu beharra dago Gonzalez Etayo barañaindarra 2011n atxilotu zutela Ekinen aurkako operazioan, hain zuzen ere Patxi Arratibel eta Xabier Beortegi bezalaxe, eta operazio horretan Fernando Grande Marlaska izan zela instrukzio epailea. Europako zigorra heldu zenean Barne Ministroa zen Marlaska, baina bilbotarrak ez zuen ardurarik onartu.

Eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak espainiar Estatuari jarritako zigorrekin amaitzeko, 2022an Xabier Atristainen defentsa eskubidea urratzeagatik jarritakoa ere aipatu behar da. Kasu honetan, torturak ez ikertzeaz gain, inkomunikatuta zegoenean bere konfiantzazko abokatuarekin egotea galarazi izana arbuiatu zuen epaitegiak.

«Ez zen ebaluazio judizial zehatzik egin, demandatzaileak berak aukeratutako abokatu bat eskuratzeko duen eskubidea murrizteko arrazoi egokiak eta nahikoa egoteari dagokionez», aipatu zuen Europako auzitegiak. Hemen ere, torturarekin gertatzen den bezala, azken hamarkada luzeetan errealitate hori bizi izan duten euskal herritar kopuruak argi erakusten du giza eskubideen urraketaren neurria.

SBRENICAKO SARRASKIA

Nazioarteko gaietara jauzi eginda, uztailaren 11n gertaera bereziki lazgarri bat nabarmentzen da hemerotekan: Srebrenicako sarraskia, 1995ean. Srpska Errepublikako armadak (Bosniako serbiarrak) 8.000 bosniako (bosniar musulmanak) inguru hil zituen hirian sartu ostean. Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan gertatutako sarraskirik handiena kontsideratzen da eta 2004an, Hagako epaitegiak genozidioa izan zela ebatzi zuen.

Hiruzpalau urtez luzatu zen guda baten amaiera beldurgarria izan zen Srebrenicakoa. 1991n Bosnia-Herzegovinak egindako independentzia aldarrikapena ez zuten onartu hainbat sektorek eta borroka basatiak hasi ziren lurraldeko hiru identitate nagusien artean: bosniako musulmanak, serbiar ortodoxoak eta kroaziar katolikoak.

Talka militar handienak Bosniako ekialdean izan ziren, Serbiako mugatik hurbil, lurralde horiek oso garrantzitsuak zirelako serbiarren ikuspuntutik. Gorabehera askoren ondoren, Srpska Errepublikako armadak inguru ia osoa bereganatzea lortu zuen, musulman gehienak Srebrenican pilatuz, 1993an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) hiria eremu segurutzat jo zuelako. Hala ere, Babes Armadak, UNPROFOR-ek, ezin izan zuen ekidin sarraskia, Herbehereetako 400 soldadu bertan bazituen ere.

Ratko Mladic jenerala buru zuela, Srpska Errepublikako armada 1995eko uztailaren lehen egunetan Srebrenicari eraso egiten hasi zen. Erantzun irmorik jasotzen ez zuela ikusita, uztailaren 11n hartu zuen hiria, eta 25.000 musulman inguru Potocariko bateria fabrikan babestu ziren, hura baitzen kasko urdinen egoitza.

«Srebrenica erori da», titulatu zuen ‘‘Egin’’-en azalak tipografia handiz. Eta ondorengo egunetan gertatutakoa ezaguna da. Mladicen soldaduek gizonak, emakumeak eta haurrak multzokatu eta milaka gizonezko fusilatu zituzten. ‘‘Egin’’-ek uztailaren 13ko edizioan halaxe zihoen, argi eta garbi: «Garbiketa etnikoa Srebrenican».



[1996] «Txillardegi»-ren agurra Juanjo Etxaberi

Juan Jose Etxabe Orobengoa ETAko buruzagi historikoa 1996ko uztailaren 11tik 12rako goizaldean hil zen, 59 urte zituela. 1978an Donibane Lohizunen sufritu zuen atentatu bortitzak -Agurtzane Arregi bere emaztea bertan hil zuten- osasunez oso ahul utzi zuen militante arrasatearra, eta oso gogorra egin zitzaion azken kartzelaldi batek are gehiago erasan zuen bere egoera. Urruñako bere etxean aurkitu zuten hilda bihotzekoak jo ondoren.

“Egin”-ek uztailaren 13ko alean eman zuen Etxaberen heriotzaren berri, eta Jose Luis Alvarez Enparantza idazle donostiarrak agurreko zutabe bat sinatu zuen. NAIZ-en irakur daiteke oso-osorik, garaian argitaratu zen bezalaxe ekarria. «Etxabe gogoan» izenburupean, horrelaxe hasten da idatzia: «Ez genuen berri hori espero. Gartzelatik irten berria zelarik, hain zuzen. Abertzale gogorra Juan Joxe. Ausarta, arriskuetan zaildua; sortzez ere zakarra. Agintzeko jaioa. 1956 inguruan ezagutu nuen, ‘Muxibar’ inguruetan. Nik baino sei bat urte gutxiago berak. Berrogei urte joanak! Arrasateko ‘barruti burua’ zen orduan Juan Joxe».