Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Emma Twyford, kirol eskaladako espezialista, trad estiloan buru-belarri

Eskalatzaile britainiarrak Galeseko iparraldeko «Mission impossible» bidea (E9/7a) kateatu berri du. Bien bitartean, Ainhize Belar-ek Araotzeko Korea sektoreko «Parasitorik ez» (8c) marra eskalatzea lortu du.

Emma Twyford, trad estiloko «Mission impossible» bidean.
Emma Twyford, trad estiloko «Mission impossible» bidean. (GARA)

Hurrengo lerrootako bi protagonistak kirol eskaladan bikain moldatzen dira. Emma Twyford-ek, adibidez, Britainia Handiko lehen 9a femeninoa du. Ainhize Belar, berriz, Euskal Herriko egungo emakumezko sasoikoena dugu. Baina bi eskalatzaileok egiten dituzten igoeren inguruan, bada alde bat. Britainiarrak trad estiloaren aldeko apustua egin du; atxondarra, aldiz, momentuz, kirol eskaladan soilik jarduten da.

Hori aipatu eta gero, aurreratu behar dugu azken egunotan biek ala biek jarduera oso interesgarriak egin dituztela. Lehenik eta behin, Galesko iparraldera abiatuko gara; izan ere, Twyford-ek trad-eko “Mission impossible” (E9/7a) sinatu du. Bide klasikoa izateaz gain, zailtasunean (gure eskalan 8b) oso zaila da. Horrez gain, nekagarria da hurbilketa bidea. Eta beste eite garrantzitsu bat gehitu behar da: marra hori eskuarki oso heze egoten da. Bai, batez ere giltza diren pausoak bustita egoten dira. Eta egoera hori eskalatzaileak berak bizi izan du eginiko ekinaldietan.

Gogoratu behar dugu, trad estiloko bide guztiak bezala, “Mission imposible” ere arriskutsua dela. Hots, autobabeserako tresneria eraman behar da. Alabaina, orain arte ibilbide hori eskalatu duten zazpi eskalatzaileek esaten dute ez dituela balizko eroriko oso-oso arriskutsuak. Iltze batzuk ditu, eta, hortaz, sentsazioa da kirol eskaladako bide bat dela, baina aseguruen artean tarte handiarekin.

Twyforden kasua, gainera, beste ikuspegi batetik aztertu behar da. Eta hori diogu kirol eskaladatik trad-era trantsizio ederra egin duelako. Protagonista honek bi urte zeramatzan helburu horren atzetik. Baina aurreratu dugunez, Galesen egiten dituen ohiko euriteen ondorioz, “Mission imposible” probatzea ez da batere samurra. Iaz, adibidez, eragozpen horiengatik bertan behera utzi behar izan zuen esku artean zuen xedea.

Aurten ere hezetasunari aurre egin behar izan dio; batez ere, giltza den mugimenduan. Nola gainditu egoera hori? Erantzuna ez da batere erraza izan, baina irtenbide bat bilatu du: «Mugimendu hori egiteko metodoa aldatu nuen. Alegia, helduleku hori ukitzea saihestu nuen. Eta ondo atera zen. Behin betiko ekinaldian zirimiria ari zuen. Halere, nire asmoarekin aurrera jarraitu nuen. Saialdi bikaina izan zen; amets bat bezalakoa. Aukeratutako metodoa ondo irten zen. Heldulekua oso heze zegoen, baina ez nuen hartu. Presio handia zen, baina niretzat jokoaren eite interesgarri bat besterik ez da».

Bide batez, gogoratu behar dugu Twyford dela “Mission impossible” kateatu duen bigarren emakumezkoa. Trad estiloko espezialista handia, Hazel Findlay, izan zen lehena. Helburu hori duela lau urte erdietsi zuen.

ARAOTZ

Belarrek bere ibilbide oparoa handitzen jarraitzen du. 18 urteko atxondarrak Baltzolan duen proiektua momentuz «aparkatu» egin du, eta gustura jarduten duen beste eskola batean izan da. Araotzeko Korea sektoreari buruz ari gara. Gogoratu behar dugu sektore horretan, adibidez, “Honky Tonky” (8c) eta “Honky Mix” (8c+) igo dituela.

Orain, berriz, “Parasitorik ez” ibilbidea (8c) egin du. Gainera, oso azkar. Izan ere, hiru ekinaldi behar izan ditu. Eskalatzaile bizkaitarrak aurten lehen aldia izan du Araotzeko Korea sektorean, eta “Parasitorik ez” aukeratu du: «Marra horrek ez du bisita asko izaten baina, nire ustetan, murru horretako onenetarikoa da. Ez du mugimendu arrarorik, eta, gainera, erresistentzia sendotzeko oso aproposa da».

Nahiz eta Belarrek 8c zailtasuna gainditua duen, azpimarratu behar da ibilbide oso interesgarria egiten ari dela. Zerrendari begiratzen badiogu, ohartuko gara 18 urte izanda makina bat bide gogor sinatu dituela. “Parasitorik ez”-ekin hemezortzi dira maila horretan edo hortik gora igo dituenak.