MAITE UBIRIA
BAIONA

Hiria bost egunez itxuraldatzen duten ospakizunen gakoak, herritarren esku

Arrazoi ezberdinengatik bereziak izanen dira aurtengo Baionako bestak. Bost egunez Lapurdiko hiriburua itxuraldatuko duten ospakizunei hasiera eman zieten atzo, guztiz ezohikoa den datan eta ordutegian. Edonola ere, irudia ezin hobea eskaini zuen egun-argitan igaro zen ekitaldiak. Hiru giltzak aireratu aitzin, une hunkigarria bizi zen milaka bozek ‘Txoria txori” kantatu zutenean, iaz hil zuten Patrice Lanies baionarraren omenez.

Irekiera ofizialaren ostean besta alternatiboei hasiera eman zieten arratsaldean, Baiona Ttipian. Musika eta animazioa nagusituko dira hirian ondoko egunotan.
Irekiera ofizialaren ostean besta alternatiboei hasiera eman zieten arratsaldean, Baiona Ttipian. Musika eta animazioa nagusituko dira hirian ondoko egunotan. (Patxi BELTZAIZ - Bernard LAPÈGUE)

Berezia izan da aurtengo Baionako besten irekitze ofiziala. Parisko Olinpiar Jokoak tartean, jaien data aldaketa heldu zen lehenik. Horren ondotik, 22.00ak arte itxaron gabe, hasiera ekitaldia arratsaldeko 17.00etara aurreratzea deliberatu zuen Herriko Etxeak.

Aldaketak aldaketa, baionarrek gogo handiz ekin zioten bestari. Eguzkia lagun, jendez lepo bete zen Askatasunaren plaza, bost egunez luzatuko den jai giroari atea parez pare zabaltzen dioten gakoen jaurtiketan parte hartzeko.

Harmonie Bayonnaise bandak girotu zuen plaza 16.30az geroztik, bere alferkeriagatik ezaguna den Leon Erregea esnatu arte. Lo kuluxka egina, 17.00ak jota jendeari lehen agurra egitera heldu zen maiestatea. Beregandik ez oso urrun, kirolari eta artista ezagunek partekatu zuten balkoia irekiera ofizialaren ekitaldian.

Surf edo errugbi txapeldunei zein Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu duten beste hainbat kirolariri ere harrera beroa egin zieten plazan bildutako milaka lagunek.

Gizarte alorrean lan egiten duten Art Emotion eta La Source Iturria elkarteen ordezkariek ere herritarren txaloak jaso zituzten. Euskaraz eta okzitanieraz eginiko agur hitzartzeak amaitu zirenean, urduritasunak goia jo zuen plazan.

KIROLARIEN ONDOAN, BRUEL

Bat, bi eta hiru. Baionako hiru auzo historikoen -Baiona Ttipia, Santespirita eta Baiona Handia- ateak irekitzen dituzten giltzak jaurtitzeko ordua heldu zen, azkenean. Orduan bai, a zer nolako burrunba plazan!

Jean-Claude Larrieu futbol txapeldun beteranoa, Baionako AS errugbi taldeko (Neskak) kapitain Ingrid Amigorena eta Patrick Bruel kantaria izan dira aurten gakoak botatzeko ohorea jaso dutenak.

Guztiz hunkiturik ekin zioten lanari hirurek, eta giltzak aireratu zituzten airoski. Emozioa ez zen falta besten irekitze ofizialean.

Zeremoniaren hasieran Udalak eta bestak berritzeko jarduten duen 2032 Kolektiboak bultzaturik iaz jaiak hasi baino oren batzuk lehenago labankada batez hil zuten baionarra omendu zuten. Julie Roualt kantariak lagundurik, milaka eta milaka eztarrik, “Txoria txori” ereserkia kantatuz, Patrice Lanies-en memoria betikotu zuten. Omenaldia txalo artean amaitu zen.

Hain zuzen, iazko bestek utzi zuten bilan ilunak hala aginduta, «bestak lasaitzeko» xedez, gogoeta abian eman zuen 2032 Kolektiboak.

PATXA PLAZAN

Irekitze ofizialean Patrice Lanies-i eskainitako omenaldian parte hartu ondoren, 18.00etan, San Andres plazan antolaturiko jai alternatiboen irekiera ekitaldira bertaratu ziren, hain zuzen, kolektiboko ordezkariak.

Pyrenees ostatuaren fatxadan ikurrina eta nafar ikurra ezarriak ziren ordurako, baita homofobia eta transfobiaren aurkako mezuak zituzten banderolak ere. Balkoitik hartu zuten hitza Baionako gazte asanbladako kideek, Patxa plazan erdigunea duten jai herrikoi, euskaldun eta feministaren abiatzea iragartzeko. Handik aurrera, kale animazioek eta kontzertuek girotu zuten bestetako lehen gaualdia, bestazaleek bermatu bezala.

Hala eta guztiz ere, ohiturari zor, besta giroko irekitze ekitaldiak hasi baino ordu dezente lehenagotik blaitu zen Aturriko hiria.

LASTERKETA ETA OMELETA.

Hala, 14 kilometroko bestazaleen lasterketarekin hasi zen, goizean goiz, aurtengo besten egitaraua Baionan.

8.500 bat lagun bildu ziren goizeko 08.00 aldera Biarritzetik abiatu, Angelutik igaro eta Santizpirita zubia zeharkatuta Baionara eguerdiak jota heldu den lasterketan. Ohi bezala, kirola eta elkartasuna uztartzeko parada eskaini zuen lasterketak.

Batzuek mozorroturik osatu zuten ibilbidea. Beste batzuk elbarritasun batekin bizi diren herritarren laguntzaile gisa aritu ziren. Guztiek jaso zituzten publikoaren sostengu hitzak eta txaloak.

Helmugara iritsita, Emilie Morier eta Jason Pointeau izan ziren, hurrenez hurren, bere 23. ediziora heldu den lasterketaren irabazleak.

Eguneko bigarren hitzorduak, aldiz, gastronomia zuen ardatz. Hala, goizeko 9.00etatik goiti ekin zioten peña-kideek biper omeletak prestatzeko lanari Jaques Portes plazan inprobisaturiko sukaldean.

Peña eta elkarte ezberdinen arteko lehian, giroa paregabea izan zen. Zartaginik hartu gabe sukaldarien lanaren uzta dastatzera bertaratu ziren kanpoko zein etxeko kuxkuxeroak ez ziren falta izan.

Txantxa eta kalakaldiei amaiera emateko tenorea zela aginduta, epaimahaiak bere erabakia jakinarazi zuen.

Besten historian bere tokia eginez, Munduko Biper Omeleta Lehiaketa Gela Ttiki peñak eraman du aurten.



Bortizkeria matxistaren aurkako dispositibo berria

Baionako besten denboran, zerbitzua eskaintzen du Maina izeneko guneak, bortizkeria sexistaren aurkako sentsibilizazio lana garatzeaz gain, emazteei harrera gunea eskainiz.

Izan ere, urteak joan urteak etorri emazteen aurkako bortizkeriari aurre egiteko baliabideen falta agerian gelditu da. Zentzu horretan, indarkeria sexistari buruz mugimendu feministak salatu izan du sarritan du erakundeek ez dutela aski engaiamendu azaldu.

Besta eredua eraldatzeko lanean dabilen 2032 Kolektiboak arreta berezia eskaini dio urtero-urtero Baionako besten bilana iluntzen duen arazoari. Hala, 50 bat besta eragilez osaturiko sarea sortu dute. Izan peña, ostatu edo elkarte, bertako lagunek aplikazio baten bidez aukera izanen dute eraso bat denean berehala segurtasun zerbitzuei horren berri emateko.

Era berean, bortizkeria sexista ez dela onargarria argiki adierazteko, hiriko hamar bat leku ikusgarritan banderolak emanen dituzte. «Ez baduzu bai entzuten, ez da!», «Homofobia, transfobia, aski da!» edo «Eraso bakoitza denon afera da!» moduko esaldiekin mezu azkarra nahi dute bidali.

Horrez gain, «erasoak bortitzak eta fisikoak» direnerako, sareko partaideek eta Baionako Herriko Etxeak protokoloa zehaztu dute: musika itzali, argiak piztu, zerbitzatzeari utzi eta minutu bateko isilunea gordeko da. M. UBIRIA