GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
IÑIGO LARRINAGA
Orioko patroia

«Zierbenan hiru luze eusteko gai izan ginen, ea hurrengoan laugarrena»

Xedea bigarren txanda irabaztea zen arren, ohorezko txandan ari da Orio. «Pentsatzen genuena baino hobeto gabiltza», esan du Iñigo Larrinagak (1985, Ondarroa). «Hankak lurrean eta zoratu gabe», patroiak esan du Hondarribiari, Zierbenari eta Donostiarrari «hanka egitera» joan behar dutela. Bermeori irabazteko eremu egokia iruditzen zaio Sestaokoa.

(Oskar Matxin EDESA | FOKU)

Ondarroako Kamiñazpi auzoan bizi da Iñigo Larrinaga Orioko patroia. Haren hitzetan, «independenteak» dira Ondarroarekiko. 25 urte baino gehiagoz herriko koloreak jantzi ostean, orain arraroa egiten zaio bere burua horiz ikustea. «Hasieran pixka bat kosta zitzaidan ohitzea, baina banoa gutxika-gutxika». Herritarrek adarra jotzen diote, baina «beti umore onez». Iaz Kontxa aurretik arrauna utziko zuela iragarri zuen, eta, jada uda honetarako oporrak antolatuta zituela, Orioren deia iritsi zitzaion. «Talderik onena izan daiteke amaitzeko».

Iaz Kontxa aurretik arrauna utziko zenuela iragarri zenuen. Geroago, baina, Orio iritsi zen. Nola joan zen kontua?

Oso argi nuen. Familia kontuan hartuta, alabak jada bi urte ditu, batera pasatu nahi genuen denbora, eta argi genuen arrauna oso exijentea zela horretarako. Jada oporretako planak eginda genituen, eta halako batean, Orioren deia jaso nuen. Zuzendaritzatik, hasiera batean, egon ginen hitz egiten, eta gero Mikelek [Arostegi entrenatzaileak] deitu zidan. Mikelekin hitz egin, bera aurretik ezagutzen nuen, eta egia esan oso ondo saldu zuen [barrez]. Azkenean lortu zuen konbentzitzea, bai ni bai emaztea.

Arostegik esan zuen etorkizuneko patroia harrobikoa izatea nahi dutela, baina orain esperientzia handiko bat.

Askotan esaten dute: «Esperientzia handiko patroia da». Barregura eragiten dit. Urte asko bai, baina ez dut nire burua hartzen horrelako patroi bat bezala. Patroia herrikoa izatearen aldekoa naiz. Aurretik Ondarroako zuzendaritzan egonda, beti borrokan ibili gara gazteei aukerak emateko. Adibidez, Ondarroan Xanet [Gimeno] dago, itxura oneko patroia da, eta gogotsu dago. Bidea hori izan behar da, bai Ondarroan, bai Orion, bai beste edozein taldetan.

Neguan esango balizute ligan ohorezko txandan egongo zinetela, zer otuko litzaizuke?
Barre egingo genuke. Hasieratik helburua garbia zen: onena ematea, baina bigarren txandan borrokan ibiltzea. Bagenekien bigarren txanda irabazteko ere borroka egin beharko genuela, hor Ondarroa, Getaria, Lekeitio... daude, eta azkenean asko dabiltzan txalupak dira. Joan den asteburuan demostratu zuten bai Lekittarrak bai aurrekoan Ondarroak ere. Gure asmoa, behintzat, ez zen hori. Ilusioa eta gogoa bai, baina xedea zen bigarren txanda irabaztea. Momentu honetan uste dut pentsatzen genuena baino hobeto gabiltzala.
Euskadiko Txapelketatik kanpo geratu zineten arren, ligan ontzia ondo doa.

Egia da Euskadiko Txapelketakoa kolpea izan zela, gero neguan ere estropada batzuk oso gaizki atera zitzaizkigun. Baina buelta eman diogu, eta horrek baikortasun handia eman dio taldeari. Hilabete txarrak pasatu ditugu entrenatzen, baina orain egia esan entrenamendu bakoitzean ilusio eta gogo handia dago. Hori giroan igarri egiten da.

Hortik gora egingo al duzue?

Argi eduki dugu beti, nahiz eta ez egon entrenatzen hain motibatuta, talde aldaketa handia egon den multzo batean gaudela eta horrek denboran hobekuntza handia ekarriko duela, taldea egonkortzen denean. Asmoa bai, baina ez dakigu aurkariek zer egingo duten.

Galizian Coruñan bosgarren egin zenuten eta Bueun hirugarren. Emaitzez harago, sentsazio onak izan zenituzten?

Errealistak gara. Bai Coruñan bai Donostian baldintza hobeak izan ditugu haizearen aldetik. Hala ere, oso gustura egin genuen buelta Galiziatik. Txandan borroka handia eduki genuen, irabaztea lortu genuen Bueun. Sentsazio onak izan genituen, eta horrek motibazio handia ematen du.

Joan den asteburuan ohorezko txandan egin zenuten arraun. Nola ikusi zenuen ontzia onenen parean?

Ondo. Egia esan ez genuen espero, gure estropada egitera atera ginen, jakinda atzean gera gintezkeela, edo atzean geratzen baginen teorikoki normala zela. Baina estropada aurrera joan ahala, oso ondo ikusi genuen geure burua, batez ere Donostiako itsaso txarrean, borrokan azken momentura arte. Hasiera batean Zierbenari, ondoren joan zen, baina Hondarribiari ere eutsi genion. Oso polita izan zen guretzat. Zierbenan baldintza guztiz desberdinak izan ziren, baina topera atera ginen, zer gertatzen zen ikusteko. Hiru luze eusteko kapazak izan ginen, ea hurrengoan laugarrena eusteko gai garen.

Nora begiratu behar du Oriok?

Nik ez nuke begirada aldatuko. Berdin jarraituko nuke bigarren txandan, gure onena ematen, despistatu gabe, askotan orain lasaitu egin gaitezkeelako. Hasieran presioa edo norberaren estualdia handiagoa zen. Nik berdin jarraituko nuke: segitu gure lanean. Helburua izan behar da bigarren txanda irabaztea, baina goiko txandan mantentzerik badugu, horri eutsi behar diogu.

Zein ontzi dira zuen ligakoak?

Nahiko genuke orain daudenak izatea, baina hasiera batean bigarren txandan egotea markatu genuen. Bigarrenean daudenak gure aurkari zuzenak kontsideratu ditzakegu. Baina bai ikusi da agian bai Zierbena bat bai Hondarribia bat nahiko irregular dabiltzala, edo Donostiarra bat oraintxe. Uste dut hankak lurrean eta zoratu gabe, baina horiei hanka egitera joan behar dugula.

Sestaon kaleen arteko aldeak handiak izan daitezke?

Euria edo baldintza bereziak baldin badaude, aldeak askoz nabariagoak dira. Urdaibairi irabazteko aukera bat hor egon daiteke, batez ere berari kale txarra tokatzen bazaio eta beste bati ona. Kale ona tokatuz gero ezinezkoa izango da.