Iraitz MATEO
DONOSTIA

Donostiako Topoaren hondeaketa-lanen hiru laurdenak burutu dituzte

Toporako zulaketen hiru laurdenak amaituta daudela esan zuten atzo Lakuako Mugikortasun sailburuak eta Donostiako alkateak. Orotara 167 milioi euro gastatu dituzte orain arteko lanetan.

Erdialdea-Kontxa geltokiaren hondeaketa-lanak, amaitzear.
Erdialdea-Kontxa geltokiaren hondeaketa-lanak, amaitzear. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lur azpian 40 metro jaitsi, Kontxako hondartza lurpetik zeharkatu eta Londres hotelaren azpialde inguruan eman zuten atzo Donostiako Topoaren lanen berri; uretako oinetakoak, txaleko islatzaileak eta kaskoa beharrezkoak dira oraindik, ura erortzen baita pareten inguruan. Susana Garcia Lakuako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak eman zituzten xehetasunak; zulaketa lanen hiru laurdenak amaituta daudela esan zuten, eta irailerako zulaketa lan guztiak amaituta izatea aurreikusten dutela nabarmendu.

«Gaur esan dezakegu jada zulatu ditugula etorkizuneko geltokiaren hiru laurdenak», zehaztu zuen Garciak. Mirakontxa-Easo tarteko Erdialdea-Kontxa geltokia egiteko lanak Euskal Trenbide Sareak irailaren lehen hamabostaldian amaituko ditu, eta ondoren, iragazte lanei eta hormigoizko estaldura egiteari ekingo diote. Bentaberriko geltokia jada amaituta dagoela gogorazi zuten eta Easoko geltokiaren obra zibila hilabete honetan bukatuko dela.

Sailburuak adierazi zuenez, «urte batzuk barru inork ez du hiri hau Toporik gabe imajinatuko», eta gaineratu zuen garraio publiko horrek lur gainean 21.000 metro karratu libre utziko dituela: «Amara auzoari eta Donostiari etxebizitza, zuzkidura-espazio eta aisialdirako espazio gehiago emateko, eta horrek bertako bizi-kalitatea hobetuko du».

HIRITARREN «PAZIENTZIA»

Era berean, herritarrek izandako «pazientzia» txalotu zuen; izan ere, onartu zuen eraikuntza lan handiak izaten ari direla eta hiritarrei eragiten diela horrek. Goia alkateak ere alderdi hori azpimarratu zuen, eta jada «tunelaren amaieran argia» ikusten dela nabarmendu zuen.

Urte batzuk pasatutakoan Donostia Topoaren zerbitzurik gabe «imajinaezina» izango dela aurreikusi zuen eta aurka agertu izan direnei ere bidali zien mezua: «Martxan jartzean ikusiko dugu proiektu honen aurka zeudenak desagertuko direla; baina guk, proiektuari aurreratzen lagundu ez diotenei ez diegu ziurtagiri bat eskatuko, utziko diegu bidaiatzen».