Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WOO-RI-UI-HA-RU

Plazer txikiei buruzko lan minimalista

Hong Sang-soo zinemagilearen filmek ezaugarri bertsuak izaten dituzte: itxura xumea, arima kostunbrista duten narrazioak eta Hego Koreako gizartearen eguneroko bizitza islatzen duten kontakizunak; giza harremanei garrantzi handia ematen die. Lan berri honetan ohiko osagaiak topatuko dituzuen arren, zinemagilea gutxitan agertu da hain zaurgarri.

Seulen udako egun batean girotzen da. Aktore batek eta poeta batek, bi mireslerekin, bizitzari eta arteari buruzko elkarrizketak hasiko dituzte. Bi egoerak, zinema mutuko filmak bailiran, pantailan agertzen diren testuen bidez tartekatzen dira. Une horretan, Sang-soo-k elkarrizketa hutsalen eta gai sakonen arteko jokoan murgiltzen gaitu. Egoerek eta solasaldiek jariatzen duten naturaltasuna miresgarria da; zenbait eszenatan aktoreak inprobisatzen ari direla dirudi -ez da horrela, hegokorearrak asko entseatzen du-. Hizketaldi horiek erakusteko plano finko eta luzeak erabili ditu, argiztapen naturala tarteko; horrek, ikusle gisa, gela horretako kide bezala kokatzen gaitu, elkarrizketa horien barruan egongo bagina bezala.

Bestalde, bizitzari, arteari eta maitasunari buruzko elkarrizketa interesgarriak ditu oinarri, baina nahiko narrazio lineala du, gehiegikeriarik gabea. Hau, printzipioz, positiboa da, baina une esanguratsuen edota apur bat dramatikoen falta nabaritu dut. Ez zait luzea iruditu 84 minutu soilik irauten dituelako, baina, une batzuetan, gelditasun narratibo eta formal horretatik ihes egiteko beharra sentitu dut.

Filmean zehar garapen txikiak daude eta trama nagusitik jaiotzeko aukera duten zenbait hari sortzen dira, baina hortxe geratzen dira, atera ezinik. Sang-soo-ren obra emankorrak zenbait film bikain oparitu dizkigun arren, “Woo-ri-ui-ha-ru”-rekin erdizka geratu naiz, apur bat hotz utzi nau.