GARA Euskal Herriko egunkaria
1998

'Egin', ausartu ziren eta debalde irten zitzaien

Hernaniko Eziago industrialdeko Eginen egoitza itxita, Espainiako poliziaren prezintoa jarrita duela. (Jon URBE | FOKU)

Aznar y el PNV seguirán juntos toda la legislatura», hala zioen 1998ko uztailaren 15eko 'Egin'-en lehen orrialdeko titular nagusiak. Ez zen beste azal bat gehiago, euskal herritarren ekimenez 1977ko irailean jaio zen komunikazio proiektuaren azkena izan zen.

Urteetako eraso, erakundeen boikot eta mehatxuen ostean, 1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzon epaileak Jose Maria Aznar, Jaime Mayor Oreja, Jose Antonio Ardanza, Juan Mari Atutxa eta beste askoren aspaldiko guraria bete zuen hortzetaraino armaturiko ehunaka polizia eta guardia zibilek 'Egin' eta Egin Irratia indarrez itxita.

Hernaniko Eziago poligonoko egoitza nagusiaz gain, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko delegazioetan ere izan ziren indar polizialak, baita enpresako zuzendaritza kide izandako zenbaiten etxeetan ere, horiek atxilotuta eramanez.

«Ez ginela ausartuko uste zuten, ala?» izan zen, Turkiatik -nekez topa zezakeen leku aproposagorik-, Jose Maria Aznar orduko Espainiako presidentearen harropuzkeria, gerora kontrara etorri zitzaiona. Hordagoari eutsita, 24 ordu baino lehenago kalean zen 'Euskadi Información', 'Egin'-en 21 urtetako jardunaren eta GARAren arteko zubi lana egin zuen hedabidea; baina ausartu ausartu ziren, mina, eta handia gainera, egin zuten, eta gainera, debalde irten zitzaien.

Izan ere, 26 urte geroago, «Persiana» operazio hark ireki zuen zauriak itxi gabe jarraitzen du. Oroimen txarreko gau hartan atxilotutako 11 pertsonak eta ia beste 20 gehiago hurrengo hilabeteetan epaituak izan ziren, Garzon epaileak, 'Egin' zigilatzeaz gain, taldeko enpresen jarduna etetea agindu zuen eta urte luzez iraun zuen euren epaile administrazioa agindu zuen.

Mina ere momentuko kolpeaz asko haratago sartu zen horietakoa izan zen, erraietan barruraino sartzen den horietakoa. Zazpi urte geroago, polizia operazio hartan atxilotutakoak 18/98 makrosumarioan epaitu zituzten, eta gehienek 4 eta 24 urte arteko espetxe zigorrak jaso zituzten. Eta kartzelaldiak bere faktura pasatu zuen gerora, Javier Salutregi 'Egin'-eko azken zuzendariaren heriotzarekin, baita gure artetik joandako Manu Aranburu, Jose Ramon Aranguren edo Isidro Murgarenarekin ere. Ez ziren «ahotsik gabekoei ahotsa ematea» euren biziarekin ordaindu zuten bakarrak, aurretik Xabier Galeano eta Josu Muguruzak ere, mertzenarioren batek erailak, garesti ordaindu zuten Euskal Herriarekiko euren konpromisoa.

Esan bezala, gaurko egunez duela 26 urte izandako gaualdeko erasoa latzena izan bazen ere, urteak ziren, ia bere jaiotzatik esan genezake, 1977an Euskal Herriko herritarrek sortutako proiektu komunikatiboak, Bidasoako izokinek korrontearen aurka lez, aurrera egiten ikasi behar izan zuela.

Laguntza publikoen ukapena, erakundeen aldetik publizitate boikotak eta epaile zein polizia oldarraldiak ia eguneroko ogia ziren kazeta honen jardunean, eta Jose Antonio Ardanza eta Juan Maria Atutxa izan ziren herrarik handiena erakutsi zutenetako bi.

ETA laguntzea edo ertzainak seinalatzea izan zen erabilitako argumentua, baina sakoneko arrazoien artean beste medioek ezkutatzen zituzten ustelkeria kasuak argitaratzea zegoen. Etxeetaraino sartzen ziren orrialde haiek ezkerreko independentisten artean kohesioa sortzeko egiten zuten itzelezko lanak ere berebiziko pisua zuen ezinikusi horretan.

Eta jasotako min hori guztia, berez, konponezina bada, egileei debalde irten zitzaiela jakitea herri honek bere bizkarrean daraman motxilan beste zama bat eranstea da. 2009. urtean Espainiako Auzitegi Gorenak ezerezean utzi zuen Orain S.A. eta taldeko gainontzeko enpresen jardunaren etetea, legez kontrakotzat jota, eta aurretik ezarritako espetxe zigorrak ere erdira jaitsi zituen. Baina zigorrak oso-osorik bete zituzten zigortutakoek, eta azkena 2018an irten zen kartzelatik, 'Egin'-en itxieraren 20. urtemugan.

Aukeratutako unea ere ez zen kasualitatea izan. Ogasunarekin zuen zorra negoziatuta eta 3,6 miloi eurotako errotatiba berria erosita, 'Egin' proiektu sendo bat zen bere itxieran. Bere egoitza nagusia 2.600 metro karratuko pabiloi bat zen, Espainiako Auzitegi Nazionalak 1,67 milioi eurotan baloratu zuena. Itxieraren ostean eta epaileen administraziopean, 'Egin' taldearen ondarea hondamen hutsa da. Baina horrekin guztiarekin ase ez eta 2003an Gizarte Segurantzak 4,7 milioi euro eskatu zizkion GARAri, 'Egin'-i egotzitako zorra bere bizkar jarriz.

'Prebarikatu' aditza nola josten den ikasteko aukera askorik gabe, izokin honek korrontearen aurka borrokan jarraitzen du bere itsaso zabalaren bila.

UZTAILA MUGITUAK

BBerez, oporrei eta herriko jaiei lotutako hilabetea da uztaila, erritmoa nolabait lasaitutako egunak, eta horrek, noski, eragina izaten du egunkari baten erredakzioko estres mailan. Kazetariek, edo kazetek, ez dutela albisteen protagonistak izan behar erakutsi ziguten fakultatean, baina normalean, gure zoritxarrerako, titular baten baino gehiagoren subjektuak izatea egokitu zitzaigun. Esaterako, 2000. urtean `Egin´ eta GARAren enpresa jarraitutasuna ikusi zuen, proiektu hau urte luzetan kinka larrian jarriz.



[2023] &flexSpace;Injustizia handi baten lekukotzak lehen pertsonan kontatuak

«Ahotsik ez duten horiei ahotsa ematea», horixe izan zen, bere sorreratik, 'Egin'-ek izan zuen ardatzetako bat. Besteak beste, huraxe izan zen espainiar Gobernua proiektu komunikatibo hori ixtera eraman zuen arrazoietako bat. 1977. urtetik tradizio izan den horri jarraitutasuna emanez, GARAn ere ugariak izan dira ahotsa kendu zieten haiei eskainitako tarteak.

Kazetaritzak eta GARA-NAIZek azken urteotan izandako bilakaera teknologikoaren ispilu, itxiera dramatiko haren 20. eta 25. urteurrenen harira atondutako bi pieza bildu ditugu.

Lehenengo bideoan Javier Salutregi, Pepe Rei eta 'Egin'-eko beste zenbait langilerekin Eziagora egindako bisita, eta bigarrenean 'Egin'-eko erredakzio burua zen Martin Garitano, bertako kazetari Amaia Ereñaga eta Orain S.A. enpresa editoreko pertsonal arduraduna zen Tomas Arrizabalagak NAIZ Irratian izandako irrati tertulia.

Lehen pertsonan bizitako oroitzapenen bidez, euren biziak goitik behera aldatu zituen pasarte anker hura gertuagotik ezagutzeko aukera izan genuen, ahotsa kendu nahi izan zieten haien ahotik.