Surflari ernegatua

Bosnaka eta builaka

Sekulako zortea dugu euskaldunok munduko leku hoberenetako batean kokatuak egoteagatik. Euskal Herrian euria egiten du, tenperaturak ez dira hotzegiak, baina ezta beroegiak ere. Mendiak, basoak, mortuak, ibaiak eta itsasoa ditugu, eta gainera, urrun joan gabe bestelako ingurune naturalez gozatzeko aukera ere badugu. Landak, esaterako, Euskal Herritik oso gertu daude, eta surflariontzat paradisua dira. Olatu bikainak aurki ditzakegu eta, nahi izanez gero, baita lasaitasuna ere.

Landetan erraz aurki daitezke eremu lasaiak, batez ere neguan. Surflari gehienak hondartza famatuenetan biltzen dira, alegia, Hossegor inguruan, baina olatu onenak ez dira beti han izaten. Hondartzetako hondoak aldakorrak dira, etengabe mugitzen dira, eta ondorioz, urautsiak eta korronteak ere etengabe aldatzen dira. Horregatik, olatu hoberenak ez dira beti leku berean izaten.

Behin eta berriz esaten diet nire lagunei ez dagoela Hossegorreraino joan beharrik tuboak egiteko, adibidez, Tarnosen edo Ondresen sekulako olatuak izaten direla, baina alferrik da, beti Hossegor aldera jotzen dute, olatuez haragoko beste zerbaiten bila; argazkiak, beste surflariak, giroa... auskalo zerk erakartzen dituen, ez ditut inoiz ulertuko, baina ongi pentsatuta, horrela hobe, pila daitezela denak Hossegorren.

Izan ere, lotsatzen naiz Landetako aparkalekuetan Euskal Herritik bosnaka edo hamarnaka joaten diren surflariak ikusten ditudanean, baina batez ere entzuten ditudanean. Ozen mintzatzen dira, Europa osoak entzuteko moduan, eta gazteleraz, baita euskaldunak ere, «guaiagoa» baita. Ez naiz harritzen landetako surflariek mespretxuz «putains d’Espaingols» deitzen gaituztenean.

Hiru pertsona dauden urautsian bat-batean bost surflari builaka sartzen badira, normala da lasai zeuden surflariak haserretzea. Halakoetan auzo-lotsa sentitzen dut, kolonizatu gaituztenen ohitura txarrenak hartzeko joera baitugu, eta gogaitzen naiz, ni ere surflari zalapartatsu horien komunitateko kide bainaiz. Gustatu ala ez, isil-isilik eta bakarrik egon arren, ni ere haietako bat naiz.

Hossegor inguruko aparkalekuetan arazoak izan daitezke olatu onak daudenean. Matrikula espainola duten autoetako gurpilak zulatzen dituzte batzuetan. Ez dago ongi egina, ez naiz lokalismoen aldekoa, eta are gutxiago koldarkerien aldekoa, baina gure jarrera kolonizatzaile horrekin aitzakiak ematen dizkiegula ere onartu beharko dugu. Jarreraz aldatu beharko genuke, ez autoko gurpilak zulatuko dizkigutelako, etxean ez gaudenean gureak ez diren ohituretara egokitu behar garelako baizik. Baina batez ere, gutxieneko errespetua erakutsiz jarduteak hobeak egiten gaituelako. Jarrera egokia izateak ez du deus bermatzen, ongi etorriak ez garela nabarmentzeko txakurkeriak egin diezazkigukete, baina gutxienez gure eskura dagoena ongi egitearen kontzientzia izango dugu.