NAIZ irratia

Gazteen enplegagarritasuna eta inklusioa bultzatuko du Ekinbat!-ek

Ekinbat! egitasmoak gazteen inklusioa eta enplegagarritasuna ditu helburu; batez ere «desabantaila» egoeran dauden gazteengan jarriko dute arreta. Hiru proiektu nagusi izango ditu egitasmoak, eta guztietan generoaren eta euskararen ardatza txertatzea izango da duten apustua: gazteekinbat!, emakumeekinbat! eta eragileekinbat!.

Ekinbat! proiektuko kideak; eskuinetik hasi eta bigarrena Zaira Garcia.
Ekinbat! proiektuko kideak; eskuinetik hasi eta bigarrena Zaira Garcia. (EKINBAT)

Gipuzkoan desabantaila egoeran dauden gazteen enplegagarritasuna eta inklusioa erraztea du helburu hainbat eragilek sortu berri duten Ekinbat! egitasmoak. Zaira Garcia proiektuko kidea da, eta plana genero ikuspegiarekin nola landuko den eta euskararen sustapena izango den ardatza nola landuko duten azaldu zuen NAIZ irratian.

Garciak proiektua nondik zetorren azaldu zuen; izan ere, Kutxa Fundazioak iaz “Desafio ekosozialerako aliantzak” deitutako deialdia atera zuen, «lau aliatu elkartu, eta proiektua sortu genuen», adierazi zuen. Deialdiaren izenburuak zehaztu gisara, desafio ekosozialak identifikatzea izan zen lehen urratsa, eta lau elkarte ezberdinetako kideek hori egin ostean, batera zerbait eraikitzea erabaki zuten. «Identifikatutako behar horiek lotura handia zuten gazteen inklusio eta enplegagarritasunarekin», argitu zuen Garciak, eta ondorioz, noranzko hori hartu zuen proiektuak.

Sortutako ekimena, baina, hiru proiektu ezberdinetan banatzen da: gazteekinbat!, emakumeekinbat! eta eragileekinbat!. Gazteek presentzia handia dute guztietan, gazteen kasuistiketan zentratuko direla kontatu baitzuen Garciak. «Inklusioa eta enplegua errazteaz gain, inportantea iruditzen zitzaigun testuinguruaren lanketa bat egitea, eta horrela ikuspegi sistemiko bat izatea. Eta inklusio eta enplegagarritasun hau ez izatea zerbait indibiduala, baizik eta lotura izatea testuinguruan egin behar den lanketa batekin», azaldu zuen.

Gazteekinbat! proiektuaren kasuan, esaterako, heziketa zentro publikoetako gazteen parte hartze soziopolitikoa sustatuko dute. Gazteek «eraldaketa sustatzeko agente baten autoidentifikazioa» lortzea du helburu programa horrek, eta parte hartze komunitarioa bultzatzeko, gazteen plano soziala landu behar dela iruditzen zaie taldeko kideei. «Komunikazioa, aurkezpenak, puntualtasuna, puntuazioa… horiek landu nahi ditugu, eta parte hartze politikoak esan nahi du beraiekin lantzen dugula parte hartze eskubidea», zehaztu zuen.

GENEROA ARDATZ

Emakumeekinbat! proiektuaren kasuan, teknika artistikoetan oinarritutako introsprekzio sortzailea izango den prozesu bat garatuko dute emakume gazteek, beraiek ahalduntzeko eta laneratzeko tresnak garatu ditzaten. Eta eragileekinbat! proiektua zuzenki lotuta dago desabantaila egoeran dauden gazteak emantzipatzearekin eta ezagutzak sozializatzearekin: «Enpleguaren bidez helduarora igarotzeko baliabide gida bat sortuko dugu».

Eragile komunitarioak aipatzen dituztenean enpresak dituztela buruan argitu zuen Garciak, eta esate baterako, aipaturiko gidaren sorkuntzan enpresek «zer esana» izango dutela aurreratu zuen: «Enpresek dauzkate gakoak enplegagarritasuna nola areagotu jakiteko eta gida hori enpresekin ere sozializatuko dugu».

Gazteen parte hartzea ezberdina izango da proiektuaren arabera: «Gazteekinbat! proiektuan, esaterako, Lanbide Heziketako ikasleek parte hartze komunitarioaren inguruan formakuntza bat jasoko dute, irakasleek ere jasoko dute beraiei laguntzeko, eta dauden komunitateetan, izan auzoan edo herrian, bertako eragileekin sortuko dute diagnostiko komunitario bat». Diagnostiko komunitario hori egitearen helburua, ondoren, gabezia batzuk identifikatu, erronka bat proposatu eta erantzunak bilatzea izango da.

Aipagarria da generoa eta euskara izango direla transbertsalki landuko diren bi ildo nagusiak. Generoaren alorrean, bi modutan landuko direla azaldu zuen Garciak; gazteekinbat! edota eragileekinbat! proiektuetan modu transbertsalean, «diagnostiko komunitario horretan genero rolak edo generoarekin lotutako ardurak aztertuko direlako, adibidez». Edota enplegagarritasunaren gidan generoak zer-nolako eragina duen, edota genero bakoitzak zein baliabide izan ohi dituen aztertuko dela kontatu zuen proiektuko kideak. Bestalde, adierazi zuen ezberdina dela emakumeekinbat! proiektuaren kasuan: «Zuzenean generoari lotutako proiektu bat da, emakumeek bakarrik hartuko dute parte, espazio seguru bat sortu asmoz».

Euskararen ardatzari dagokionez, azaldu zuen aliatuak proiektu guztia euskaraz bultzatzen ari direla, eta esku hartzeetan aztertuko dutela zer-nolako testuinguruetan egiten diren proiektu horiek euskaraz, eta zeintzuetan behar duen «euskarak bultzada».