GARA Euskal Herriko egunkaria

1.300.000 sinaduraren bila, Urdaibaiko Erreserba babesteko

SEO/BirdLife-k eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak nazioarteko sinadura bilketa bati hasiera eman diote, Salomon R. Guggenheim Foundation-i eskatzeko «uko egin diezaiola Urdaibai Biosfera Erreserbaren suntsiketari». Helburua 1.300.000 sinadura lortzea da.

Muruetako ontziolan kokatuko litzateke museoaren eraikin nagusiena. (GARA)

Guggenheim museoak Gernikan eta Muruetan eraiki nahi duen museoaren auziak nazioarteko jauzia eman du, SEO/BirdLife gobernuz kanpoko erakundeak -Estatu espainiarreko ornitologia elkartea da, ingurumeneko GKE dekanoa- eta Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak atzo martxan jarri zuten sinadura bilketarekin. Helburu sinbolikoa jarri diote ekimen honi: 1.300.000 sinadura lortu nahi dituzte; hau da, Guggenheim Bilbao museoaren urteko bisitari kopurua adierazten duen zifra sinbolikoa.

Ekimen honen bidez SEO/BirdLifek eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Salomon R. Guggenheim Foundationi helarazi nahi diote «herritarrok edertasun eta hauskortasun handiko eremu babestu honen eraldaketa atzeraezinaren aurka daudela, proiektu hau hain espazio baliotsuan ezartzeari uko egiteko eskatuz, ingurumenaren, kulturaren eta gizartearen ikuspegitik». Horretarako, sinadurak jasotzen hasi dira seoactua.org orrialdean, hiru hizkuntzatan (https://seoactua.org/peticion/urdaibai-bosfera-erreserba; https://seoactua.org/peticion/urdaibai-biosphere-reserve eta https:// seoactua.org/peticion/reserva-urdaibai). «EAEko erakundeek Urdaibai Biosfera Erreserban Guggenheim museoaren frankizia berri bat inposatu nahi dute behin eta berriz, haren beharra justifikatzen duen argudiorik gabe eta tokiko biztanleen parte-hartzerik gabe», aipatu zuten atzo zabaldutako komunikatuan. «Urdaibai Biosfera Erreserba berez museo bizia da, dibertsitate biologikoaz, kulturaz eta historiaz beterik dagoen paisaia ikusgarriekin. Bi egoitzak eraikitzearen aldeko apustua, horietako bat estuarioaren bihotzean bertan, mehatxu bat da, eta inpaktu kritiko eta itzulezinak sortuko ditu erreserbaren balioentzat, turismoak dagoeneko gainezka egin duen eskualde batean», gehitu zuten.

Estuarioa, Hegaztien Kontserbaziorako Eremu Garrantzitsu gisa (IBA) izendatuta egoteaz gain, Europako Natura 2000 sarean, RAMSAR konbentzioan eta Unescoren Biosfera Erreserban nazioarteko maila goreneko babes figurek -Hegaztientzako Kontserbazio bereziko eremua (HBBE) eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE))- aintzatesten dute. «Bertan pinakotekaren egoitza bat ezartzea eta milaka turista oinezko bidezidor ‘ekologiko’ baten bidez bideratzea, egin nahi den bezala, ez dirudi autonomia erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko araudiek eskatzen dituzten kontserbazio helburuak betetzen direla bermatzeko aukerarik onena denik -aipatu zuten-. Izan ere, jolas jarduerek presio handia eragiten diete paduran babesa eta janaria bilatzen duten hegazti espezieei».