Komedia erromantiko arrunta
AEB, 1969. urtea. Scarlett Johansson-ek Kelly Jones gorpuzten du, NAS-ko marketin arduradun nagusia. Bere eginkizuna, bertan egiten den lana promozionatzea eta saltzea den arren, helburu anbiziotsu eta nahiko zoro bat burutu beharko du: Apolo 11-ren misioak porrot eginez gero, gezurrezko ilargiratzea filmatu beharko du. “Fly Me to the Moon”-en testuinguru nagusia hori izan arren, funtsean, komedia erromantiko nahiko arrunta besterik ez zait iruditu. Oso arina izango zela susmatzen nuen, baina ez hainbeste. Hiru tonu edota azpigenerotan mugitzen da nagusiki filma: komedia erromantikoa, drama eta alderdi historikoa; satira politikoaren zertzelada oso txikiak dituena.
Barrea eragin beharko lukeen alderdi hori guztia, bizpahiru eszena salbu, ez zait batere dibertigarria iruditu. Trama erromantikoak apur bat hobeto funtzionatzen du baina, guztiz artifiziala iruditu zait; Scarlett Johansson eta Channing Tatum eztitan dauden une horiek soberan daude. Alderdi historikoa edo benetako gertakizunekin bat doazen une horiek gehiago gustatu zaizkit; jaurtiketa espazialaren birsortzea adibidez, oso txukuna iruditu zait, ederki filmatua dago guztia eta minutu horiek iruditzen zaizkit agian indartsuenak. Dokumental kutsua duten eszena horiek indarra ematen diote egitura nagusiari. Istorioa nahiko erakargarria da, erraz ikusten den horietakoa, eta ez du ahalegin berezirik eskatzen baina, zinematografikoki laua eta oso eskasa da.
Greg Berlanti-k komedia erromantiko “retro” interesgarri bat egiteko aukera izan du baina porrot egin duela iruditzen zait. Zenbait unetan -bereziki Channing Tatum-en pertsonaiak jaurtitzen dituen merkezurreko bizpahiru hizketaldi eta diskurtsotan-, arbuioa eragin didan kirats erlijioso eta patriotikoa ere sumatu dut.