20 JUL. 2024 ESPETXEEN KUDEAKETA Entrevista Jaime tapia EAEko espetxe aholkulari ohia «Badago damua; ez da beharrezkoa umiliatzea» 2021ean EAEko Administrazioak espetxeen eskuduntza eskuratu zuen eta, denbora horretan, Jaime Tapia izan aholkularia. Kargua utzi berri du eta, orain, PSEko Maria San Joseren esku dago Justizia saila. Bataren eta bestearen arteko aldeak agerikoak dira. (Maialen ANDRES | FOKU) Peli LEKUONA DONOSTIA EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, lehen EAJrena zen Justizia Saila PSEren eskuetan geratu da eta, itxuraz, espetxeen kudeaketan aldaketak izango dira. Kritiko agertu da Jaime Tapia espetxe kudeaketaren aholkulari ohia Maria Jesus San Jose sailburu berriak asteon agertu dituen joerekin. «San Joseri esango nioke badagoela damua. Ez da beharrezkoa umiliatzea», adierazi du NAIZ Irratiarekin egindako elkarrizketan. “Espetxea gizatiartu: euskal espetxe eredurako esperantza eta erronka”. Izenburu hori zuen joan den astelehen eta asteartean EHUk Donostian antolatu zuen ikastaroak. Jardunaldiei hasiera emateko ardura izan zuen, Tapia eta San Joserekin batera, Angel Luis Ortiz Estatu espainiarreko Espetxe Erakundeetako arduradunak. Ortizek bezala, erdi-askatasunean oinarritutako espetxe ereduaren alde egin zuen Tapiak; Justizia sailburuak, ordea, atzera begirako erretorikak berreskuratu eta damuan jarri zuen arreta. «Damua zer den», horretaz hausnartzeko gonbita egin du Jaime Tapiak NAIZ Irratian. Gogora ekarri du euskal preso politikoek jadanik adierazi dutela biktimekiko enpatia, idatziz. Eta, bere ustez, «ez da beharrezkoa barkamena eskatzea, baina damua, zentzu batean, lortu da, eta denontzat onuragarria da hori». Tapiak nabarmendu du presoek onartu dituztela gaizki eginak eta, alde horretatik, bere iritziz, ez dela beharrezkoa «horretan gehiago sakontzea eta umiliatzea». San Jose sailburuak EHUren ikastaroan esan zituenen inguruan, aholkulari ohiak aitortu du ez dakiela zehazki zer esan nahi zuen damuaz ari zenean. Hala ere, gogora ekarri du dagoeneko legeak damuaren baldintza jasotzen duela eta euskal presoek bete dutela jada eginkizun hori: «Egin dute eta horregatik lortu dute hirugarren gradua». BERDINTASUN PRINTZIPIOA Euskal presoen tratamenduan, lehen ez bezala, «berdintasun printzipioa» ezartzea lortu dela-eta pozik agertu da Jaime Tapia: «Beste presoekin gertatu den moduan, hirugarren gradua lortu dute». Zenbait euskal presoren kasuan, hirugarren gradua esleitu zaienean, Auzitegi Nazional espainiarrak helegitea jarri du eta bigarren gradura itzularazteko eskaera egin. Alta, aurreko urteekin alderatuta, oso kasu gutxitan gertatzen da hau Lakuak espetxeen eskumena jaso zuenetik, Tapiak baieztatu duenez. Aurten, «hogei euskal presok baino gehiagok lortu dute hirugarren gradua, eta bakarra errekurritu da», azaldu du aholkulari ohiak. Auzitegi Nazional espainiarrak Lakuako Gobernuko lantaldeak egiten duen lana «ongi dagoela» onartzen du, Tapiaren ustez, eta positibotzat jo du hori. Argitu du, gainera, profesionalen irizpideei jarraituta jartzen direla martxan horrelako prozedurak. «Profesionalek badakite presoak zein baldintza betetzen dituen eta Eusko Jaurlaritzak bide eman behar dio prozesu horri», esplikatu du. Orain, euskal presoen ehuneko handia dago erdi-askatasuneko erregimenean, eta horrek poztu eta asebete egiten duela onartu du Tapiak. «%30 inguru dira erregimen horretan. Hori azken hiru urteetan lortu dugu. Eta, honekin, berdintasun printzipioa betetzen da, pozgarria zait hori», esan du. ERREGIMEN IREKIAREN ONURAK Aurrerantzean, Ines Soriak hartuko du Jaime Tapiaren lekua, eta berari egokituko zaio, beraz, aholkulari aldaketak erdizka harrapatu dituen ekintzak garatzea. Horietako bi aipatu ditu elkarrizketatuak: zintzilik geratu den Lanpostu Zerrenda iraila eta urria artean onartuko dela espero du, eta Zubietako kartzelak «datorren urtean» irekita behar lukeela adierazi du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketaz arduratuko den lantaldeak ere erregimen irekiaren alde egitea nahi luke Jaime Tapiak; «guk egin dugun bidetik», zehaztu du. Izan ere, espetxeetako aholkulari gisa egin duen hiru urteko bidearen inguruan galdetuta, erdi-askatasunaren alde egindako lana nabarmendu du oroz gain. «Gero eta preso gehiagok bete du zigorra erregimen irekian. Hori da garrantzitsuena niretzat. Zigorra beste era batera bete daiteke, eta lortu dugu pentsamendu hori apur bat errotzea, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen», esan du. Ildo horretan, administrazio publikoan bakarrik ez, gizartean pentsaera aldaketa bat gertatzea beharrezkoa dela nabarmendu du, oraindik aurreiritziak daudelako. «Jendeak zigorra hormen barruan bete behar dela pentsa dezakeen arren, hirugarren graduko zigorrak berdin dira zigor», azpimarratu du. Jaime Tapiaren ustez, zigorra hirugarren graduan betetzeak onura asko ditu, beste batzuen artean, nabarmen jaisten du berrerortze maila. Horrekin batera, gogora ekarri du erregimen irekian zigorra betetzen ari diren pertsonak ez daudela askatasun egoeran eta, beraz, hainbat baldintza bete behar dituztela. «Haien bizitza kontrolatua dago, espetxeetako arduradunen deiak jasotzen dituzte noizean behin nola dauden jakiteko, eskakizun batzuk betetzen ez badituzte bigarren gradura eta, beraz, espetxera itzuli behar dute... Ezagutu ditut hirugarren graduan dauden hainbat pertsona eta beraiek ere nabaritzen dute ez dutela askatasun osoa», agertu du espetxeetako aholkulari ohiak. BALIABIDEAK DOITU, KOORDINAZIOA HOBETU Erregimen irekiko zigorrak lehenesteak behar berriak sortzen ditu eta, horregatik, baliabideak doitu behar direla azaleratu du Tapiak. Horretan saiatzen aritu da aholkulari gisa egin dituen hiru urte hauetan eta, besteak beste, etxebizitzak, eguneko zentroak eta adikzioak tratatzeko espazioak erregimen irekian dauden pertsonen zerbitzura jarri dituztela azaldu du. Buruko osasunean eta drogen menpekotasun arazoetan ere jarri du arreta. Kasu hauetan ere kartzelatik kanpoko baliabideen beharra aldarrikatu du. Gogora ekarri du, gainera, adituek eta Europako hainbat erakundek sarritan ohartarazi dutela buruko arazoak edo drogekiko menpekotasunak dituzten pertsonen kasuan bereziki garrantzitsua dela zigorrak espetxetik kanpo betetzea. Horregatik, aipatu dituen baliabide eta azpiegitura horiek guztiak indartzea onuragarria litzatekeela uste du Tapiak, bai zigorra betetzen ari diren delitugileentzat, baina baita gizarte osoarentzat ere. Gainera, iragarri du Zubietako espetxeak emakumeei zuzendutako modulu handiagoa izango duela. Egun, emakumeen %54k zigorra hirugarren graduan betetzen dutela azaldu du. Bestalde, administrazioen arteko koordinazioa hobetu behar dela azpimarratu du. «Beharrezkoa da askatasunik gabe dauden pertsonak sostengatzeko. Bestela, erdibidean geldituko gara». Hezkuntza Sailarekin eta Osakidetzarekin lan egin du Tapiaren lantaldeak, bere esanetan, kartzeletan dauden gabeziak konpontzeko asmotan. Hala ere, birgizarteratzearen emaitzak hobetu nahi badira hori baino gehiago egin behar dela zehaztu du. Izan ere, EAEko kartzeletako aholkulari ohiak gogora ekarri du espetxeratzeen atzean, askotan, presoen edota horien familien bizi baldintzak daudela. «Kartzeletan zer edo zer konpontzen saiatzen gara, gabezia horiek artatzen, baina bidea ez da hor bukatzen eta, beraz, gizartearen laguntza behar da», aldarrikatu du Tapiak. BARKAMENA«Ez da beharrezkoa barkamena eskatzea, baina damua, zentzu batean, lortu da, eta denontzat onuragarria da hori»