Zuriñe IGLESIAS
IRUN
Entrevista
ANDER ELOSEGI
Piraguista ohia

«Euskal palistak emaitza onetarako daude; afizioa egiteko momentua da»

Duela urte bat baino zertxobait gehiago igaro da Ander Elosegik (Irun, 1987) goi mailako piraguismoa utzi zuenetik. Bere palmaresean, lehiaketa ugaritan parte hartzeaz gain, lau Olinpiar Jokotan parte hartu izana agertzen da. Ez hori bakarrik: C1 eslalom modalitatean lau diploma olinpiko irabazi ditu. Orain, ordea, kanpotik jarraitzen du dena eman dion kirol hau.

(Andoni CANELLADA - Iñigo URIZ | FOKU)

Piraguismoa, Olinpiar Joko garaietan, euskaldunoi poztasun ugari eman dizkigun kirola da. Aurten, Paris 2024ko hitzorduan, Maialen Chourraut, Pau Etxaniz, Miren Lazkano, Klara Olazabal eta Begoña Lazkano izango ditugu. Azken lau Jokoetan aipatzea ohituta geunden beste izen bat ere hor dago, airean, baina lehiaketatik kanpo: Ander Elosegi.

Irundarrak edonori inbidia emango liokeen palmaresa eta ibilbidea ditu. Lau Jokotan aritu eta lauretan diploma lortuta itzuli zen etxera. Orain, ordea, aitortzen du gorputzak oraindik ez diola eskatzen piraguan ibiltzea. Hala ere, inork baino gaitasun gehiago du kirol honi buruz eta oraindik aktiboan dauden euskal palistei buruz hitz egiteko. Esaterako, eskarmentu handia duen Maialen Chourrautekin entrenamendu eta lehiaketa ordu asko pasatu ditu elkarrekin. «Zorte pixka bat izanez gero» euskal dominaren bat iragarri du eta, euskal piraguismoak bizi duen «momentu ona» presente izanda, aprobetxatu behar dela nabarmendu du.

Dagoeneko urtebete baino zertxobait gehiago pasatu da goi mailako piraguismoa uzteko erabakia hartu zenuenetik. Zer moduz doa bizitza berri hau?

Ondo, ondo. Ezberdina, baina orain arte ondo.

Faltan botatzen al duzu lehiarako grina hori?

Ez nuen faltan botatzen, baina lehiaketak hasi direnean eta nire kide ohiak lehian ikusi ditudanean, inbidia pixka bat ere eman didate, baina pentsatuz normala dela.

Dena den, askotan aipatu izan duzu ez duzula zure bizitza piraguarik gabe ulertzen. Lehian akaso ez, baina suposatzen dut jarraituko duzula bestelako planak egiten piraguaren gainean.

Ba, egia esan, nahiko utzia daukat. Gorputzak oraindik ez dit eskatzen piraguan ibiltze hori, baina argi daukat momenturen batean gogoa iritsiko dela eta berriro sartuko naizela piragua batean. Lehiatzeko ez, noski, baina disfrutatzeko pixka bat.

Oraingoz, beraz, lasai zaude piragua gabe.

Bai, hori da. Ez dut beharrik. Orain, uda partean kirolariak lehiatzen hasi direla, gustatzen zait ikustea, baina gorputzak ez dit eskatzen momentu honetan.

Ikustea gustatzen zaizu eta, kasualitatez, laster ditugu Parisko Olinpiar Jokoak. Oporretan egongo zara, baina hauek jarraitzeko asmoa al duzu?

Bai, noski. Olinpiar Jokoak gainera beti dira lehiaketa berezi bat, eta ikusteko oso polita izan ohi da. Aurtengoak ere halakoak izango dira eta ikusiko ditut, noski.

Maialen Chourraut, Pau Etxaniz, Miren Lazkano, Klara Olazabal eta Begoña Lazkano bertan izango ditugu. Ordezkaritza zabala dugu piraguismoan. Beraz, aitzakia bada horiei jarraitzeko, ezta?

Bai, bai, jakina. Eta nik uste dut emaitza onak lortzeko aukerarekin daudela denak. Eta ea zorte pixka batekin pozen bat ekartzen diguten etxera.

Poztekoa ere bada hainbeste euskaldun maila gorenean ikustea.

Bai, eta esan beharra dago, piraguismo munduan, azken Olinpiar Joko hauetan sumatu da maila oso altua dela. Nik uste dut boladak direla, aprobetxatu beharra dagoela, eta, noski, afizioa egiteko momentua ere badela.

Maialen Chourrauten kasuan, bere bosgarren hitzordu olinpikoan dago. Hau ez da nekatzen. Ez dakit berarekin harremanetan izan zaren azken denboran. Nola ikusten duzu?

Egia esan, ez dut aspaldian ikusi, ez naiz berarekin egon. Ikusi dut lehiatzen azken egun hauetan, eta argi dago maila emango duela. Azken lau Olinpiar Jokoetako eskarmentuak uste dut lagunduko diola, eta hori beti da puntu bat. Domina lortzeko borrokan seguru ibiliko dela.

Zure kasuan, lau hitzordu olinpikotan izan zara, dominarik ez baina lau diploma C1 eslalom modalitatean. Guztia ez da Olinpiar Jokoetara mugatzen, palmares ederra duzu bestela ere. Zure agur prentsaurrekoan aipatu zenuen dena eman zenuela eta ez dagoela besterik, baina hotzean, denbora bat pasatuta, geratzen al zaizu dominaren arantza hori?

Bai, baina domina olinpikoa beti delako amets eta helburu bat. Nire kasuan, hurbil ibili nintzen pare bat aldiz, baina ez zen gertatu. Orain pentsatu dezaket “hau egin izan banu edo beste hura”... Bai, arantzatxoa badudala? Izan daiteke. Hala ere, ez naiz horrekin gehiegi kezkatzen. Egin nuenarekin oso gustura nago, orain bukatu da. Ez daukat inolako arazorik horrekin.

Orokorrean, zure ibilbidean lortu duzun dena lortuta, pentsatzen dut asebeteta hartu zenuela uztearen erabakia.

Bai. Nire azken denboraldian ikusi nuen kostatzen zitzaidala gero eta gehiago. Momentu batean oso argi ikusi nuen uzteko momentua zela. Uste dut momentu hori egokia izan zela, iritsi zitzaidalako momentua, eta listo. Egia esan, ez naiz damutzen. Ibilaldi oso polita izan dut, asko disfrutatu dut, asko ikasi dut, eta uzteko momentua beti da gogorra. Kirolari guztiok dakigu momentu hori iritsiko dela noizbait, baina beti da gogorra. Nire kasuan, momentu egokia izan zen hori, eta halaxe. Orain kirolaz disfrutatzera, baina beste toki batetik.

Ez damutzearen adierazlea da oraindik ere piragua ez duzula hartu.

[Barre egin du] Bai, izan daiteke. Jendeak pentsa dezake nazkatuta bukatu nuela, baina, egia esan, ez. Gustatzen zait ikustea. Segitzen ditut nire aurka ibili direnak eta gaztetxoak nola datozen ikustea gustatzen zait. Lehiaketak segitzen ditut. Lehen esan dudan bezala, gorputzak ez dit eskatzen egite edo praktikatze hori, baina jarraitzen dut, eta hala dirau.

Lau aldiz izanda Olinpiar Jokoetan, ia errutina bihurtu zen zuretzat kirol ibilbidean zehar. Zein oroitzapen dituzu hitzordu olinpikoen egonaldietatik?

Denetatik. Oroitzapenak dira batzuk oso politak, momentu oso bereziak direlako, lehiaketa oso berezia da, lau urtean behin egiten den ekitaldi handi bat. Aldi berean, momentu gogorrak, tentsio handiko momentuak direlako, prestakuntza luze baten amaiera iritsi delako eta hor erakutsi behar duzulako zer ikasi duzun eta noraino iristen zaren. Momentu onak beti dira momentu txarrak edo gogorrak baino handiagoak. Milaka istorio daude kontatzeko. Oroitzapen politak, bai lehenengo Jokoetatik eta bai azken Jokoetatik. Denak dira bereziak bere moduan.

Hor barruan egonda, agian bat ez da guztiz ohartzen edo normaltasun puntu batekin biziko dira Olinpiar Jokoak bere berezitasunean. Egia da ez dela denbora asko igaro Tokion aritu zinenetik, baina orain beste modu batera baloratu edo asimilatzen da urte guzti hauetan egindakoa?

Pentsatzen dut agian momentu hori oraindik ez zaidala iritsi. Nire lehenengo Jokoak oso gazte hartu nituen, bere naturaltasun horretan saiatu nintzen eramaten eta hurrengo guztiak ere naturaltasun horretan eramaten saiatu naiz. Gero lehiaketa oso berezia da, jende askok du helburu lehiaketa horretan parte hartzea eta jende asko ez da iristen. Munduan maila oso altuko jendea saiatzen da eta asko ez dira iristen. Alde horretatik, perspektiba hori edukita, beste modu batera baloratzen da. Nire kasuan, lautan parte hartu dut eta denetan saiatu naiz naturaltasunez hartzen. Galdera hori erantzutea nahiko zaila egiten zait batzuetan.

Denborarekin hausnarketa gehiago izango duzu edo denbora bat pasatuta argiago izango dituzu gauzak. Lehen aipatu duzu afizioa egitea edo piraguarekiko afizioa handitu egin dela. Ez dakit, olatu hori aprobetxatu behar den eta kasu honetan ere, ikusita euskal ordezkari asko ditugula, horrek ere eragin du olatu hori handitzen?

Uste dut baietz. Noski, emaitza onek beti ekartzen dute prentsan oihartzun zabalagoa, eta horrek aldi berean haurrak eta gazteak animatzen ditu, batez ere kirola ezagutzera eta gero praktikatzera. Nolabait bola bat egiten du, gero eta jende gehiagok egiten du, maila ere handiagoa da, eta nik uste dut orain euskal piraguismoa momentu oso onean dagoela, badagoelako zaletasun hori. Emaitzek ere beti laguntzen dute. Aprobetxatu beharreko momentua dela oso argi ikusten dut.