GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Ni que la...


Udan gauza bitxiak ikus ditzake batek, esaterako, Ulsterreko martxa unionista bat Benidormen. Lizar Begoñaren “Mundu zitalaren kontra” nobelari gehitzeko moduko pasartea izan liteke. Beldurgarria da irudia eta, era berean, antz handia du Arrasateko sanjuanen helduen danborradarekin: sits naifa da eta horren dekadentea halakoetarako prest dagoen jendearen existentziak hotzikara goibel bat eragiten didala.

Eta kontu zoldatsuez gabiltzalarik, hona hemen pasa dugun espainiar gizonezko futbol selekzioaren sukarraz gogoeta xume bi.

Bata, gobernu abertzalea duten udalek finala ikusteko pantaila erraldoiak ezarri izana katramilatsua da. Haiek -espainiar abertzaleek, urdin nahiz gorriek- ez lukete euskal kutsuko ezergatik halakorik egingo. Eta ondo egon gintezke nagusitasun moralaren lurrina besapean -gu hobeak gara- dugula, baina ez dakit epe luzera estrategia ona ote den. Akaso hobe da eremu horretan talka egitea -eta niri, dudan berezko bizitzarekiko jarrera epelarekin gatazka hitza beti paratzen zait handi-, espainiar abertzaletasunari kantxa ematea baino.

Bestea, ez ditut ulertzen espainiar selekzioarekin jokatzen duten euskal jokalariak. Urte osoan zehar irainduko dituzte euskaldun izate hutsagatik -terroristak!- edo haien jatorri edo azal koloreagatik. Baina, gero, han dira, Madril kirasdun hartan, «Gibraltar español» lakoak kantatzen edota erregeari eskua alaiki ematen. Eta lortuko dute fatxek egun batez Blas de Lezo gomutara ekartzea eta «zeinen ongi irabazi diegun ingelesei beste behin».

Bitartean guk, euskaldunok, arima uzkur dugula begiratuko diegu gure taldeetako kapitain edota jokalari izarrei, jakin gabe gu zer garen haientzat, jakin gabe ikusten ote duten hemen badela zapaldutako herri bat zeinak ezin duen ezta selekzio propiorik eduki ere. Haien mozkorraldi hori-gorriaren biharamunean gure eskuek izango dute Oyarzabal, Williams eta enparauei txalo zarta-zarta egiteko erreflexua zelairatzen direnean edo golen bat sartzean, baina bihotzak esango digu zer edo zer hautsi dela.