Eli PAGOLA

Angulak: profesionalik gabeko arrantza profesionalaren arautzea

Aisialdiko arrantza debekatzearekin batera, angularen arrantza profesionala arautu du Lakuako Gobernuak 2023-2024 sasoian. Erabaki polemikoa da, EAEn ez baitago inolako egitura profesionalik angularen sektorean. Gaiaz hitz egin du Rafa Perez Beristain Mutrikuko Natur Taldeko kideak NAIZ Irratiko ‘‘Gelditu Makinak’’ saioan.

Txitxardin salmenta postua, Donostian, San Sebastian egun bezpera batean.
Txitxardin salmenta postua, Donostian, San Sebastian egun bezpera batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurtengo arrantza sasoian debekatu dute angularen aisialdiko arrantza, baina horrekin batera arrantza profesionala arautu da. Eragile ekologistak asaldatu ditu bigarren erabaki horrek, besteak beste, ez zegoelako, aurrez, horri lotutako sektore ekonomikorik, eta espeziearen berreskurapenerako onura baino kalte handiagoa dakarrela argudiatuta.

2008. urtetik Europan galtzeko arriskuan dagoen espeziea da aingirarena. Katalogazio hori dela eta, uste izatekoa da neurriak hartu eta egoerak hobera egingo zuela azken urteetan. Mutrikuko Natur Taldeko Rafa Perezek, ordea, ezetz dio. XXI. mende hasieran zientzialariak arrantza debekatu behar zela esaten hasi baziren ere, Estatu espainolean autonomi erkidegoek beren plangintza burutzeko aukera izan dutela eta ez dutela taxuzko neurririk hartu azaldu du. Natur aktibistak analisi zorrotza egin du NAIZ Irratiko ‘‘Gelditu Makinak’’ saioan, ulertu ezinezkoa baita egoera larrian dagoen espezie bat arrantzatzeko sektorea sortzea.

EAEko jasangarritasun politiken egiturari ere erreparatu dio. Perezen arabera, «hemen, politikarien partetik, jasangarritasuna da hiru arloren elkartze bat: maila ekonomikoa, maila soziala eta ingurumen maila. Guztiak gustura geratzen diren eremu hori da eremu jasangarria». Arlo bakoitzak, ordea, politikagintzan ez du pisu bera, «arlo bakoitza bola bat izango balitz, hemen arlo ekonomikoa izango zen sekulako bola, soziala bola txiki bat, eta ingurumenarena puntutxo bat baino ez». Elkartze horretan, beraz, ingurumenak indar oso gutxi du.

LIZENTZIA PROFESIONALAK

Ulergarria da, arrantza debekua ezartzeko, espeziearen egoerak oso larria behar duela izan, zeren atzean sektore ekonomiko bat egon ohi da. Aktibistaren esanetan, «hori denok ulertzen dugu, eta onartu izan dira neurriak, inor ito gabe, pixkanaka aurrera ateratzeko». Angularen kasua, ordea, bestelakoa da: «Guk ez genuen angulero profesionalik, aisialdiko arrantzaleak ziren denak. Kasu horretan, kalte ordainik ez dagokie, beraz, sekulako aukera galdu da kupoa ezartzeko espeziearen egoera hobetu arte». Jaurlaritzak angula arrantzarako 150 lizentzia profesional banatu ditu.

Perezek ardurak egotzi eta eskatu ditu, eta politikak bat etor daitezela kontseilu zientifikoak dioenarekin. «Instituzioak ente fiktizioak dira, horren atzean pertsonak daude eta esan behar da baimen hau legealdiko azken Gobernu Batzordean eman dela eta izenak eta abizenak dira: [Iñigo] Urkullu, [Arantxa] Tapia, [Bittor] Oroz eta [Leandro] Azkue. Horiek dira eromen hau egin dutenak. Zientziaren aurka joatea eromena da eta oso garestia da».

Egoeraz jakitun izan eta «zelata arrantzaz» mozorrotzea egotzi diete Mutrikuko Natur Taldeak eta Eguzki Talde ekologistak Lakuako Gobernuari, komunikatu bateratu batean. Espeziaren populazioaren jarraipenerako lagungarria den praktikatzat aurkeztu zuen erakundeak, eta ekologistek diote, helburu baino, aitzakia bat dela hori. Txitxardin populazioa handitzeko onena, zalantzarik gabe, harrapatua ez izatea da. Era berean, Kantauri itsasoan hartutako neurriek lekarketen hobetze globala ere azaldu du: «Sargazoko itsaso sakonetan jaiotzen diren larbak, Golkoko korronteak Europa aldera ekartzen ditu, eta Kantauri itsasoak duen formagatik, proportzioan, hona etortzen da angula gehien. Horrek esan nahi du kontserbazioan guk dugula ardura gehien. Hemen egiten dugunak hobekuntza ekarriko du Europa osorako».