GARA
PILOTA

Laso-Tolosa ausart eta garaipenarekin estreinatu dira Caixabank Mastersean

Bizkarreta-Gerendiaingo eta Anoetako pilotariek osatutako bikoteak irabazi zuen Otxandioko partida. Ezkurdiak eta Albisuk finago hasi zuten norgehiagoka (3-1) baina, markagailua hiru aldiz berdindu ostean, urdinek tarte erabakigarriak ireki zituzten.

Unai Laso, intentzio betez, pilota eramateko prestatzen, Otxandioko pilotalekuan.
Unai Laso, intentzio betez, pilota eramateko prestatzen, Otxandioko pilotalekuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Caixabank Mastersak xarma berezia dauka, bi enpresetako pilotariak nahasita osatzen baitira bikoteak. Horrek, pilotarientzat ez ezik, zaleengan ere grina sortzen du, eta horregatik, hain zuzen ere, garrantzia hartzen du txapelketa honek pilotaren egutegian. Txapelketa hasi besterik ez da egin, asteburu honetan jokatu dira lehenbiziko jardunaldiko lau partidak -edizio honen itxieraren unean hasi da Artola-Rezusta eta Zabala-Imaz bikoteen arteko dema Fuenmayorren- eta urriaren 6ra arte luzatuko da.

Nola hasi baino, azken txanpa horretara maila onean iristea garrantzitsua izaten da. Dena den, zalantzarik ez dago aurreneko garaipenak konfiantza ematen duela, are gehiago bikote berriak baldin badira, txapelketa honetan sarri gertatzen den bezala. Lasok eta Tolosak 2021eko edizioan elkarrekin jokatu zuten lehen jardunaldia, Bizkarreta-Gerendiaingoak Jaka ordezkatu zuenean. Irabaztea lortu zuten Olaizola II.a eta Zabaletaren aurka, eta atzo berriro elkarrekin kantxaratu eta beste garaipen bat pilatu zuten, Ezkurdia-Albisuren aurka. Anoetako atzelaria pozik agertu zen partidaren amaieran, bai norgehiagoka irabazteagatik, baita Laso bezalako «izar» batekin jokatzeko aukera izateagatik ere. «Gozatua da berarekin jokatzea. Partida oso ona egin dugu. Partidaren lehen erdia gogor joan da, gero erritmoa jaitsi dugu. Baina akats gutxi egin ditugu eta Unaik erritmo ikaragarria sartu du aurreko koadroetan», azaldu du Xabi Tolosak.

LASOREN TXISPA

Hain zuzen ere, partidaren hasieran finago aritu ziren Ezkurdia eta Albisu, ezker gantxoarekin Arbizukoa zital aritu zela (3-1). Urdinek, ordea, 3-3 berdintzea lortu zuten eta, markagailuan beste hiru berdinketa ezarri ondoren, koska bat aurrera egin zuten Bizkarreta-Gerendiaingoak eta anoetarrak (7-10).

Korrontearen kontra igeri egiten aritu ziren gorriak, eta beraien tanto bakoitzean urdinen erreakzioa iristen zen, Tolosa bizkartzain sendo gisa arituta eta Laso sekulako txisparekin ibilita. Lehen atsedenaldi luzera 8-12 aurretik joan ziren eta aurrerantzean. gorriak «borrokan» aritu baziren ere, «opari dezente» egin zituzten, Jon Ander Albisuren arabera. Otxandioko frontoiko zoruan pilotak bote arraroak egiten zituela ere nabarmendu zuen, baina egoera denentzat berdina izan zela eta porrotaren aitzakiarik ez zegoela nabarmenduta.

Urdinen abantailarik handiena bost tantokoa izan zen (13-18). Gorriek erreakzionatu zuten hori murrizteko eta estu hartu zituzten aurkariak (15-18). Ezker gantxoz eta sakez egindako bi tantori esker, Lasok eta Tolosak tartea ireki zuten berriro eta, Ezkurdiak Baikoko aurrelariaren defentsako lana mugara eraman zuen arren (16-20), ezker gantxo zitalarekin eta txokoan hilda utzitako beste tanto batekin, partida dotorea biribildu zuen Lasok.



Martxel Iztuetaren lehen garaipena

Caixabank Mastersa joan den uztailaren 19an hasi zen Laudion, Altuna III.a eta Iztuetaren garaipenarekin, Jaka eta Martijaren aurka. Amezketako aurrelariak bolada ona luzatu zuen, atzean bizkartzain tolosar gaztea zuela. Edizio honetan nobedade handienetako da Martxel Iztueta. Aitor Arangurenen lekua hartu du Tolosakoak eta Serie B mailako Binakako txapeldunak aurrelari ezin hobearekin osatu du bikotea.

Lehen mailako pilotariekin lehiatzen duen aurreneko txapelketa da hau Martxel Iztuetarentzat, eta seguru, berarentzat, ostiralean lortutako garaipena hauspo izugarria izango dela. 22-11 markagailuarekin garaitu zuten Jaka-Martija bikotea -hain zuzen ere, Altuna eta Martija, ostiralean Laudioko Artea pilotalekuan aurkariak izan zirenak dira egungo Binakako txapeldunordeak-. Jokin Altunak eta Iztuetak lehen aldiz jokatu zuten elkarrekin baina bikote sendoa osatu zuten, hamahiru tanto eginda eta sei hutsegiterekin bakarrik bukatuta.

Herenegun, bestalde, Caixabank Masterseko bigarren jardunaldia jokatu zuten Barakaldon, eta Peio Etxeberria-Mariezkurrenarentzat izan zen garaipena. Norgehiagoka oso estua izan zen Peña-Bikuñaren aurka, eta azken tantoan erabaki zuten lehia (22-21). Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina, irabazteko anbizioaren ondorioz, pilotarien arteko tentsioa agerikoa izan zen.GARA