23 JUL. 2024 PARISKO OLINPIAR JOKOEI BEGIRA Ahanzturan eror ez dadin Ur Kirolakeko lemazaindun eskifaia Ur Kirolak taldea 1960ko Erromako Olinpiar Jokoetara joan zen lemazaindun zortzikoan. Talde horretako bi kide dira Trinido Bakeriza (1929, Donostia) eta Iñaki Egibar (1931, Donostia). Orduan bizitakoa gogora ekarri dute, patxadaz, NAIZ Irratiarekin izandako solasaldian. Hamaika anekdota dituzte kontatzeko. Ezkerreko orrialdean, Iñaki Egibar eta Trinido Bakeriza, 1960. urtean Erromako Olinpiar Jokoetara joan zirenen koadroa eskuan. Lerro hauen gainean, bi protagonistak, NAIZ Irratiko solasaldian. (Gorka RUBIO | FOKU) Zuriñe IGLESIAS SARASOLA Ohore bat» izan zen Trinido Bakeriza eta Iñaki Egibar arraunlarientzat Erromako 1960ko Olinpiar Jokoetara joatea. Kirolari batentzat «gorena» da hori, nabarmendu du Egibarrek. Lemazaindun zortzikoan Ur Kirolak taldeko bederatzi gizonek parte hartu zuten Olinpiar Jokoetan: Trinido Bakeriza, Santi Beitia, Felix Erdozia, Javier Belar, Iñaki Alkorta, Jose Ibarburu, Jesus Mari Leizeaga eta Jose Luis Almandoz arraunlariek, eta Faustino Amiano lemazainak. Bakerizaz eta Egibarrez gain, horietatik bizirik jarraitzen duen bakarra Beitia da. Euskal Herrian ez ziren lehenengoak izan arraun kirolean Olinpiar Jokoetara joaten, Iparraldeko Baiona Nautiko eta Aviron Bayonnais taldeak joan baitziren aurretik, 1912an Stockholmera eta 1906an Atenasera, hurrenez hurren. «Erdozia entrenatzaileak esan zigun zortzikotearen ordezko joango ginela Erromara. Ababorrean prestatzaileak pentsatu zuen hobetu egin behar zela, eta orduan Bakeriza sartu zen. Eta istriborra ondo egongo zenez, ni ez nintzen txalupan sartu», kontatzen hasi da Egibar. Ia 40 eguneko prestaketa egin zuten kiroleko hitzordurik garrantzitsuenera joateko, eta noski, garai hartan, lana egiten zutenez, baimena eskatu behar izan zuten lantegian. Bakerizak adierazi du «nahikoa lan» izan zuela oporrak hartzeko: «Alkorta eta biok Gipuzkoako Bankuan lan egiten genuen, eta Erdozia entrenatzaileak nahikoa lan egin zuen gu lanetik libre uzteko». Bakerizaren antzera, Egibarrek ere lanak izan zituen: «40 egun ziren eskatu beharrekoak. Nagusiari esan nion azken unea zela, 29 urte nituela, eta hemendik aurrera ez nuela edukiko halako aukerarik. Ordezko bat uzteko esan zidan, eta halaxe konpondu ginen». Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea ezustekoa izan ote zen galdetuta, Bakerizak esan du ez hainbestekoa. Izan ere, Melbournen izan zen azkena, eta hara joateko esperantza bazuten. Baina zerbait geratu omen zen estatu mailan, eta ez ziren joan. «Asmoa edo egarria bagenuen Erromara joateko, eta gero zortea izan genuen». MILITARRAK ARRAUNLARI 40 eguneko prestaketa egin zuten. 25 egun Banyolesen (Katalunia) igaro zituzten prestaketa lanetan, eta ondoren, hiru eguneko bidaia autobusez Erromara, txalupa autobus gainean zutela. Bakerizak kontatu du Frantzian egin zutela lehenbiziko gaua, eta tarteka bidean ere gelditzen zirela. Errepidea luzea bazen eta trafiko gutxi bazegoen, autobusetik jaitsi eta lau kilometro edo egiten zituzten korrika, muskuluak-eta askatzeko. Erromara iritsitakoan, Albano lakura joaten ziren entrenatzera. «Egunero joan behar genuen Erromatik Castel Gandolfo herrira. Aita Santuak hor du bere udako etxea. Abuztua zen eta bero egiten zuen. Ni beroarekin oso makala naiz, oso motela, eta Felixi [Erdozia entrenatzailea] esan nion zorabiatuta nengoela. Hala ere, entrenatzera joan behar izan nuen, ez zidan utzi ez joaten. Guztiz zorabiatuta joan nintzen entrenatzera. Oso gaizki pasatu nuen», kontatu du Bakerizak. Ez zuten sailkatzea lortu, baina hori gutxienekoa da, haiei inork ez baitie kenduko Olinpiar Jokoetara joan izana. «Esperientzia oso berezia da hango jendearekin konpartitu genuena. Gogoratzen naiz zinema zegoela, eta errusiarrei barregura handia ematen ziela Donald ahateak», adierazi du Bakerizak. Gainerako herrialdeek arraunean nola lan egiten zuten ikusi zuten. Egibarrek azaldu du alemaniarrek, herbeheretarrek eta ingelesek jende asko zutela, fitxa asko arraunean, eta klubak ere oso aberatsak: «Txalupa onak zituzten, eta asko selekzioak ziren. Alemaniarrek entrenatzaile bat zuten, zeinak eskola batu zuen arraunlarientzat. Adams eskola zen, eta ondo samar ibiltzen ziren Alemaniako mutil guztiak hara joaten ziren. Zortzikoan arraun egin zuten bakoitzaren lekua bere neurrira egina zuten. Guk, ordea, txalupa erosi, torlojuak jarri, altxagarri bat eta uretara». Bakerizak esan du herrialde komunistetan arraunlariak normalki militarrak zirela, eta hori egitetik bizi zirela. «Arraunlari onak baziren, Armadak fitxatzen zituen. Guk, ordea, lanera joan baino lehenago, goizeko 6.00etan bizikleta hartu behar genuen Pasaiara entrenatzera joateko. Egibar eta biok administratiboak ginen, eserita lan egiten genuen, baina baziren taldean iturginak eta baserritarrak». Orduko eta oraingo baliabideak alderatuta, Bakerizak nabarmendu du orain pala handiagoa dutela, eta lehen arraunak zuen pisua orain duenarekin alderatuta, «ez dagoela konparatzerik». ARISTEGIREN ZAPATAK, GRACE KELLY, ETA OPERA Hamaika anekdota dituzte kontatzeko Bakerizak eta Erdoziak. Horietako bat Joxe Mari Aristegiri, ordezko arraunlariari, gertatu zitzaiona uniformearekin, zehazki oinetakoekin. «Uniformea eman zigutenean, Joxe Marirentzat zapatak ez zeuden, hanka handiegia zuelako. Guk beltzak eta zuriak eraman genituen, eta Joxe Marik beltzak bakarrik zituenez, hortzak garbitzeko edo krema bat ematea bururatu zitzaion zapatak zuritzeko», barrez kontatu du Bakerizak. Beste bitxikeria batzuen artean, Bakerizak Grace Kelly Monakoko printzesa izandakoaren anaiarekin topo egin zuela aldagelan: «John Brendan Kelly etorri zen aldagelara, estropada egin ondoren. Galdetu nion ea zer moduz joan zen, eta itxuraz gizon zakarra zen, ez zidan ezta erantzun ere egin. Ez zuen irabazi eta haserre zegoen». Bakerizak ez ezik, Egibarrek ere badu zer kontatua. Erroman zeuden egun horietako batean, opera ikustea joan zen Aristegirekin batera. «Helduenak ginen, eta etsenplua eman behar. Estropada bukatuta, gau batean opera ikustera joan ginen, Karakalaren Bainuetara. Sekulako lekua da, gameluak ateratzen ziren... Aparteko ikuskizuna zen. Kaletik hotelera joan, eta gure gelako ohean eserita Felix Erdozia entrenatzailea zegoen, zigarro bat erretzen. Esan zigun ea nondik gentozen, eta erantzun genion operatik. Ez zigun sinetsi, eta esan zigun goizean hitz egingo genuela. Gosarian errieta egin zigun, etsenplua eman behar genuela-eta». Bakerizak gehitu du Erdozia orduko entrenatzailea eta presidentea zela. «El padre espiritual» haientzat, gizon «oso elizkoia», eta «zuzen-zuzen» ibili behar zutela harekin. «POR EUSKADI» 60ko hamarkadan Estatu espainolean diktadura betean ziren, eta horrek zerbait baldintzatu ote zuen galdetuta, Bakerizak azaldu du Erdozia gudaria izan zela, eta Santoñan heriotza zigorrera kondenatua. «Abertzaleak ginen denok, eta Erromara joandakoan zer egin genuen? Entrenamenduko lehen egunean, arraunetan geure bandera jarri. Horrez gain, Elola Espainiako kiroleko ordezkaria zen, nafarra, eta falangista petoa zen. Erromako estropada baino lehen jantzigelara etorri zen gu hauspotzera. ‘Por Euskadi’ esan zuen, jakinda zein zen». Horrez gain, Bakerizak adierazi du bere amak jantziak moldatu zituela, txaketak, kamisetak... «Kamiseta zuri bat genuen, baina gorria eta horia. Lehenbiziko gauza egin zuena izan zen horia kendu, eta bi gorriak elkartu». ABERTZALEAK60ko hamarkadan Estatu espainolean diktadura betean ziren. Bakerizak azaldu du Erdozia [entrenatzailea] gudaria izan zela, eta Santoñan heriotza zigorrera kondenatua. «Abertzaleak ginen denok». BAIONARRAK AITZINDARIArraunean lehiatu ziren lehendabiziko euskal herritarrak Lapurdiko Baiona Nautiko eta Aviron Bayonnais taldeetako gizonak izan ziren, 1912an Stockholmen eta 1906an Atenasen, hurrenez hurren.