23 JUL. 2024 Marian Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Eszenatokiaren lilurak harrapatzeak, alde artistikoaz gain, badu bere eragina norberaren bizitzan. Euskaran murgiltze artistikoa, kultur aberastasuna, bidaiak... Baina agian honen guztiaren gainetik daude bidean ezagututako pertsonak. Nire kasuan 16 urterekin Oreretatik Oiartzunerako antzerki bidaiarekin hasi zen dena. Gerora Bilborako jauzia. Orereta-Oiartzun-Bilbo. Intxixu taldea, Maskarada taldea. Eta antzerkiaz gain, denboran gelditutako oroitzapenetan betiko lagunak daude, ezin bereiziz hori antzerki zaletasunetik eta ofiziotik. Eta ibilbide horretan, modu batera edo bestera, Marian Arruti egon da. Elkarrekin aktore Intxixun: Inexa, Iparragirre Amazorro eta Gabonetako Ikuskizuna antzezlanetan. Ekoizle lanetan ezagutu Maskaradan: “Gastibeltzaren karabinak”, “Gernika37-87”, “Harrizko Aresti Hau” eta beste hainbat. Maskaradan ibilitako lagunen bazkaria Oiartzungo sagardotegi batean urtero Marianek antolatzen zuen. Intxixuk eta Maskaradak euskal teatroan, amateurrean eta profesionalean, izandako garrantzia agian Marianen figuran lotzen da. Euskal kulturan badira izen handiak eta badira lan handiak egindako itzalpeko lagunak. Antzerki euskaldunaren berpiztearen historian Marian dago. Eta orain, ezustean utzi gaituenean, Oiartzun-Bilbo bidaia lainoak hartu du. Marian Arruti zen, lagun kutuna.