GARA
GERRA ZIKINA

Josu Mujikaren kasua epaitegira iritsi da

Josu Mujika 1975ean hil zuen Polizia espainiarrak eta, iaz, biktima izaera aitortu zion Lakuak. Orain kasua epaitegira eraman du familiak, eta, Giza Eskubideen Behatokiarekin batera, kereila kriminala aurkeztu du «el Lobo» polizia infiltratuaren eta Jorge Cabezas komisarioaren aurka, besteak beste.

Mikel Lejarza, «el Lobo», polizia infiltratuaren          artxiboko irudia.
Mikel Lejarza, «el Lobo», polizia infiltratuaren artxiboko irudia. (GARA)

1975eko uztailaren 30ean poliziaren tiroz hil zen Josu Mujikaren familiak kereila kriminala aurkeztu du ETAkide legazpiarraren heriotzan ardura izan zuten polizia eta kargu instituzionalak ikertu ditzaten, eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia ere akusaziora batu da, atzo aditzera eman zuenez. Bi izen jasotzen ditu kereilak: Mikel Lejarza, el Lobo, infiltratutako polizia eta Jorge Cabezas komisarioa.

Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordetzak Mujika eta haren familiaren biktima izaera aitortu zuen 2023ko maiatzean, eta legazpiarraren heriotzaren inguruabarrak azaldu zituen 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txostenean.

«Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak garatutako prozesuak egia instituzionala aitortzen du, eta horrek egungo egia soziala sendotzen du», nabarmendu zuen Giza Eskubideen Behatokiak (GEB) ohar batean. Alabaina, Lakuaren txostenak duen garrantzia aitortzen badu ere, gogoratu zuen horrelako prozesuek ez dutela justizia eskatzeko eskumenik; beraz, hori konpontzeko asmoz aurkeztu du kereila: «Hurrengo urrats logikoa zigor arloko justiziaren aurrean torturatzaileen, betearazleen eta giza eskubideen urratzaileen erantzukizunak ikertzea eta ezartzea da».

Txostenaren arabera, Mujikak «bizitzeko eskubidearen urraketa bat» jasan zuen, «Estatuaren/Poliziaren Kidego Orokorraren erantzukizunaren pean, 1975eko uztailaren 30ean Madrilen izandako gertakarietan». Baina, gainera, gutxienez bi egileren parte hartzea aintzat hartzen du Lakuak agindutako azterketak: Mikel Lejarza infiltratutako agentea -ETAko kideen aurrean Gorka eta Espainiako Zerbitzu Sekretuetako kideen aurrean el Lobo ezizenez ezaguna- eta Jorge Cabezas polizia-komisarioa.

Bi izen horiek jaso ditu familiak eta GEBek aurkeztu duten kereilak ere, Mujikaren heriotzan ardura izan zutela ebazteko nahikoa froga daudela sinetsita. Lejarzaren kasuan, «komunikabideetan eta ekoizpen editorialetan, gizon batek bere burua identifikatu du, eta gertakarien erantzule dela adierazi», gogoratu zuen Behatokiak. Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Lejarzak berak hala adierazi zuen: «Berriro egingo nuke». Bestalde, “Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista” (2003) liburuan Cabezasek adierazi zuen legazpiarraren heriotza eragin zuen Poliziaren operatiboan parte hartu zuela.

Bi polizia hauez aparte, honakoen kontrako akusazioa ere jasotzen du kereilak: A.G.L., J.M.R.G., M.C.A. eta J.L.C.C. inizialak dituzten Polizia Armatuko kideak; Jose Garcia Hernandez orduko Gobernazio ministro espainiarra; Polizia Antiterroristako zortzi inspektore; Mujika eta bere kideak jazarri zituzten hamasei agente; eta «salatutako egitateekin zuzeneko edo zeharkako esku hartzea izan duten eta ikerketan egile edo partaide gisa erantzule diren pertsona guztiak».

EZ DA PRESKRIBATZEN

Giza Eskubideen Behatokiak zehaztu zuenez, Josu Mujikaren heriotza erregimen frankistaren gizateriaren aurkako urraketen testuinguruan gertatu zen eta, Memoria Demokratikoari buruzko legearen arabera, gizateriaren aurkako, genozidioko eta torturako egitate fisiko horiek «preskribaezinak eta amnistiaezinak» dira. «Beraz, uste dugu badela garaia zigor arloko justiziak bere izena ohoratzeko Estatuaren aparatuei egotz dakizkiekeen giza eskubideen urraketa larrien biktimen aurrean», adierazi zuen.

GERTAKARIAK

Josu Mujika legazpiarra tiroz hil zuen Poliziak 1975eko uztailaren 30ean. Urtebete lehenago sartu zen ETA (pm)-n, eta hil zuten egunean Madrilen zegoen, erakundeko honako kideekin batera: Felix Egia Intxaurraga, Peli; Jose Maria Lara Fernandez, Txepe, eta Mikel Lejarza polizia infiltratua.

Autoa gidatzen ar≠≠i ziren Castellana pasealekuaren albotik, Polizia Armatuaren zenbait patruila kontrako norabidean zetozela konturatu zirenean. Autotik irten ziren eta ihes egiten saiatu, baina Poliziak Mujika atzeman zuen eta tiroz hil zuen. Mujikak ez zuen arma erabiltzeko imintziorik egin, eta litekeena da armarik ez izatea soinean.