GARA
DONOSTIA

Zuzendaritzaren proposamena baztertu dute Cementos Rezolan

Añorgako Cementos Rezolako langileek asanblada egin zuten joan zen ostiralean, zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena aztertzeko. ELAk ohar batean adierazi duenez, aho batez baztertu zuten eta, horrenbestez, greba mugagabearekin jarraituko dute. Langileek ohartarazi dute borondatezko irteerak bermatzen ez diren bitartean ez dutela onartuko enpresaren proposamenik.

Ekainaren 28tik greba mugagabean daude, Heidelberg Materials enpresako zuzendaritzak 56 langileri eragingo liokeen lan erregulazio espedientea iragarri ondotik. Jakinarazi dutenez, oraingoz 56 irteeratik 54ra txikitzea lortu da, eta aurrejubilazioa 54 urtean kokatzea. Hala ere, langileek «garbi dute ez dela aski».

Sindikatuek dokumentu bat aurkeztu dute, «frogatuz 24 langile gehiago geratzea beharrezkoa dela Añorgako lantokiak etorkizuna izan dezan». Horrekin batera, ezinbesteko baldintzatzat jotzen dute irteerek borondatezkoak izan behar dutela.

Enpresaren azken proposamenak, ordea, «ez du borondatezko irteerarik bermatzen, ezta Añorgako lantokiko txanda bakoitzeko langile kopuru nahikoa ere».

Gaur bertan egingo dute kontsulta epeko azken bilera.