GARA
BILBO

Hamar urtean euskal kostaldeko hondartzak galtzen hasiko dira

Aurreikuspenen arabera, itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean eragina izango du. Era berean, mende amaierarako, «Bilbo bezalako hirietan itsasoak 40 metro baino gehiago irentsiko ditu itsasertzean», Greenpeacek kostaldeko etorkizun hurbileko mehatxuei buruz atzo argitaratutako txostenak ohartarazi duenez.

Gorlizko hondartzaren artxiboko irudia.
Gorlizko hondartzaren artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Greenpeacek “Crisis a toda costa 2024. Análisis de la situación del litoral ante los riesgos de la emergencia climática” txostena aurkeztu zuen atzo. Bertan, etorkizun hurbileko mehatxuen aurrean kostaldeak duen egoeraren erradiografia egin du eta nabarmendu du Euskal Herriko kostaldea ez dela salbuespena. «Ez dago kostaldeko eskualderik arriskuan ez dagoenik gehiegizko urbanizatze eta azpiegiturengatik, kutsadurarengatik, hesi artifizialak eraikitzeagatik, baliabide naturalak xahutzeagatik edo ibai ibilguak bideratu, lurperatu eta desbideratzeagatik», adierazi zuen erakundeak ohar baten bidez.

Arrisku horrek bertan bizi direnei zuzenean eragingo diela ohartarazi du. «Jarduera horiek guztiek desorekak eragin dituzte, eta, horren ondorioz, hondartzek atzera egin dute eta galdu egin dira, eta, horiekin batera hondartzek betetzen duten babes-hesi funtzioa. Hori arriskutsua da itsasertzean bizi diren milioika pertsonentzat». Itsasoaren maila igotzeak, NASAren aurreikuspenen arabera, kostalde osoan hondartzen galera ekarriko du. Aurreikuspenen arabera, itsas mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70ean eta Bizkaikoen %45ean eragina izango du. Mende amaierarako, «Bilbo bezalako hirietan itsasoak 40 metro baino gehiago irentsiko ditu itsasertzean», ohartarazi du txostenak.

«Hamarkadatan kostaldea nahieran desitxuratu dugu, baina horrek jada ez du gehiago funtzionatzen. Jada ez diogu arazoari aurrea hartzen, hemen baitago jada, eta konponbideak premiaz martxan jarri behar dira. Atzerapen orok kostu ekonomiko eta giza kostu handiagoak eragingo ditu», azaldu zuen Maria Jose Caballero, Estatu espainoleko Greenpeaceko Kosten arduradunak, zeinak Urdaibaiko Biosfera Erreserban egin nahi den Guggenheim museoa ere hizpide izan duen. «Balio ekologiko handia du alderdi horrek, eta, gainera, turistifikazioak kalte egingo lioke». Era berean, «beste puntu beltzetako bat» bezala definitu zuen Petronorrek Barbadun itsasadarrean duen planta. «Bi aldrebeskeria horiekin bat egiten dute Lemoizko zentral nuklearraren lurretan arrain haztegi bat eraikitzeko eta Getarian hegalaburra gizentzeko ustiategiaren proiektuek».

TURISTIFIKAZIOA

Honekin guztiarekin batera, «Kantauriar isurialdean hedatzen ari den turistifikazioan» ere arreta jarri du Greenpeacek. «Dagoeneko Donostiari eragiten dio, eta neurri txikiagoan Bilbori. Urdaibaiko proiektuaz gain, beste puntu batzuk ere fenomeno beraren eraginpean daude, hala nola Santa Klara uhartea edo Gaztelugatxeko Doniene, mugarik gabeko bisitarien toki erakargarria bihurtuta».