Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altunak eta Iztuetak bikotea osatzeko ez dute denborarik behar izan

Elizondon, Laso inspiratu batek eta Tolosa sendo batek azkar hautsi zuten lehia (11-3); Peñak eta Bikuñaren ordez aritu zen Arangurenek lortu zuten hiru tantotara hurbiltzea (14-11), baina hortxe geratu ziren, eta punturik gabe jarraitzen dute.

Unai Laso oso inspiratuta aritu zen atzo Elizondon, Tolosa sendo batek lagunduta.
Unai Laso oso inspiratuta aritu zen atzo Elizondon, Tolosa sendo batek lagunduta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jokatutako bi partidak irabazita, Altuna-Iztueta eta Laso-Tolosa bikoteek oso ondo bideratua dute udako Masterseko finalerdietarako bidea, printzipioz faboritoen artean agertzen zen Peña-Zabaleta bikoteari -etxarrendarrak oraindik ez du jokatu, eta atzo bere ordezkoa den Bikuña ere ez zen Elizondon izan- bi puntutako aldea atera baitiote, bost jardunaldiren faltan. Ermuko eta Elizondoko partida emaitza beraz amaitu ziren, nahiz norgehiagoka oso desberdinak izan ziren. Lehenengoan, gipuzkoarrei kostatu egin zitzaien partida haustea, baina Altuna errematean asmatzen hasi zenean, azkar ihes egin zuten markagailuan. Baztanen, aldiz, Laso inspiratu eta Tolosa sendo batek hasiera-hasieratik ihes egin zuten (11-3). Peña-Arangurenek partida ia orekatzea lortu zuten erdi aldera, hiru tantotara hurbilduta (14-11), baina ez zuten berdinketarik lortu. Hantxe bukatu zen haien suspertzea, ez baitzuten beste tantorik lortu.

Biak oso pilotariak izanda, espero zitekeen Altuna-Iztueta formulak egoki funtzionatzea -are gehiago amezketarrarekin atzelari guztiek hobera egiten dutela jakinda-, baina atentzioa ematen du nola elkar hartu duten jokatutako bi partidetan.

Ikusteko zegoen tolosarrak nola erantzun zezakeen lehen mailan jokatutako lehen partida hauetan eta, momentuz, bere erantzuna primerakoa izan da. Egia da oraindik ez duela jotzaile handi baten aurka jokatu -hurrengo astean izango du Mariezkurrenaren aurkako lehia-, baina Martija eta Imaz bezalako bi atzelari segururen aurka, gazte batek parean izan ditzakeen zailenetakoak, primeran aritu da, gehiegi galdu gabe, pilota oso ondo astintzen.

Atzo Ermuan, esaterako, Altunaren hasierako zalantzen artean -txapeldunari kosta egin zitzaion tantoak amaitzea eta lauretan bera izan zen egindako tanto bat zenbatzen azkena (7-6koan bi paretaz lortutakoa)- ondo eutsi zion tolosarrak bikoteari eta, behin amezketarrak bere erremateak zehaztea lortu zuenean, erraz ihes egin zuten markagailuan.

Partidaren lehen heren horretan eutsi zioten Zabalak eta Imazek, baina Altunak gora egin zuen neurri berean edo paretsuan, lehiatik irten zen aurrelari errioxarra. Pilotak gainera botata, gipuzkoarrak etengabe bilatu zuen Zabala eta, partidaren aginte makila eraman ezinik, desesperatu egin zen Logroñokoa, erasoan baino gehiago defentsan aritzera behartuta.

Seinako berdinketaren ondoren, 8-0ko partzial batekin hautsi zuen norgehiagoka bikote gipuzkoarrak, eta lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuen bikoteak ez zuen inolako erantzuteko gaitasunik izan.

LASO, INSPIRATUTA

Unai Lasok inspirazioa berreskuratu zuen Elizondon, eta bera izan zen partidako protagonista, orotara 13 tanto lortuz (sakez 1, airez 5, moztuta 2 eta atzean beste bi) eta bi pilota galduz. Xabi Tolosak ere partida oso serioa jokatu zuen, eta aurkariak baino askoz bikote sendoagoa osatu zuten, merezitako garaipena eskuratuz.

Baikoko bikote gipuzkoarrean Arangurenek ere partida orekatua jokatu zuen ordezko lanetan, baina Jon Ander Peña izan zen gorabeherak izan zituena. Sei tanto egin zituen tolosarrak, hauetariko lau airez, baina galdu ere beste hainbeste egin zituen, gehitxo parean zuen bikote seguruaren aurka.