26 JUL. 2024 AZKEN PUNTUA Ba al da udarik? Iker IBARLUZEA Meteorologoa Ekainak azken hilabete luzeetako joera hautsi zuen tenperaturaren aldetik, eta aspaldiko partez batez bestekotik behera kokatu zen gure lurralde osoan zehar, non hori gutxi ez eta prezipitazio aldetik ere emankorra izan zen. Uztailan denetik izaten ari da. Egun motelak eguzkitsuekin tartekatuz doaz, nahiz eta joera txiki bat hartu duen egonkortze aldera eta eguzki gehiago izate aldera. Tenperatura aldetik Kantauriar isurialdean balore normaletan dabil, eta Mediterraneo isurialdean eta bereziki Ebro bailaran zertxobait gorago. Prezipitazio aldetik lehor samar doa. Joeraren arabera, uztaila halatsu amaituko dugu, tenperatura nahiko normalekin eta prezipitazio eskasiarekin. Eskerrak udaberri amaiera eta uda hasiera emankorrak izan ziren. Galdera da: benetako uda etorriko al da? Galdera horri erantzutea oso-oso zaila da. Momentuz badirudi ipar isurian behintzat ez dela bero handirik izango egun mordo batean, ipar haizea agintari izango baita. Hego isurian, aldiz, egun solteetan eman daitezke tenperatura altuak, baina ezer berezirik gabe. Jendea kexu da aurtengo udarengatik, baina daukagun hau askoz hobea da orain bi urtekoa baino. Hura infernua izan zen. Eguraldi kontuetan gizakiak memoria kaxkarra dauka, eta askotan azkarregi kexatzen gara.