GARA Euskal Herriko egunkaria
EL ENCARGADO (3. DENB)

Ironia, umorea eta suspensea


Eliseo atezaina protagonista duen “El encargado” telesailaren hirugarren denboraldia iritsi da. Suspensezko generoaren zertzelada batzuk dituen arren, telesail dibertigarria eta ikuserraza da.

Buenos Aires hirian girotua, klase altuko eraikin batean lan egiten duen Eliseo atezainaren istorioa azaltzen du. Eliseo atsegina da, adeitsua, baina istorio honetako ustezko heroia gaizkilea ere bada aldi berean; bere ohiko jarduna burutzeaz gain, bertako jabe eta maizterren sekretu guztiak biltzen ditu, bakoitzaren bizitza pribatuan murgiltzen da eta informazio horrekin zalantzagarriak diren akordioak egiten ditu. Atezaina da, baina baita zelataria eta espioia ere. Premisa nagusi horretatik gatazka nagusi bat ere jaioko da: ez du lanik gabe geratu nahi eta horretarako eskura duen “botere” hori guztia bere mesedetan erabiltzen saiatuko da.

Eliseo atezainaren rola jokatzen Guillermo Francella topatuko dugu; lan ederra egiten du, oso dibertigarria baina baita apur bat aztoragarria ere. Berarekin batera, Gabriel Goity, Moro Anghileri, Gaston Cocchiarale, Pochi Ducasse eta Maria Abadi aktore argentinarrek ere lan nabarmena egiten dute.

MARIANO COHN ETA GASTON DUPRAT

. Ia banaezina dirudien bikote hau Argentinako zinema- eta telebista-zuzendari eta -ekoizle diren Mariano Cohn eta Gaston Dupratek osatzen dute. Abierta izeneko telebista konpainia ekoizlearen jabeak dira. Beraien lehen lanak bideoartea eta zinema esperimentalarekin lotuak zeuden arren, apurka publiko orokorrari zuzendutako ekoizpenak egin dituzte. “El hombre de al lado” ekoizpenarekin egin ziren bereziki ezagunak eta beraien estiloaren oinarriak finkatzeko balio izan zuen film horrek: umore beltza eta konbentzionalismoarekiko kritika ia filmografia osoan zehar topa daitezkeen osagaiak dira. “El ciudadano ilustre” filmarekin nazioarteko arrakasta lortu zuten eta Oscar Martinez aktoreak, gainera, Veneziako zinema jaialdian saria irabazi zuen. Geroztik “Competencia oficial” filmak eta “Nada”, “Bellas Artes” eta, jakina, “El Encargado” telesailek arrakasta nabarmena izan dute.