GARA Euskal Herriko egunkaria

Irakurri behar ez diren letrak Ekain galerian, Begiaundi Press-en eskutik

Ikerkuntza eta esperimentazio grafikoa ditu oinarri Jose Luis Lanzagortak sortutako Begiaundi Press tailerrak. Bertan egiten denaren lagin bat ikus daiteke Donostiako Ekain galerian.

Erakusketa irailaren 8ra arte egongo da ikusgai. Jon URBE (FOKU)

Hamar urte bete ditu aurten Jose Luis Lanzagortak sortutako Begiaundi Press ikerkuntza eta esperimentazio grafikora bideratutako tailerrak, eta, efemeridearen karira, erakusketa berezia antolatu dute Donostiako Ekain galerian.

Bertan aurkeztu dute ‘‘A-Z’’ edizio berria eta, Ekain-ekoek azaldu dutenez, erakusketa aretoa «tipografia erabiliaz inprimatuta dauden letraz bete da; irakurri behar ez diren letrak dira, seiehun karaktere baino gehiagok osatzen duten bilduma», zehaztu dute.

Hitzik osatzen ez duten tipografiak izanda ere, «arkitektura garbia» erakusten dutela nabarmendu dute eta «letra bakoitzak bere ezaugarriaren bitartez adierazteko bidea» bilatzen duela ziurtatu: «Espresionismo tipografiko librea, familia desberdinetatik sortua; erromatarrak, egiptoarrak edo geometrikoak, kondentsatuak, hedatuak, finak edo lodiak».

BI BILDUMA IKUSGAI

Erakusketan bi bilduma jarri dituzte ikusgai. Alde batetik, Begiaundi Press bildumako tipografia prentsaz eta bi kolore kapa erabilita sortu direnak eta, bestetik, zortzi 100 zizeroko (45 cm) egurrezko tipo, kolore kapa bat erabiliz ekoiztu direnak. Zehaztu dutenez, egurrezkoak Bilboko Graficas Mercuriok, Felipe Aurtenetxek eta Elena Usabiagak oparitutako tipoak dira.

‘‘A-Z. Begiaundi press’’ erakusketa Donostiako Ekain Arte Lanak galerian (Iñigo kalea, 8) egongo da ikusgai, irailaren 8ra arte.