Duke Kahanamoku: igerilaria, baina surfaren lehen enbaxadore olinpikoa
Igerilaria izan arren, Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehen surflaria izan zen. Hainbat domina olinpiko irabazi zituen igerian eta surfa mundu osoan ezagutarazi zuen baina, batez ere, desagertzear zen «erregeen kirola» berpiztu zuen hawaiiarrak.
Urte asko behar izan ziren surfa kirol olinpiko izateko; alabaina, duela ehun urte baino gehiago jada surfak bazuen ordezkari olinpiko bat; Duke Kahanamokuk hainbat domina irabazi zituen Olinpiar Jokoetan eta sasoi batean munduan parekorik ez zuen igerilaria izan zen, Johny Weismuller-ek (geroago Tarzan antzeztu zuen aktore famatuak) 1924an Parisen egin ziren Olinpiar Jokoetan hawaiiarra garaitu zuen arte. Hortik aurrera, Duke surfaren munduko enbaxadore bilakatu zen.
Hawaiiarrak desagertzear ziren garaian jaio zen Duke. Surfa ere desagertzear zen, moral puritanoak ez baitzuen begi onez ikusten larrugorrian itsasoratzea. Eta, gainera, Dukek larru beltza zuen. Munduko igerilari hoberena zelako errespetatu zuten, haren irudia erabili zuten eta «estatubatuar bilakatu» zuten. Dukek bere azalean sufritu behar izan zituen arrazakeria, klasismoa eta kolonizazioa, baina ez zen enfrentamendu zalea eta beti jarrera atseginarekin erantzuten zuen. Horrela zabaldu zuen mundu osoan «aloha izpiritua».
Tentsio handiko momentu politikoan jaio zen Duke, 1890eko abuztuaren 26an, baliabide askorik ez zuen familia batean eta bizi izan zen artean ez zen inoiz aberatsa izan, baina paradoxikoki oparitu zioten Rolls Royce autoko atea irekitzen ari zen unean bihotzekoak jota hil zen Honolulun, alegia, bere jaioterrian, Hawaiiko Oahu uhartean.Duke lehen hawaiiarra izan zen bere aberria ordezkatuz urrezko dominak irabazten eta, alderantziz, 1959. urtean, Hawaii AEBetako 50. estatu bilakatu zen eta Duke Hawaiiko “Aloha” enbaxadore izendatu zuten. Artean, igeri egiteko modua irauli zuen, hainbat domina irabazi zituen, eta surfa ezagutzera eman zuen, baina horretarako Hawaiiko antzinako usadioak eta izaera saldu behar izan zituen. Alegia, Hawaiiko arimak bizirauteko, berau eraldatu behar izan zuen.
SURF MODERNOAREN AITA
Dukek arbasoengandik ikasi zuena ez zen egun ezagutzen dugun surfa; surfaren egiazko sustraiak ezagutzen zituen. Taulak egiteko modua eta olatuen gainean aritzeko teknika egungoaren oso bestelakoak ziren. Hori guztia Tom Blake ezagutu zuenean aldatu zen. 1932. eta 1961. urteen artean sorosle lanetan elkarrekin aritu ziren Blake eta Duke eta hor sortu zen egun “surf” gisa ezagutzen dugun diziplina.
Tom Blake aitzindaria izan zen gauza askotan, esaterako, AEBetan jaio eta Hawaiin bizitzen hasi zen lehen surflaria izan zen, baita Hui Nalu elkarteko lehen kide atzerritarra ere, baina azpimarragarriena bere taulen diseinuek izan zuten eragina da, paradigma aldaketa bat gertatu baitzen.
He’enaluaren oinarria gizakia eta natura fusionatzea zen, olatu gainean zihoana olatu bilakatzea. Dukek olatu gainean ibiltzen irakatsi zien amerikar eta australiarrei, baina hauek beren modura ulertu zuten olatu gainean ibiltzeko artea. Aurrerantzean helburua olatua menderatzea izango zen eta horretarako taulak egokitu behar ziren. Usadioak alde batera utzita, taula “egokiagoak” egiten hasi zen Blake.
Honoluluko Bishop museoan Hawaiiko erregeek antzina erabili zituzten olo taula luzeak zeuden eta Blakek arretaz aztertu zituen. Bi urte geroago museoko arduradunek taula haietako bat zaharberritzeko lana eskaini zioten, baina Blakek erreplika arinagoa egin zuen. Horretarako, hamabost oineko (4,5 metro) taulari ehundaka zulotxo egin zizkion gainaldean, eta gero, egurrezko geruza fin batekin estali zituen.
Hortik aurrera taula arinagoak egiten hasi zen teknika desberdinekin eta 1935. urtean lehen aldiz lema bat ezarri zuen taula baten atzealdean. Horrela, Blakek erabat irauli zuen hawaiiarren antzinako kirola eta «surf modernoa» jaio zen.
IGERILARI ETA SURFLARI
Duke Paoa Kahinu Mokoe Hulikohola Kahanamoku 1890eko abuztuaren 24an jaio zen; alegia, David Kalakaua erregea hil baino hilabete batzuk lehenago, eta tentsio politikoa zen nagusi Honolulun. Bost anaia eta hiru arreba zituen Dukek, bere aita polizia zen eta bere ama, berriz, erlijiozalea zen. Olinpiar Jokoetan bost domina irabazi zituen igeri egiten, aktore lanetan aritu zen zenbait filmetan, negozio gizona ere izan zen eta politikan ere aritu zen, baina ez zen inoiz diruduna izan.XIX. mendearen amaierarako misiolariek ia guztiz ezabatzea lortu zuten hawaiiarren kirola zen he’enalu delakoa. Gutxi batzuk baino ez ziren ibiltzen zurezko taula astunekin Waikikiko olatuetan eta Duke haietako bat zen.
Oinarrizko irakaskuntza amaituta, eskola industrialean hasi zen, baina ez zen graduatzera iritsi, familiak ikasketak ordaintzeko behar adina diru ez zuelako. Etxean laguntzeko egunkariak saltzen, izotza garraiatzen eta zapatak garbitzen egin zuen lan.
Munduko errekorra lortu zuen modalitate librean igerian 21 urterekin. Ehun yarda 4,6 segundoan egitea lortu zuen, baina bidea zehazteko erabiltzen diren buiak oker zeudela esan eta emaitza baliogabetu zuten epaileek.
Urte bat geroago, 1912. urtean, bandera hawaiiarraren ohoretan historia idatzi zuen Dukek, Stockholmen izan ziren Olinpiar Jokoetan estilo libreko ehun metrokoan urrezko domina irabazi eta 800 metroko igeriketa lehiaketan zilarrezko domina eskuratu zuenean.
Herrialde askotara bidaiatu zuen igeri egiteko zuen estilo propioa erakusteko. “Kahanamoku Kick” (Kahanamokuren ostikada) deitzen zioten bere estiloari. Egun, «crawl» teknika bezala ezagutzen den igeri egiteko modua zen berea. Antza, aurrez iparramerikar batzuek ere antzeko teknika erabili zuten, baina mugimendu bortitzak eta ura mugitzeko modu hori itsusia zenez, “estilo britainiarra” ez zela esan zuten eta horrela igeri egiteari utzi zioten.
Hainbat domina irabazi zituen Anberesen 1920an eta Parisen 1924an. Horrekin batera, Hollywoodeko filmetan agertzen hasi zen, baina ez zuen diru asko irabazten eta hainbat lan egin behar izan zituen; hala nola mekanikari eta sorosle aritu zen.
1914an Duke munduko igerilari ezagunenetakoa zen eta maiz gonbidatzen zuten igeriketa erakustaldiak egitera. Sydneyra joateko gonbita Cecil Healy igerilariak igorri zion. Healyk bigarren postua eskuratu zuen Dukek ehun metroko igeriketa lehiaketan urrezko domina eskuratu zuenean, eta, beraz, elkar ezagutzen zuten. Hala ere, ofizialki, gonbidapena Australiako Igeriketa Elkarteak egin zion.
Mundu osoak zekien Duke igerilari aparta zela, baina australiarrek Dukek olatu gainean egiten zuen kirol bitxi baten berri ere bazuten, eta, surf taula ekarri ote zuen galdetu zioten. Australian surf taulak ez zeudela baimenduta uste zuen Dukek eta horregatik ez zuen taula eraman, baina Freshwater hondartzako sorosleen elkarteko kideekin elkarlanean, abenduaren 20an taula bat nola egiten zen irakasten hasi zen. Bi egun baino ez zituen behar izan taula egiteko. Izan ere, abenduaren 22ko prentsak hurrengo egunerako surf erakustaldi bat iragarri zuen. Horrela, 1914ko abenduaren 23an, asteazkena, goizeko hamaiketan egin zen hainbeste ikusmin piztu zuen Dukeren erakustaldia.
Ikusleen gozamenerako abileziaz menderatzen zuen zurezko taula astuna hawaiiarrak. Momentu batean, Isabella Lethman 16 urteko neskatoa gonbidatu zuen berarekin surf egitera. Elkarrekin olatuak hartu eta tandemean surf egiten aritu ziren biak, eta horrela, Australian surf egin zuen bertako lehen surflaria bilakatu zen Lethman.