Gaizka IZAGIRRE
THE FIRST OMEN

Perbertsoa, gordina eta oso iluna

The Omen” (1976) film klasikoaren prekuela da honakoa. Istorio horretan hau kontatzen zen: emakume bat hildako haurtxo batez erditzen denean, senarrak emazteari egia ezkutatu eta honek jakin gabe euren hildako haurra haur umezurtz ezezagun batengatik ordezkatuko du. Amesgaiztoa Damien izeneko haurraren 5. urtebetetzean hasiko da; izan ere, ume hori antikristoa dela dirudi.

Arkasha Stevenson-ek zuzendutako “The First Omen”-ek, istorio horren aurretik gertatu zena azalduko du. Margaret izeneko nobizia estatubatuar bat erromatar komentu batera iritsi berri da, -‘‘Servant” telesailean ezagutu nuen Nell Tiger Free aktorearen lana aparta iruditu zait- eta erlijiozko bizitzan guztiz sartu aurretik iniziazio- eta proba-aldia burutu beharko du. Iristen den unetik gauza bitxiak gertatuko dira. Gidoia aurreikus daiteke eta deabru, eliza eta naturaz gaindiko gaiei buruzko filmen topikoz josia dago. Alde horretatik, ez du ezer berritzailerik proposatzen, baina zeinen ongi erabiltzen eta zukutzen dituen topiko horiek guztiak. Perbertsoa, gordina eta oso iluna iruditu zait; beldurrezko filmetan horrelako erabaki formalen falta handia sentitzen dut azkenaldian eta honek asebete nau.

70-80ko hamarkadako beldurrezko film ugariekin batera hazia naiz, eta honek “The Exorcist” edota “Poltergeist” izenburuek utzi zizkidaten arrastoak utzi dizkit; hori asko esatea da. Beste garai bateko filmak dira, baina barrenak nahasteko gaitasuna dute oraindik ere eta honek ere lortu du. Tonua, atmosfera eta eszenaratzea bikainak dira; bisualki izugarria iruditu zait.

Berriro diot ehunka aldiz ikusi dugun istorioa duela oinarri, eta muinean ez duela eztabaida eragin dezakeen gai oso mamitsurik, baina beldurraren zaleak garenontzat karamelu bat iruditu zait; asaldatzailea da, eta beldurra ematen du.