GARA Euskal Herriko egunkaria

Negoziaziorako prest, Arabako suhiltzaileek greba bertan behera utzi dute


Arabako foru suhiltzaileen langile-batzordeak bertan behera utzi du joan den uztailaren 15ean hasitako greba, Gasteizko epaitegi batek udako hilabeteetan egutegia aldatzeko eta langileen prestutasuneko agindua kautelaz indargabetzea erabaki duela-eta. Aldi berean, hitzarmen bat negoziatzeko prest jarraitzen dutela jakinarazi dute.

Atzo erabaki horren berri emateko plazaratutako prentsa oharrean ziotenez, epaitegiak aintzat hartu du ELAk eta LABek zerbitzu-agindu horren aurka kautela handiko neurriak hartzeko egindako eskaera. Izan ere, zerbitzu-agindu horrek eragin zuen lan baldintzak arautzeko akordiorik eza eta plantilla handitzeko beharra salatuz hilabeteak daramatzan kolektiboaren greba deialdia.

«Zerbitzu-agindua indarrik gabe geratu denez, greba deialdia kentzea dagokigula uste dugu», adierazi zuten bi sindikatuok, eta azpimarratu zuten Arabako foru suhiltzaileek «hilabeteak daramatzatela erantzukizunez jokatzen».

Aldarrikapenei eusten dietela eta aldi berean «benetako negoziazio baterako irekita» jarraitzen dutela nabarmendu zuten sindikatuek, baina «inposaketen aurrean» planto egingo dutela argi utzi zuten.