GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peña-Bikuñaren eferbeszentzia ongi surfeatu zuten Jaka-Martijak Biarritzen

Bikote gipuzkoarra askoz entxufatuago sartu zen partidan, eta, 4-9 eta 8-12 aurreratu ziren arren, bigarren txanpan aurkarien mende izan ziren. Horrenbestez. punturik batu ezinik jarraitzen du Mastersaren hasieran faborito bezala agertzen zen bikoteak.

Behetik gora, nabarmen, partida ederra osatu zuen Julen Martijak Biarritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Biarrizko kostaldea izan zen, joan den mendeko erdialdera, surfa Euskal Herrira sartzeko bidea, eta gurean gaur egun horren errotua dagoen kirol hartako aitzindari haiek euren ohol pisutsuez olatuekin egin bezala, Jaka-Bikuñaren aparra menderatuta, puntu garrantzitsua eskuratu zuten atzo Jaka-Martijak Lapurdiko kostaldean, hasieran oso maldan gora jarri zitzaien partida iraulita. Artekaririk gabeko kontrakantxek eta oihurik gabeko egurrezko harmaila ederrez harago, Hendaiakoa bezala, bere lurraren bizitasunak berezi egiten du, Plaza Berri dotorea, erasorako kantxa oso egokia dela, baina partidei eusteak, aurpegirik ez galtzeak, sarri txispak adina, edo gehiago, balio dezakeela erakutsi zuten bi pilotari zailduek, hasieran txapelketa irabazteko faborito garbia zen bikoteari -Zabaletak oraindik jokatu ezinik jarraitzen du- Nafarroa Arenarako bidea dezente zailduz, bai behintzat finalerdietarako zuzenean sailkatzekoa.

Sakea lagun, urdinek askoz indartsuago ekin zioten partidari. Konturatzerako, bost tantoren aldea ere eskuratu zuten (0-5), tanto oso bizkorrekin. Lur biziko pilotalekua da Biarrizkoa, lehenengo ematen duenak bidearen zati handi bat eginda duen horietarikoa, eta Jon Ander Peña gatz handiarekin hasi zen, errematean oldarkor eta zorrotz. Binakakoan erakutsia zuen tolosarrak azken bi urteetan Hendaiako Daniel Ugarten halako kantxa bizkorretan inor baino hobeto moldatzen dela. Atzo ere partida bikaina jokatu zuen, azken txanpara arte bai behintzat, pilota bizi ibiliz eta, batez ere, akats oso gutxi batuz. Bakarra egin zuen Baikoko aurrelari gipuzkoarrak, partidako 21-17koa, bolea bat txapapera botaz.

MARTIJA, BEHETIK GORA

Atzean ere Iñigo Bikuña agintzen hasi zen. Donostiarrak ez zuen bigarren jardunaldian jokatu, eskuko zainen bat lehertuta, baina atzo beldurrik gabe sartu zuen eskua eta eskuinez ondo gozatu zuen, nagi antzean hasitako Martija baten aurrean. Bezperan jokatutakoa zen Etxeberrikoa eta kosta egin zitzaion partidan sartzea, Jakari protagonismo gutxirako aukera emanez.

Hala ere, atzelari nafarra pixkanaka partidan sartzen joan zen, batez ere pilota ezker paretara ondo baztertuz, baita aleren bat errebote zuloan sartuz ere, eta markagailua orekatzeko modua lortu zuten gorriz aritu zirenek. Pilotak gastatu ziren heinean, Martijak askoz gehiago agindu zuen atzean, eta horrek erasoan aritzeko aukerak ere biderkatu zizkion ordura arte nahiko oharkabean aritu zen Erik Jakari, eta, motzean, eraginkortasun handiarekin aritu zen lizartzarra.

Hori bai, bi aldiz gerturatu arren, kosta egin zitzaien markagailuan lehen aldiz aurreratzea -15-14koan egin zuten-, Erik Jakak ezker gantxoz bikain gurutzatutako pilotakada batekin. Partidaren bigarren erdi horretan erabat aldatu zen partidaren dinamika, eta behetik gora etorritako bikoteak hartu zuen jokoaren ekimena. Erik Jakak ondo ulertu zuen garaipena Bikuñaren ezkerra bilatzean egon zitekeela, eta, ohikoa duen eran aurrean nahastea eta azkar erabakitzea baino, nahiago izan zuen askotan pilota atzera luzatuz, Martijari donostiarra zigortzen lagundu.

Era horretan Peñari jokoan sartzeko aukera askoz zailagoak utzi zizkioten eta, partidaren amaiera horren ikusgarria izan ez zen arren, puntuaren balioak ona egin zuen irabazleek hartutako estrategia.

10 EGUNEKO ETENA

Astelehenean hasiko den Gasteizko Andra Mari Zuriaren ferian Jose Javier Zabaleta da, osatzen bada behintzat, bi bikote hauetako titularren artean izendatutako bakarra. Beraz, Mastersak 10 egunetako etena izango du atzo Biarritzen aritutako pilotarientzat.

Peña-Zabaletak abuztuaren 9an dute hurrengo partida, Altuna-Iztuetaren aurka Donostiako Atano III.ean. Eta Jaka-Martijak Sunbillan jokatuko dute, 10ean, Peio Etxeberria-Mariezkurrenarekin.