GARA Euskal Herriko egunkaria
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

Triatloiko arriskua zebrabideetan zegoen

Asteartetik asteazkenerako goizaldeko lauak zirela baieztatu zen ofizialki triatloia bere osotasunean lehiatuko zela, 8.00etatik aurrera. Euriatan itzartu zen Paris; hain justu, antolatzaileen arabera, Sena ibaiko uraren kalitatea eskastu duen fenomenoa. Igeriketa ondo joan zen, baina txirrindularitzan izan ziren zailtasun gehiago, zenbait erorikorekin.

Guam uharteko Manami Iijimaren erorikoa, triatloian, Paris erdialdeko galtzada-harrietan. (Ben STANSALL | AFP)

Paradoxikoa dirudi, Senako ibaiko uraren kalitatea hobetzeko azken zortzi urteetan egindako milioika euroko inbertsioaren ondoren, azken egunetako euri jasak plan guztiak zapuztea. Ostiral eta larunbatean, kasik egun osoan, euria egin zuen Parisen. Irekiera ekitaldia ere, nolabait, eskastu zuen, baina arazo gordinena bi egun geroago etorri zen: Sena ibaiko entrenamenduak bertan behera uztea. Lehentasuna atleten osasuna dela adierazi du antolakuntzak. Eta mezuak, bere horretan, zentzua eduki dezakeen arren, belarritik tiratzeko beste zenbait arrazoi ere badaude, Marten Van Riel triatleta belgikarrak tinko esan bezala: «Kirolarien osasuna bada lehentasuna, proba hau aspaldi lekualdatu zitekeen».

Van Rielen haserrea ulertzekoa da, gizonezkoen proba asteartean lehiatzekoa baitzen, eta egun bat atzeratu behar izan zuten. Behin-behineko eguna asteazkena zen, atzo, alegia, emakumezkoen ostean. Behin-behinekoa diogu, behin betikoa, argi berdea piztu zuen erabakia, goizaldeko 4.00etan ezagutu baitzen, ohiko analisia egin eta gero. Hainbesteko zeresana piztu du afera honek -segur aski historikoa izateagatik-, zale batzuk Alejandro III zubira joan baitziren, albiste ona edo txarra edo dena delakoa gertutik ezagutzeko. Ospatzeko, azken finean, bestelako erabaki batek asko zailduko zuen antolaketaren -Frantziaren- itxura ona. Hainbeste, planto egitearen aukera ere mahai gainean baitzegoen, azkenean duatloia egiteko hautua hartuz gero.

ATERABIDE PARTZIALA

Momentuko aterabidea eman diote, oraindik triatloi mistoa eta igeriketako maratoia falta baitira. Baina, tira, momentuko oztopoa salbatuta: Sena ibaian, inguru ezin ederragoan: Eiffel dorrea aurrean, Grand Palais eskuinean, Alexandre III zubi maiestatetsuaren gerizpean... «Ez dute kirolariengan pentsatu. Eszenatokia izan da lehentasuna, polita izatea eta Sena saltzea, hori da antolatzaileek nahi zutena, eta ez dute kirolarien osasunean pentsatu», esan zuen Miriam Casillasek.

«Bainu handia» eman zuten Sena ibaian, hori izan daiteke ondorio argiena, zenbait hedabidek han nabarmendu dutena, bai eta argazkilari askok ere, kamera guztiak kirolarien lehendabiziko dzanga harrapatzeko bideratuta baitzeuden. Finean, Sena garbitzeko 1,4 milioi euroko inbertsio publikoaren ostean, euria bezalako fenomeno naturalak eragin zitzakeen zailtasunei aurre eginda, antolakuntzak bazeukan saldu nahi zuen irudia.

Begi guztiak eta kezka oro igeriketan jarri ziren, E.coli bakterioa gora eta behera. Analisiak analisi, ez dakigu kirolariengan eraginik izango duen Sena ibaiko ur tantak dastatzeak -Maider Galardi kazetariak ziurtatu zuen berak ez duela kalterik igarri urtebete pasa bainua hartu zuenetik; beraz ,sinetsi dezagun dena ongi dagoela-. Irteera historikoa izan zen triatloikoa, baina atzoko benetako arriskua bizikleta gainean etorri zen. «Zer eguraldi da hau? Ai ene! Ez zegoen aurreikusia... Kirolariek arduratzen naute, ez baita giro txirrinduan ibiltzeko, arriskutsu egongo da errepidea», esan zion kazetari ingeles batek Britainia Handiko selekzioko prentsa taldeko bati. Kezka antzematen zitzaien, Paris erdiko galtzada-harri hezeak eta lurreko pintura bustiak kaosa eragin baitzezaketen.

Bizikletan eseri, lehen pedalkadak eman eta Maria Carolina Velasquez Soto kolonbiarrak eroriko gogorra hartu zuen. Ez zen bakarra izan. Emakumezkoetan, orotara, hogei eroriko erregistratu ziren, eta lau kirolarik lasterketa utzi behar izan zuten. Gizonezkoak lehiatu zirenerako -10.45ean hasi ziren, hiru orduko aterrunearen ondoren-, errepideen egoera oso bestelakoa izan zen.

«Kaosa», «lotsagarria», «Parisko triatloia, inoizko gorabeheratsuena»... lehendabiziko erreakzioak izan ziren hedabideetako lehen lerroetan. Oso irristakor zegoen ibilbidea, bezperako kezka guztiei beste bat batuta, azken ordukoa. Artista izan behar da, gero, horrelako txapelketa batean mentalki zutik irauteko, erorikoak eroriko ere helmugara tinko iristeko.

PARISTARRA NAGUSI

Cassandre Beaugrand paristarrak irabazi zuen urrezko domina emakumezkoen proban -Alex Yee ingelesak, gizonezkoetan-, haren jaioterriko ibilbidean iaioa dela erakutsiz. Baina ez zailtasunik gabe, presioak eta ezinegonak txapeldunei ere eragiten baitie. «Bat-batean botaka egiten hasi naiz aurkezpenen aurretik. Ez zitzaidan inoiz halakorik gertatu». Etxean, Parisen, azken egunetako ziurgabetasun eta presioarekin...

Parisko alabaren garaipenak antolakuntzaren eta zaleen gozamena areagotu zuen. Triatleten artean, aldiz, polemikak ez zuen etenik -ez baten edo bestearen garaipenagatik-, igeriketako irteera baliogabetu egin zitekeelako. Polemikarekin eta haserre, baina, azken finean, dzanga egin dute Senara.