Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren sinestesiak

Fertxu Izquierdok “… eta gauetik, euria” nobelan erabili du «sinestesia» hitza. Badirudi mundu subirano eta askea ez dagoela hain urrun, sistema zapaltzaileari hortzak erakutsiz. Collage musikatua da; langileriak eta intsumisoek batera abesten dute orrialde bakoitzean. Poesia politikoak eta utopiak errealitate bihurtu ditu Fertxu Izquierdok, baina betiere fikzio errealistaren zantzuekin; eta, agian, kontatzen dituen oroitzapen kolektiboek badute alternatiba askatzaileetatik zirrikitu bat irekita pentsamendu autonomoetara, antolaketa zirkularrera. Fikzioak hausnarketarako balio digu, zer ginen azaltzeko eta gauzak nola egiten ziren argitzeko. Etengabeko musikaren zubiak eraikitzen ditu eleberriari pasio gehiago txertatzeko. Kantuak denon egunerokotasunetik gertu daude bizitzan. 1990eko hamarkadako arrazoiak bilatu ditu eleberri musikatuan (bi QR sartu ditu aipatutako kantuekin), eta, batez ere, intsumisioa goraipatzen du autogestioarekin batera. Ez ditu errekuperatu nahi iraganeko balizko iraultzak, edo irtenbideak. Amaiera zoriontsua eman dion arren, inoiz izan ezin izan zen utopiaren alde egingo du, Hakim Bay filosofoak idatzitako “Temporary Autonomous Zone” liburuan bezala. Nostalgiara ekarri nahi gaitu, agian. Gaurko gazteentzat anemonia izan daiteke (inoiz egon ez den iragan baten falta sumatzeko gaitasuna izatea; hots, bizi gabeko zerbaiten nostalgia). “Ez dago federik gabeko garaipenik, ezta iruzurrik gabeko porrotik”, esan du Rotten XIII taldeak. Musikak ez gaitu uzkailiko.