02 AGO. 2024 SAGES-FEMMES Emaginen egunerokoa G.I. HERNANI Literaturara joz gero, zorionez, nahiko erraza da, nazioartean zein Euskal Herrian, amatasuna, haurdunaldia edota erditzeari berari buruzko liburu interesgarri eta eredugarriak topatzea. Erika Lagoma eta Estitxu Fernandezen “M ama*eme* ume*”, Nahia Alkortaren “Mi parto robado” edo Goiatz Labandibarren “Amez”, batzuk aipatze aldera. Zineman, aldiz, zailagoa da gai honekin loturiko mezu ahaltsuak eta batez ere errealistak topatzen, baina zorionez, apurka bada ere, proiektu interesgarriak jaiotzen ari dira, horien artean honakoa. Bost urtez emagin gisa trebatu ostean, Louise eta Sofia lanean hasiko dira Estatu frantseseko ospitale batean. Bi emagin hasiberri horiek dira “Sages-femmes” (“Matronas”) film frantziarreko protagonistak; ‘‘munduko ogibiderik ederrena’’, diote filmaren hasieran. Jaiotzak, amatasuna eta, zoritxarrez, batzuetan heriotza tarteko, erritmo biziari aurre egin beharko dioten bi emakume. Zenbait unetan beren bokazioa ezbaian jarriko dute. Emaginen egunerokoaren eta haien lanbideak dakarren presio neurrigabearen erretratu adierazgarria osatu du Lea Fehner zinegileak. Ospitale bateko eguneroko errealitatea islatzeaz gain, osasun arretako sistema problematiko eta eskas bati dagozkion erronkak ere azaltzen ditu. Industria zinematografikoan, oro har, istorio sentsazionalistek eta gehiegizkoek gero eta pisu gehiago duten garaiotan, “Sages-femmes”-ek, ikuspegi errealista eta zehatza eskaintzeaz gainera, osasun arloko profesionalen bizitzaren ñabardura guztiak erakusten ditu. Lanbide honen erretratu egoki eta sentibera oparitu digu. LEA FEHNER. 1981. urtean Okzitaniako Tolosan jaioa, antzerki ibiltarien munduan lan egiten zuen familia batean hazitako zinemagilea da. Zinema eta gidoigintza ikasketak egin ondoren, 2000 eta 2007 artean, zenbait film labur idatzi eta zuzendu zituen; horien artean “Sauf le Silence” hainbat zinema jaialditan aukeratua izan zen. Lehen film luzea zuzendu zuen 2009an, “Qu’un seul tienne et les autres suivront”, eta Cesar sarietan bi izendapen lortu zituen. “Sages-femmes” (“Matronas”) bere laugarren film luzea da.