Zuen hurrengo adikzioa
Harrison Ford protagonista duen “Presumed Innocent” (“Presunto inocente) film mitikoa pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu dute.
Jatorrizko filma ikusi baduzu ere, moldaketa berri honekin gozatuko duzu. Asko harrapatuko zaituen telesaila da, suspense giroa etengabea delako baita gidoi biraketak ere. Eta interesgarriena zera da: liburuaren eta filmaren oinarrizko kontzeptuak hartu, eguneratu eta gai eta ideia berriak txertatu dituela Kelleyk gidoian. Emakumezko pertsonaiak, esaterako, askoz garatuago daude telesailean, eta Barbararen pertsonaiari denbora asko eskaintzen zaio; bere barne gatazkak erakutsi eta sufritzen dituen alboko kalteak eta ondorioak agerian uzten ditu. Pertsonaia nagusia desberdina da, Harrison Forden xalotasuna Gyllenhaalen testosteronaz ordezkatu dute; gizonezkoen ego mugagabea edota maskulinitate toxikoa aipatzen diren gaiak dira. Alderdi psikologikoak, oro har, presentzia nabarmenagoa du telesailean. Pertsonaia kopurua apur bat murritza da.
Gidoia zorrotza eta zehatza da. Ikusleari eskaintzen zaion informazioaren dosifikazioa oso neurtuta eta zainduta dago, ezinezkoa da hurrengo atala ikusteko gogorik ez izatea. Jake Gyllenhaalek du presentziarik garrantzitsuena, eta hamarreko lana egiten du. Anbiguotasun etengabe batean mugitzen da une oro, eta bikainki eusten dio horri. Ez dakigu erruduna den ala ez, baina, ikusle gisa, bere senide eta ingurukoei gertatzen zaien moduan, pertsonaia horrekiko mesfidantza iraunkorra da. Gainerako aktoreek ere lan ikaragarri ona egiten dute.
Thrillerrak, drama politiko-judizialak eta misterioak gustuko badituzu, “Presumed Innocent” zeure hurrengo adikzioa izango dela ohartarazten dizut.