Yasmine KHRIS
Itzultzailea
JOPUNTUA

Zuentzat larrosa gorri bat

Astebetetik gora doa Olinpiar Jokoak hasi zirenetik. Kirolaren festa, omen. Lau urtean behin gertatzen den bezala, polemika ugari piztu da denbora gutxian. Su olinpikoak Parisko zerua argitu aurretik hasi ziren, boikot kanpaina garrantzitsua martxan jarri baitzen etxebizitza espekulazio, maizterren kanporatze eta langileen esplotatze politiken aurka.

Ekuazioan ere sartu zen ibaiaren kalitatearen afera - (Senako) urak zekarrena-... Irekitze zeremonia ere jomugan zegoen eta jakin dugu duela gutxi Thomas Jolly zuzendari artistikoak salaketa bat egin zuela Interneten jaso zuen jazarpenarengatik. Kirolari dagokionez, joan den astean sareak sutan jarri zituen berri batek. Sinetsi nahi dut, irakurle hori, Imane Khelif atletarekin gertatu denaren berri izan duzula. Aljeriar boxeolariaren parte hartzeak polemika handia piztu zuen, bere kontrako eraso transfoboak tartean, nahiz eta Khelif ez den pertsona transgeneroa. Alde batera utzita Aljerian transgeneroa izatea debekatua dagoela (sexua edo generoa aldatzea ere debekatua dago eta ez dago tratamendurik sexu-trantsizioa egiteko), eskuin mutur liberalaren zati batek babestu du guztien begietara haren gorputzaren disekzio morbidoa.

Amaren hitz gazi-gozoak plazaratuko ditut hemen: «Ez dut inoiz hainbeste jende entzun aljeriar taldeari buruz hizketan». Egia. Hala ere, Mendebaldeko diskurtso mediatiko orokorrean gutxiesten den herrialdea aipatzekotan, penatzen nau inaugurazio zeremonian gertatu zenaz jende gutxi konturatu izanak. Keinu politiko indartsua eta potentzia handikoa. Baina, batez ere, espero gabekoa. Aljeriako atletek itsasontziz zihoazela baliatu zuten Saint Michel zubitik larrosa-petaloak jaurtitzeko. Izan ere, 1961eko urriaren 17an, Independentzia Gerra bete-betean, Maurice Papon prefetaren aginduetara poliziak aljeriar batzuk jipoitu eta Sena ibaira bota zituen. Gaur egun oraindik ez dago balantze ofizialik, baina 30 eta 200 hildako artean eragin zituzten, datuen arabera. Gorpu gehienak uretan desegin ziren. Urak dakarrena, eta haiekin, larrosa gorriak.