06 AGO. 2024 Ur eta barne korapiloa ezin askatuta, Parisek txalo artean agurtu du Maialen Chourraut Maialen Chourraut, kayak kros modalitateko jaitsieran. (Olivier MORIN | AFP) Ane URKIRI ANSOLA PARIS Hunkituta, buru-makur, goibel agertu da Maialen Chourraut kayak kroseko final-laurdenak jokatu ostean. Ez du lortu finalerdietarako txartela -diploma bat ziurtatuko lukeena-, hasi eta berehala atzean geratu baita. Aipatu du laugarren kale horretatik ateratzeak asko zailtzen duela lasterketa eta saiatu dela aurrera egiten, Rikarda Funk kanporatzen, «baina azkenean ni ere kanpoan geratu naiz». Hitz gogorrak izan zituen bere buruarentzat, ez duelako nahi zuen maila eman Parisko Olinpiar Jokoetan, bere bosgarren zita olinpikoan. K1 modalitateko akatsa ekarri zuen gogora, momentuan «miseria bat» sentitu zela eta horren ondorioz egun konplikatuak igaro dituela aitortzeko. Nolanahi ere, atzo bere burua zigortzeko arrazoirik ez zuela onartu zuen, kaya kros modalitatean beste ezaugarri batzuk gailentzen baitira. Gainera, «laukote izugarriarekin lehiatu naiz», esan zuen. Hain zuzen ere, Noemie Fox australiarra, Luuka Jones zeelandaberritarra eta Rikarda Funk alemana izan zituen aurrean, «asko preziatzen» dituen aurkariak. Estimu edo miresmen hori aldebikoa da, Maialen Chourrautek asko eman baitio eslalomeko piraguismoari. Gainera, lasartearrak berak onartzen du emaitzez harago doala bere ekarpena. Horren adierazle nagusia izan zen Chourrauten jaitsiera bukatuta eta finalerdietatik kanpo geratzen zela ziurtatuta, bozgorailuetatik txalo zaparrada eskatu zutela, «bost Olinpiar Jokotan lehiatu, hiru domina irabazi eta bere azken hitzordu olinpikoa izan daitekeen egun honetan». Chourraut ez omen zen horretaz ohartu baina, GARAri azaldu zionez, jakitun da honakoaz: «Eslalomaren afizioa, eslalomaren familia nirekin dudala, asko preziatzen nautela, egunero erakusten didate, beraien pena helarazi didate baita ere gaizki egin dudan momentuetan. Sekulako familiaren parte naiz, oso harro nago guztiez eta, nolabait, tratu hori itzuli egin didate». ETA ORAIN ZER? Emozio eta presio handiz bizi izan du hitzordu olinpikoa Chourrautek. K1ean finalerako sailkatu zen, baina akats batek kondenatu zuen; bi egunera, ordea, poza iritsi zitzaion, Pau Echanizen eskutik, brontzezko domina lortu zuenean -«ezin duzue imajinatu ere egin ze zaila den egin zuena egitea- eta, kayak krosean zerotik hasteko saiakera egin badu ere, «ez dira amestutako Olinpiar Jokoak izan». Nolanahi ere, «pribilegiatua» sentitzen dela nabarmendu zuen eta, modu horretan, jaso duen babesa eskertzeko tartea ere hartu zuen. Emozioak pil-pilean zituen lasartearrak eta bere alabarekin gogoratzean ezin izan zien malkoei eutsi: «Beti animatzen nau, izugarria da berak egin duen guztia ni hemen egon ahal izateko; nire inguruko guztiek dakite zenbat lagundu nauen». Une honetan «zulo batean» aurkitzen dela eta, egin duen ibilbide ikusgarriak izan behar du helduleku, argia ikusten hasteko. Ildo horretan, ez zuen bere etorkizunaren berririk eman nahi izan, «hausnarketa» soilik berea izango dela tinko nabarmenduta: «‘Orain zer’ galdetzen ari zait jendea eta lehendabiziko erantzuna da lasaitasuna behar dudala. «Orain zer egingo dudanaren erantzunak zuri ez dizu bizitza aldatuko, baina niri bai eta hori niretzat gorde behar dut, hausnarketa hori niretzat gorde behar dut. Orain zer... azken finean morbo puntu bat dauka, baina niri dena aldatu diezadake». HARRERA DONOSTIAN Hiru domina olinpikoren jabearen (brontzea, urrea eta zilarra) hurrengo geltokia Donostian egongo da, Atletico San Sebastian klubak hiru piraguistei egingo dien harreran. Pau Echaniz izango da protagonista handia, Parisen brontzezko domina kolkoratu baitu. Gaur 20.00etan dute hitzordua, Kontxako hondartzan. HAUSNARKETAMaialen Chourrautek barkamena eskatu zuen hedabideen aurrean, bai eta alboan izan dituen guztiak eskertu ere, jaso duen babes handiarengatik. «Pribilegiatua» sentitu dela adierazi zuen. Oraindik ez daki aurrerantzean zer egingo duen; hausnarketa soilik beretzat gordeko du. PODIUMANoemie Foxek irabazi du urrezko domina kayak krosean, Chourrautekin bi kanporaketetan lehiatu den piraguistak. Angele Hug frantziarrak eraman zuen zilarra eta Kimberley Woods ingelesak, brontzea.