Asier Martinez «gudarako» prest dago
Olinpiar Jokoetako emozioak modu oso gordinean agertu dituzte atletek. Prentsaurrekoak zintzoak izaten dira, erreparorik gabekoak, eta atzo txanponaren bi aldeak ikusi ahal izan genituen. Batetik, Asier Martinezen motxila askatzea, finalerdietarako txartela lortutakoan; apenas ordu bat geroago, aldiz, Tessy Eboseleren ezintasuna, finaletik at geratu ondotik.
Goizeko saioan lehiatu ziren biak, eta beste euskal atleta bat ere espero zen, John Cabang, hain zuzen ere. Azken eguneko molestiak gainditu ezinean aritu da irurarra eta beraz, atzo ez zen lehiatu. Martinez legez, 110 metro hesidunetan hitzartuta zegoen, baina Cabang ez zen kantxaratu. Hala, bere estreinako Jokoak igandeko saioarekin agurtu zituen, iriste hutsarekin handia egin duela jabetuta eta bidea disfrutatuta.
Bideaz gehiago disfrutatu nahi duena eta horretarako aukera izango duena Asier Martinez izango da. Motxila askatuta iritsi zen prentsa aretora, helburua betetzearekin kontent, nahiz eta zalantzak izan zituen sentsazioak deskribatzeko orduan.
Nolanahi dela, «gudarako» prest dago Zizur Nagusikoa, finalerdietan lehiakorra izateko gogotsu. Orain, gainera, «foku guztiak ez dira nire gainean egongo, besteengan egongo da. Beraz, ikusiko dugu nola erantzuten dudan».
19.05etik aurrera jokatuko dira finalerdietan Martinez hirugarren txandan arituko da. Txanda bakoitzeko lehenbiziko biak eta bi denbora onenak sailkatuko dira final handira. Tokion finalera iristea erdietsi zuen, eta diploma olinpikoarekin etxeratu zen.
SAILKATZEKO PRESIOAREKIN
Azken egunetan, bai eta azken hilabeteetan eduki duen presioa ere mintzagai izan du nafarrak. Buruari buelta asko eman dizkio, «agian gehiegi. «Egoera zaila izan da azken hilabete hauetan, batez ere ongi sentitzen nintzelako. Baina presioa handia zen niretzat».
Irteeran kostatu zitzaion erritmoa hartzea. Esan daiteke atzetik aurrera egiten duen atleta dela Martinez. Lasterketaren erditik aurrera hiru eta bigarren postuan kokatu zen, eta bukaeran, 13,46 segundorekin, txartel preziatua eskuratu zuen, Freddie Critenden-en atzetik eginda.
EBOSELEREN TRISTURA
Ordubete geroago negarrari ezin eutsita azaldu zen Tessy Ebosele prentsa aretora. 6,09 metroraino jauzi egin zuen, bere sasoiko markatik urrun, bai eta finalerako azken txartela eman duen zenbakitik ere (6.59). «Gaizki nago. Ez nuen hau espero», esan zuen gasteiztarrak, negarrari ezin eutsiz.
21 urte besterik ez ditu -behe mailetan Europako txapelketetako dominen jabea da-, eta azken unean sailkatu zen Pariserako. Onartu zuen badakiela «gaztea dela» eta «Olinpiar Joko hauek ez zirela» berarentzat, «baina gehiago nahi nuen», esan zuen.