09 AGO. 2024 Parrandan murgiltzeko prest dira Algorta, Ondarroa, Larrabetzu, Gernika eta Amurrio Bizkaiko herri askotan ate joka datoz jaiak. Izenean edo patroian aldea izan arren, helburu berbera dute: goizetik gauera festan blaituta gozaraztea. Abuztuaren 9tik 18ra bitartean, bata bestearen atzetik helduko dira hamaika txokotara. Amurrio jai giroz beteko dute askotariko ekimenek sei egunez. (Oskar MATXIN | FOKU) GARA GERNIKA ALGORTA San Nikolasen omenezko jaiak gaur hasiko dira. Kirolak tarte nabarmena du lau eguneko egitarauan. Musika beste ezinbesteko osagai bat da. Bai Portu Zaharreko plazan, bai agertoki handian emanaldiak egingo dituzte. Hilaren 13an amaituko dira festak. Baina aipatutakoaz gain, beste zereginik izango da lau egunotan: buruhandi eta txistularien jaitsierak, marmitako lehiaketa, zezensuzkoa... ONDARROA Hilaren 11tik 17ra izango dira andramaixak. Egun bakoitzak ezaugarritzen duen gai edo taldeak multzokatzen ditu. Kuadrillen eguna lagun taldeena da, Santa Klara jubilatuena eta Txintxirrika haurrena. Arrantzale egunean, festa amaieraren gehiena beteko duen musika da nagusi, bai Musika plazan, bai txosnetan. Andra Mari bezperan, ikurrinaren igoera eta Portuko andreei gorazarrea egingo diete. LARRABETZU Hilaren 12tik 16ra luzatuko dira festak. Lehenengo gaua diskodantzarekin hasi eta erromeriarekin jarraituko du. Andra Mari egunean dantza protagonista izango da. Azken egunean pilatuko dira ekimenetako asko: sukalki lehiaketa, giza futbolina, haur jolasak... Jai Batzordearen 20. urteurrena ospatzeko, “Correfoc” ikuskizunak gaua piztuko du Trikidantzi lekukoa emanez, haien amaierako pijama pasarela eta patata tortilla lehiaketaren aurretik. GERNIKA Abuztuaren 14tik 18ra izango dira festak. Andra Mari egunean euskal kanten kalejira, goitibeherak eta bertso saioa izango dituzte. San Roke egunean, aldiz, Gernikako Garrafie eta txistorra dastaketa. Gauean kulero, tanga eta kaltzontzilo lasterketa egingo dute parrandazaleek. Hala hasiko dute jaien azken eguna. AMURRIO Andra Mari eta San Roke 12tik 17ra ospatzen dituzte. Ehundik gora zeregin prestatu dituzte: antzerkia, kirola, karroza lehiaketa… Aurtengo berritasunetako bat Euskal Kopako goitibehera jaitsiera da. Jende gehien espero duten zuzenekoetan, Oxabi, Puro Relajo eta ETS jarriko dituzte.