GARA Euskal Herriko egunkaria

«Formak aldatzea garrantzitsua da, baina edukietara joan behar dugu»

EAEko lehendakari Imanol Pradalesen aurreneko urratsak, Abiadura Handiko Trena, Atarrabiako pilotalekuan Euskal Herriko armarria jartzearen kontrako erabaki judiziala, Lizarran txosnen aurkako erasoa... udako kontuak aipatu ditu Arnaldo Otegik NAIZ Irratian.

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik uda honetan Euskal Herrian gertatzen ari direnei erreparatu zien, NAIZ Irratian atzo eskainitako elkarrizketan.

Imanol Pradales EAEko lehendakariaren lehen urratsetan «forma aldaketak» hauteman ditu, «Osakidetzaren alorrean, esate baterako». Orokorrean, EAJren aldetik aurreko hainbat akats zuzentzeko asmoa ikusten du, baina sakoneko aldaketarik ekarriko ote duen ezin du antzeman oraindik: «Formak aldatzea garrantzitsua da, baina edukietara joan behar dugu».

Honetan sakonduz, osasungintzaz abiatutako interlokuzio prozesuaz mintzatu zen. Otegiren aburuz, «Osakidetzan kudeaketa txarra egon da eta politika neoliberalak aplikatu dituzte (egun batetarako kontratuak, pribatizazioak…)», eta hauek lirateke, hortaz, konpondu beharreko gakoak. Bitartean, bilera horiek abiatu izana txalotu du: «Hauteskundeen aurretik konspirazio bat zegoela esaten ziguten, eta orain behintzat apustua denen artean egin behar dela onartzen dute».

Uda partean eztabaida politikora itzuli den beste kontu bat Abiadura Handiko Trena da. «Harrigarritzat» jo zuen Otegik aldundien artean gertatzen ari dena. Izan ere, «alderdi politiko bereko jendea eztabaidan ari da. Orduan, zein da zuen proiektua herri honentzat? Ez dago proiektu amankomun bat, bakoitza bere interesen alde egiten ari da». Kritika hauek erantsi zizkion: «Egia ez ziren gauza asko esan dituzte eta milioi asko gastatu dituzte. Egindako txikizioak hor dira jada. Baina hausnarketa egin behar genuke kontu hauez guztiez».

Atarrabiako pilotalekuan Euskal Herriko armarria ezartzearen kontrako erabaki judizialari dagokionez, Estatu espainolaren «ahultasunaren ispilua dela» esan zuen Otegik. «Ipar Euskal Herrian ez dituzte ezabatzen, Estatuak ez duelako bere nagusitasuna zalantzan ikusten». Eta Lizarran txosnen aurkako erasoaren ondorioz UPNk sortutako liskarraz irakurketa hau egin zuen: «Arazoak sortzeko sekulako ahalmena dute batzuek. Politikagintza txikia da hori. Eta herri honetan erronka handiak ditugu».