12 AGO. 2024 MOUNTAIN QUEEN: THE SUMMITS OF LHAKPA SHERPA Emakume aitzindari baten istorio hunkigarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Dokumentalaren lehen minutuetan supermerkatu batean lanean ari den 50 urte inguruko emakume baten irudiak azaltzen dira. Lhakpa xerpa da; alpinista eta xerpa nepaldarrak 2022an igo zuen Everest hamargarren aldiz, emakume batek inoiz egin duen igoera kopururik handiena. Heroia Nepalen, langile anonimoa Amerikan. Dokumental honek, lortutako balentria erakusteaz gain, bere bizitza latzaren errepaso sakona egiten du. Filmaren abiapuntua hamargarren igoera prestatzen ari den unea da; 15 urteko alaba, Shiny, Nepalera joango da berarekin, baina 19 urteko Sunny ez, aurrerago jakingo dugu zergatia. Bidaia horretan zehar Lucy Walker zuzendariak bere bizitzako istorio gogorra kamera aurrean azaltzera gonbidatuko du Lhakpa. Elkarrizketa nagusi horrez gain, narrazioa igoerako une ikusgarriekin, artxiboko irudiekin eta urteetan zehar egindako zenbait elkarrizketekin hornitu dute. Dokumentalak sentsibilitatez eta errespetuz lantzen ditu Lhakparen sustraiak, baina agerian uzten ditu hain errotuak zeuden patriarkatua eta matxismoa. George Dijmarescu eskalatzaile errumaniarrarekin ezkondu zen pasartea ere agertzen da, ziurrenik bizitza horren unerik ilun eta lazgarriena; hasieran dena zen zoragarria, baina urteak igaro ahala etengabeko mehatxu eta tratu txarrak jasan zituen. Iluntasun horren artean zaila da ikusle gisa aldarte onari eustea, baina ikustaldiaren ostean, zutik jarri eta Lhakpa xerpa txalotzeko gogoa ematen du. Gidoiaren egiturak Lhakparen ahalduntze prozesua apurka bizitzeko aukera eskaintzen du. Bere erresilientziak eta izaerak dokumental osoa argiztatzen dute eta bere indarrak laino beltz horiek emeki-emeki urtzen ditu. Emakume aitzindari baten istorio hunkigarria da. Ikusi, ez zara damutuko.