XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Espresionismoa bide

Juan Luis Goenaga margolariaren heriotzaren berri izan genuen atzo. Madrilen gertatu zen, han bizi baitzen azken urteotan. Bost hamarkadako ibilbidearen jabe, sorkuntzari lotuta bizi izan da. Alkizan zuen baserrian jarritako estudioan igaro zituen urterik gehienak. Naturak eragin erabakigarria izan zuen haren artean.

Juan Luis Goenaga, 2020an, Kubo Kutxak eskainitako atzerabegirakoaren aurkezpenean.
Juan Luis Goenaga, 2020an, Kubo Kutxak eskainitako atzerabegirakoaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arteak bizi zuen. Umetan hartu zituen pintzelak eta espresionismo abstraktuaren estiloari heldu zion. Juan Luis Goenagaren pinturak «joera espresionista du, eta figurazioaren eta abstrakzioaren uren artean nabigatzen du. Bi lan bide dira, eta haien muga hari fin bat da, ia hautemanezina», Mikel Lertxundiren esanetan.

Arte aditu eta komisarioa izan zen 2018an Goenaga ardatz hartuta argitalpen monografikoa idatzi zuena, estrainekoz. 1968tik egindako sorkuntzari jarri zion fokua bertan. Bolumen zabal horretan, hasieratik islatuta geratu ziren euskal lurrari, orografiari eta klimari atxikitako serieak.

Naturak, giro urbanoak, intimotasunak... eragina izan zuten haren obretan, garai bakoitzean emandako garapenean. Nabaria zen, baita ere, arkeologia, historia eta geologiarekiko interesa.

Gaztea zela, Euskal Herritik kanpo, Goenagak Europako museoak izan zituen inspirazio iturri. Bartzelonan, Massana Eskola Librean, grabatuaren eta harrizko tailuaren teknikak ikasi zituen.

ALKIZAN

1970. urtean Donostiara itzuli eta Alkizako baserri bat bizileku bihurtu zuen. Zurez eskulturak lantzen hasi zen. Kolore ilunez, beltzez eta marroiz margotuak. Antzinako euskal landa izaerako munduaren eta naturaren sustraietara itzuli nahi zuen. Euskal mitologiak, belarrek, hari matazek, sustraiek... presentzia zuten Goenagaren artean.

Donostiara bueltan, hiria nabarmenduko da haren mihisetan. Argazkigintzan lan handia egin zuen 1970etik aurrera, eta pixkanaka pintura gailendu zen Goenagaren jardueran. 1970eko hamarkadan paleta aldatu zuen, kolore biziei tartea eginez.

1985ean Donostiako Udalak antolatutako Bi Urteko Arte Lehiaketa irabazi zuen Jose Luis Zumetarekin batera, eta urte askoan iraun zuen elkarlanari ekin zion Donostiako Altxerri galeriarekin 1991n. 1985etik aurrera maiz joan zen Bartzelonara, Madrilera eta Parisera. 1990eko hamarraldian harri, lur, paisaia eta animaliei buruzko marrazkiak sortu zituen.

BILAKETA

Jakinminak hizkuntza artistiko askotarikoak jorratzera eraman zuen. Hitz gutxikoa zen artista. Ez zen elkarrizketak eman zalea. Esanez adierazi ezin zuena mihise gainera eramaten zuen. Dantzatzearekin parekatzen zuen margotzea. Erritmoa eta energia behar dira, bizitasuna, mugimendua, hala esaten zuen.

2020an, aurreko atzerabegirakoa eskaini zitzaionetik 25 urte paseak zirenean, margolariaren bost hamarkadako ibilbideari begira jarri zen Donostiako Kubo Kutxa.

Koadroak pentsatu ez, pintzelkadek aurrera egin ahala «sortzen» direla zioen. Horiek obra berean metatu egin daitezke «geruzak eta geruzak» sortuz, batzuetan behin eta berriz itzultzen baitzen obra hartara. Egileak berak aitortu zuen koadroak «eskuetatik kendu» behar zitzaizkiola, hain zen zaila beretzat bukatutzat ematea. Aurrez egindako geruzetan sortzen jarraitzeko moduak intrigatzen zuen, eta bide hori ikertzen eman zituen urteak. «Zenbat eta geruza gehiago gehitu, orduan eta gehiago gozatzen duzu. Gerturatzen zara eta bere sakontasunaz ohartzen zara. Eta hori gozamena da», aipatu zuen atzerabegirakoaren aurkezpen ekitaldian.

2022ko abenduan Xabier Saenz de Gorbea Saria jaso zuen eta elkarrizketa eskaini zion GARAri. «Margotzea behar fisiko bat da niretzat, jakia baino inportanteagoa agian», adierazi zion kazetariari.