15 AGO. 2024 72. ZINEMALDIA Pedro Almodovarrek jasoko du aurtengo bigarren Donostia saria 72. edizioko bigarren Donostia sariaduna nor izango den jakinarazi zuten atzo. Pedro Almodovar hautatu du Zinemaldiak garaikurra jasotzeko eta jada jakina zen Cate Blanchetten izenari gehitu zaio. Irailaren 26an jasoko du saria, “La habitación de al lado / The Room Next Door” bere azken lana proiektatu aurretik. Javier Bardem ere Donostian izango da iazko saria jasotzen. Pedro Almodovarren irudia, 2004. urtean Maria Cristina hotelera iritsi zenekoa. (Imanol OTEGI | FOKU) GARA DONOSTIA «Nire ibilbidea 1980an hasi zen Donostian, eta harrezkeroztik, nola filmarekin hala filmik gabe, maiz itzuli naiz Zinemaldira. Eta izugarri gozatu dut beti. Al Pacino, Woody Allen eta Antonio Banderasi Donostia saria entregatu nien. Aurten niri tokatu zait saria jasotzea, eta horrek pozez eta esker onez betetzen nau. Ohorea da niretzat. Donostia da zinema gogo bizienez ospatzen duen hirietako bat. Gaur egun, sekula baino gehiago behar dugu ikusleen konplizitatea, baita horien presentzia ere zinema-aretoetan. Ametsa da horrelako jaialdi batean egotea, zinema-aretoak beti baitaude beteta». Pedro Almodovarren hitzak dira. Ohorezko garaikurrarekin, «zinemaren munduari egindako ekarpen bikaina» eskertu nahi dio Zinemaldiak zuzendariari. Sari-ematea Kursaal Auditoriumean egingo da irailaren 26an, zinemagilearen azken film “La habitación de al lado / The Room Next Door” eman aurretik. Zuzendariaren ingelesezko lehen filma da, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista eta Veneziako Zinema Jaialdiaren hurrengo edizioan izango da Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian. Hain zuzen, Swintonek emango dio saria Almodovarri oholtza gainean. Almodovarrek ibilbide luzea du zinemagintzan: Hamar film labur baino gehiago, horietako batzuk oso zabalduak nazioartean, hala nola “La voz humana” (Veneziako Mostran estreinatua, 2020an) eta “Extraña forma de vida” (Cannesen estreinatua, 2023an), ia 30 film luzez gain. 170 sari eta 200 izendapenetik gora jaso ditu. Jasotako sarien artean, nabarmentzekoak dira bi Oscar sari, bi Urrezko Globo, Europako Zinema Akademiaren zazpi golardo, bost Bafta, lau Cesar, bost Goya eta bi David di Donatello. «Bere talentu artistikoaz eta estilo bisual propio eta bereziaz gainera -Almodovarren nortasuna alderdi orotan da agerikoa: arte-zuzendaritza, soinu-banda...- Pedro Almodovarren zinema gailendu egiten da emakumezko pertsonaien idazketagatik, aktore-zuzendaritzagatik, LGTBIQ+ unibertsora, erlijiora, sexura, adikzioetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurbiltzean duen ausardiagatik eta erakutsitako konpromiso politikoagatik; izan ere, publikoki adierazi izan du gatazka belikoen eta ultraeskuineko diskurtsoen aurka dagoela», adierazi zuen atzo Zinemaldiak. ALMODOVAR DONOSTIAN Almodovar askotan izan da Donostian Zinemaldiaren historian. 1980an izan lehen lehen aldiz Donostiako Zinemaldian, “Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón” bere lehen film luzea erakusteko. Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen lana. Bere hurrengo filma, “Laberinto de pasiones” (1982), Sail Ofizialean lehiatu zen. 1995an, Sail Ofizialean “La flor de mi secreto” pelikula aurkeztu zuen lehiaz kanpo. Urte horretan bertan, “Trailer para los amantes de lo prohibido” (1985) bere film laburra berreskuratu zuen jaialdiak. Ordutik, zinemagilearen film ugari eskaini ditu Zinemaldiak Cannesen, Venezian eta beste hainbat jaialditan izan ondoren. “Carne trémula” (1998); “Todo sobre mi madre” (1999), Fipresci Sari Nagusia jaso zuena Zinemaldian; “Hable con ella” (2002); “La mala educación” (2004); “Volver” (2006), hau ere Fipresci Sari Nagusiaren irabazlea Zinemaldian; “Los abrazos rotos” (2009), “Los amantes pasajeros” (2013), “Julieta” (2016) eta “Dolor y gloria” (2019). INGELESEZZuzendariaren ingelesezko lehen filma da «La habitación de al lado / The Room Next Door». Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista. Hain zuzen, Swintonek emango dio saria Almodovarri agertoki gainean.