Harris eta demokratak, aldeko haizea luzatzeko itxaropentsu
Inkestak alde, datu ekonomiko onak eta errepublikanoak etengabeko polemiketan. Kamala Harrisen hautagaitzak duela gutxira arteko iragarpenak iraultzea lortu du, eta Etxe Zuriak bizilagun demokrata bat izatea indarra hartzen ari den aukera da. Donald Trumpek eta errepublikanoek ere badakite kontrakoa jazo zaiela, inkestek etengabe beherantz ageri dituztela. Baina lehia luzea dela oraindik.
Momentum» esaten da ingelesez bolada ona izateari, eta asko erabiltzen den hitza da, une egokia aprobetxatzearen garrantzia azpimarratzeko. Donald Trumpen momentum edo bolada on hori duela hilabete izan zen: errepublikanoek azken detaileraino prestatutako konbentzioa, aurkako hitzik ez, aurkari sutsuak izandako asko ere presidente ohiaren alde, eta bizirik irautea lortu zuen atentatuak ekarritako hunkidura eta elkartasuna.
Hori guztia ia kolpera amaitu zitzaion Trumpi, presidentegai ofizialki izendatu eta 72 ordura. Joe Bidenek bazterrera egin, Kamala Harris lehiarik gabeko hautagai bihurtu, eta ekitaldi jendetsuak etengabe. Ilusioa eraman du AEBetako txoko bakoitzera, eta Tim Walz ticket-eko kide izendatzeak are gehiago hauspotu du demokraten aldeko haizea. Hori gutxi balitz, errepublikanoek demokraten aurka darabiltzaten datuak hobetzen ari dira: atzo bertan emandako inflazio datuen arabera, urtez urtekoa ehuneko 3tik behera ageri da lehen aldiz pandemia ostean.
Biden hautagai zela, demokraten apustu nagusia hiru estatutan zegoen. 2016an Hillary Clintonek galdu eta 2020an Bidenek irabazi zituzten bost estatuetako hiru ziren, hirurak Herdoilaren Zerrendan: Wisconsin, Michigan eta Pennsylvania demokraten zakuan sartzea zen Bidenek Etxe Zurian jarraitzeko behar zituen 270 ordezkariak lortzeko bide zuzena, baita gainerako swing-state edo estatu lehiatuetan Trumpek irabazita ere. Teknikoki Biden bere karrera politikoan Delawareko senataria izan den arren, Pennsylvania ere etxetzat jo du, bertan jaiotzeaz gain Filadelfia kanpoaldean baitago Wilmington, Delawareko hiri nagusia.
Harrisek Bidenen lekua hartu duenetik, estrategia ez da aldatu zentzu horretan: Wisconsin, Michigan eta Pennsylvania dira ziurtatu beharreko estatu garrantzitsuenak. Baina aldaketa bi daude: batetik, orain bai, inkestak demokraten aldekoak dira hiru estatu horietan; Bidenekin doi-doi ageri zen berdinketaren bat, gainerakoetan Trump zen garailea. Bigarren aldea, beste lau estatu lehiatuetan ere herritarren iritzia aldatuz doala: Arizonan Harris ageri da aurretik, Georgian eta Ipar Carolinan berdinketa dago, eta Nevadan Trumpek alde txiki bat dauka oraindik.
DEMOKRATEK BADUTE BEREN ALDEKO ARMA SEKRETU BAT: DONALD TRUMP.
Ahoa zabaltzen duen bakoitzero, errepublikanoek badute kezkatzeko motibo bat. Astelehenean Elon Musk X-eko buruarekin egindako solasaldi kaotikotik geratu den kontu aipagarrienetako bat langileen eskubideen aurkako iruzkina da: «Grebarekin jarraitu nahi duzue? Bada, zuetako bakoitza kalera doa», esan zion Muski, multimilioidunak barre egiten zuen bitartean.
UAW autogintza sindikatuak Musken eta Trumpen aurkako salaketa jarri du, lan praktika bidegabeak egiteagatik. Kamioilarien sindikatu boteretsua ere asaldatu dute adierazpenok.
Sean O’Brien sindikatuko buruak, duela hilabete, errepublikanoen konbentzioan parte hartu zuen («gonbidatu gaituztelako», argudiatu zuten orduan, begi-zeharka begiratu zieten guztiei); herenegun gogor jo zuen Trumpen aurka: «Estatubatuarrok antolakuntzarako eta grebarako ditugun eskubideak gauzatzeagatik langileak kaleratzea terrorismo ekonomikoa da». Litekeena da kamioilarien sindikatuak ere datozen ordu edo egunetan Kamala Harrisen aldeko botoa eskatzea, gainerako sindikatu gehienek (eta kamioilari beltzen elkarteak) egin duten legez.
‘USA Today’k atzo argitaratutako inkestak garaipena Harrisi eman zion Floridan ere. Hegoaldeko lurralde hori estatu lehiatuenetakoa izan da luzaroan, baina errepublikanoengana lerratu da azken urteotan. Azaroan, alabaina, ohiko bozketa presidentzial eta legegileez harago, galdeketa bat ere egingo dute Floridan. Herritarren sinadura bilketa erraldoi bati esker, abortu eskubideari buruz galdetuko dute estatu horretan eta beste bostetan gutxienez, tartean Arkansas, Missouri eta Hego Dakota kontserbadoreetan. Azken bi urteotan ikusi denez, herritarrek, abortuari buruzko iritzia eman ahal izan duten bakoitzean, eskubidea bermatzearen edo zabaltzearen alde egin dute bai estatu kontserbadoreetan bai progresistetan. Demokratek badakite hori izango dutela gako nagusietako bat azaroko bozketan, eta Harris dela abortu eskubidearen aldeko mezularirik onenetakoa.