16 AGO. 2024 KOLABORAZIOA Zer da dolua? Mireia ISTURITZ MORENO Antropologoa Dolua. Zer pentsatzen dugu “dolu” hitza irakurtzen dugunean? Zer nolako lotura sortu da gure eta hitz horren artean? Dolua bakarra ote da, unibertsala? Dolua heriotzarekin lotuta dago, baina, aldi berean, esan dezakegu galeraren sentimenduarekin ere lotuta dagoela. Zer da, ba, galera? Norbait hil zaigunean sentitzen dugu bakarrik? Uste dut denok ados egongo galera esaten badut galeraren sentimendua gure bizitzako hainbat momentutan emate dela, ez bakarrik pertsona bat hil zaigunean. Dolua hainbat gauzengatik pasa dezakegu, gizakion esperientzia den heinean, gizakiok igarotzen dugun prozesu bat den heinean, oso pertsonala da. Hala, dolua zerbait galdu dugun sentsazioarengatik paira dezakegu. Ezin dugu, ba, dolua pasatu, sentimendu edo esperientzia bat galdu dugunean? Jada zerbaitengatik (edo norbaitengatik) ezin dugunean sentitu lehen sentitzen genuena? Adiskidetasun bat hoztu egin denean? Pasio bat galdu dugunean? Pasioa galdu dugunean? Maitatuak eta desiratuak izatearen sentipena ezin berriro aurkitu gabiltzanean. Dolua oso desberdina eta anitza da, batzuetan, jakin sentimendu/pasio bat galdu duzula, askatasun mota bat galdu duzula, dolu prozesu bat igarotzea dakar zure egoera berriaz hausnartu ahal izateko. Dolua hutsune bat da, zerbait edo norbait galdu eta gero geratzen den ezerez gogaikarria, erantzunik gabeko galderek uzten duten hutsunea. Negar egin nahi izatea hutsune hori betetzeko, aseta sentitzeko, hutsune hori garbitzeko, zerbaiti hasiera emateko, zerbait berriari; hori ere doluaren parte da. Doluan zehar, minaz aparte, beldurra senti dezakegu, esaterako, berriro maitatuak eta desiratuak ez izateari: maitatua sentitzea, jakin hor norbait dagoela zure zain, zu entzun nahian; desiratuta izatea, zure gorputza ukitu, dastatu, besarkatu nahi duena. Hau dena galtzea, jakitea ez duzula hori berriro sentituko denbora batez, ez jakitea noiz eta norekin aurkituko duzun berriro sentimendu eta sentsazio hori, beldurgarria da. Honekin batera bikotekide bat, lio bat, lagun bat… joan daiteke. Nola esango digute ezin dugula dolua pasatu horrelako egoera bat bizitzen ari garenean? Gure gizartean hierarkia bat ezartzen da erlazioei dagokionez. Bikoteak beti leku gorena eskuratzen du, lagunak, lagun-amodio afera ez dute liga berdinean jokatzen, ez dira elitearen parte (barkatu kirol erkaketa, baina joko olinpikoen garaian izan garenez aprobetxatu nahi nuen). Denok ulertzen dugu triste, haserre, minduta… senti gaitezkeela bikotekidea gure bizitzatik joandakoan; are gehiago, gure inguruak hori dena ateratzera animatzen gaitu, gure sentimenduak azaleratzea gomendatzen digute. Zergatik ezin dugu berdina egin gure lagun batek uzten gaituenean edo guk uzten dugunean? Zergatik ezin dugu gure sentimenduak azaleratu, gure tristezia, gure mina? Zergatik doluak hain lotuta egon behar du bikoteari edo familiari? Nork ezartzen du noiz den dolua onargarria? Nork dauka honen inguruan egia absolutua? Zintzoa izatearren, asko kostatu zait honi buruz idaztea. Hasieran ez nuen uste dolu prozesu bat pasatu behar nuenik, eta gero nire buruari prozesu hori pasatzea ukatu nion. Zergatik? Uste nuelako ezin nuela hori sentitu, ez zela hain garrantzitsua. Baina ez. Min ematen badizu, negargura sortzen badizu, hutsune bat sortzen badizu… bai, dolua pasatzeko eskubidea eta beharra daukazu. Ez ukatu inoiz zuen sentimenduak; eta, are gehiago, ez ukatu inoiz zuen buruari dolua pasatzea.