GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
BUFFALO KIDS

Zineman euskaraz gozatzeko aukera

Buffalo Kids” filma Zinema Euskaraz programaren eskutik iritsi da. “Tadeo Jones” pelikularen ekoizle eta gidoilarien animaziozko lana da, Estatu espainolean ekoitzia. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun zazpigarren filma da, “Robotia’” lanaren ondoren.

Tom eta Mary dira protagonista nagusiak, XIX. mendearen amaieran New Yorkera iritsi diren bi anaia umezurtz. Osabarekin elkartzeko helburuz eta tren batean ezkutuko bidaiari gisa sartu ostean, Mendebalde Basatia zeharkatuko dute. Bertan Nick ezagutuko dute, euren bizitza betiko aldatuko duen lagun berria.

Filmaren jatorria Pedro Solísen “Cuerdas” kontakizunean aurkituko dugu, munduko film labur sarituenaren Guinnes errekorra duen ekoizpena. “Buffalo Kids” Solisek berak zuzendu du, baina kasu honetan Juan Jesus Galocha-rekin batera. “Momias” filmaren arrakastaren ondoren, zuzendarikide gisa egiten duen bigarren film luzea da. 60 herrialdetan baino gehiagotan estreinatu zen “Momias” eta 55 milioi euro baino gehiago bildu zituen mundu osoan.

Gainera, soinu bandaren egilea Fernando Velazquez getxoztar musikagile eta orkestra zuzendaria da. 2017an jatorrizko musika onenaren Goya Saria irabazi zuen J. Bayonak zuzendutako “A Monster Calls” pelikulan egindako lanarengatik

Filma Annecyko Nazioarteko Animaziozko Zinemaldian aurkeztu zuten sail ofizialean. «Erronka handiena publikoari iristea da, hori da garrantzitsuena. Umeek, gurasoek zein aitona-amonek gozatzeko moduko proposamena da. Denek gozatzea nahi dugu», azaldu zuen Solis Garciak aurkezpenean.

Honako aretoetan izango duzue “Buffalo Kids” euskaraz ikusteko aukera: Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Multicines 7 (Bilbo), Niessen (Errenteria), Florida (Gasteiz), Gorbeia (Gasteiz) eta SADE Cines (Donostia).