Irati ESPARZA-GUIMON

Baionako Euskal Museoa, etorkizunari begira mendeburuan

Baionako Euskal Museoa Euskal Herriaren kulturan, historian eta ondarean gordailu nagusietako bat da. 1924. urtean sortua, mendeburua ospatzen ari da aurten. Horretarako, museoak gibelera begiratu eta azken ehun urteetan egindako lanari errepasoa egin nahi izan dio, etorkizunera begiratuz.

Mendeburuaren harira, Euskal Museoan urtarrilaren 4ra arte ikus daitekeen erakusketaren irudiak.
Mendeburuaren harira, Euskal Museoan urtarrilaren 4ra arte ikus daitekeen erakusketaren irudiak. (Patxi BELTZAIZ)

Baionako Euskal Museoa 1924ko ekainaren 3an ireki zuten ofizialki, XVII. mendeko Dagourette etxean. Eraikin honek berak ere historia handia du, eta museoaren sortzearekin lotua den euskal arkitekturaren erakusgarria da. Bertan, museoa osatzen duten aretoek tokiko bizimodua, artisautza eta artea erakusten dituzte, bai bertako bai kanpoko bisitariendako. Mendeburua ospatzeko, erakusketa iraunkorraz gain, museoak “100 urte jadanik! Museoa bere mendean” izeneko erakusketa berezia antolatu du, 2026ko urtarrilaren 4ra arte ikusgai izanen dena, 200 objektu bidez bere historia kontatzeko eta geroaz pentsatzeko.

Baionako Euskal Museoak 70.000 objektu inguru bildu ditu 1922az geroztik. Material ezberdinak: zura, harria, metala, ehuna, papera... teknikak denetarikoak: margolanak, marrazkiak, grabatuak, afixak, altzariak, zeramikak, beirateak eta abar gorde ditu urteak pasatu ahala. Bisitariak museoko hogei aretoetan zehar ibiltzen ahal dira, hiru estaietan eta gaika aurkeztuak diren etnografia, historia, artea eta dokumentazio bildumak deskubritzeko 2.000 objektu eta artelan baino gehiago ikusiz. Bildumen xedea da Ipar Euskal Herriko gizartea ilustratzea.

Bilduma iraunkorraz gain, hirugarren estaian den Errobi gelan instalatu da “100 urte jadanik! Museoa bere mendean” erakusketa berezia. Kronologikoki sei gelatan banatua, erakusketak museoaren historia eta euskal kulturaren bilakaera azaltzea du helburu, eskuraturiko lehen objektutik gaur egungo erronketara.

Museoaren irekieran, William Boissel lehen zuzendariak euskaldunen egunerokoa erakutsi behar zuela pentsatzen zuen, bisitariak «etxean bezala sentitzeko». Hala, ehun urteak ospatzeko, garaian egin euskal sukaldearen dioramaren erreplika osatu du museoak, ber objektuekin.

Museoaren historiak Ipar Euskal Herriaren historia segitzen du; beraz, garai zailetan ere, aztarna guziak atxikitzea garrantzitsua zen museoarentzat. 80 eta 90eko hamarkadetan afixa anitz egin zituzten euskaldunek haien aldarrikapenak entzunak izateko. Honenbestez, historia kontatzen dute gaur egun.

BEGIRADA ETORKIZUNERA

Mendeburuarekin batera, Euskal Museoak etorkizunera begira ezartzeko aukera baliatu du. Bere ehun urteko historian zehar bezala, betiere euskal kulturaren eta historiaren zaindari izateko engaiamendua atxikiz. Momentua paregabea da, eginiko lana aitortzeko eta aitzina begira ezartzeko. Betidanik Euskal Herriaren ondarea gordetzea eta transmititzea izan baitu helburu, eta horretan lanean segitu nahi duelako heldu diren mendeetan ere.

Beste museo eta erakundeekin lankidetzan aritzeko engaiamendua hartu du, eta horrek euskal kultura eta ondarea mundu zabalean ezagutarazteko aukera emanen dio. Lankidetza horiek, erakusketak trukatzea, ikerketa proiektuak garatzea eta esperientziak partekatzea barne hartzen dituzte, museoa aberasteko eta bere misioa indartzeko.

ESPERIENTZIA INTERAKTIBOA

Teknologia berriak eta digitalizazioa ere museora ekarri nahi dira, bildumak modu modernoan erakusteko eta bisitariek esperientzia interaktiboa izan dezaten. Horrek museoa egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat erakargarriagoa eginen luke, eta euskal ondarea modu eraginkorrean transmititzeko aukera eskaini.

Izan ere, museoak hezkuntza proiektu berriak garatzeko xedea du, haur eta gazteek euskal kultura modu erakargarrian ikas dezaten.

Eskolekin lankidetzan, tailer andana eta bisita gidatu bereziak antolatuko ditu, gazteen interesa piztu eta euskal kulturarekiko lotura sendotzeko xedez.

Museoak antolaturiko ekintzak ere handitu nahi ditu, izan konferentziak, tailerrak, eta bestelako jarduerak barne, bisitariek esperientzia aberasgarriagoa izan dezaten, museoak bere eragina handitzeko eta euskal kulturaren eta historiaren zaindari izateko engaiamendua mantentzeko.