Familian ikusteko film ederra eta hunkigarria
Osabarekin elkartzeko helburuz, tren batean sartuko dira eta Mendebalde Basatia zeharkatuko dute Tom-ek eta Mary anaia umezurtzak. Bertan Nick ezagutuko dute, euren bizitza betiko aldatuko duen lagun berria.
Pelikula ederra eta hunkigarria iruditu zait, munduko animaziozko estudio puntakoenen pare jarriko nukeena. Bereziki akziozko eszenetan agerian geratzen diren pertsonaien mugimenduak salbu -une batzuetan apur bat robotikoak iruditu zaizkit-, teknikoki aparta da: argiztapena, ehundurak, paisaiak, pertsonaien konposaketa... azken zirrikituraino zainduta daude. Fernando Velazquez getxoztarraren soinu banda ere dotorea da, Mendebalde Basatiko girotze horretan murgiltzeko paregabea. Ez pentsa opari-bilgarri erakargarri horren barruan guztia hutsik dagoenik: asko entretenitzeaz gain, etxeko txikiei hausnarketarako gonbita egiten die. Igortzen dituen giza balioak zoragarriak iruditu zaizkit: gainditze pertsonala, adiskidetasuna eta leialtasuna, naturarekin eta animaliekin dugun lotura eta harremana, eta abar.
Eragozpen bakarra jarriko nioke: jariatzen duen tonu didaktikoa ez da batere sotila, eta elkarrizketek apenas dute tolesik. Horrek publikoaren ulermen gaitasuna gutxiesten duela iruditzen zait, bereziki haurrena. Umeak dira, jakina, baina uste dut ez dela beharrezkoa azalpen zuzen eta errepikakorrak ematea mezua argi eta garbi ulertzeko. Gainera, “publiko guztientzat” etiketa bere horretan mantentzeko helburuz, tonu nahiko neutro eta kontserbadorean mantentzen da une oro; gehiegi, nire gusturako. Errealitate oso konplexuak gehiegi sinplifikatzen ditu.
Familian ikusteko zinemetan dagoen proposamenik politena da, argitsuena eta baikorrena, eta gainera, euskaraz ikusteko aukera dago.