Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Poparean olatua menderatuta, Arraun eta Urdaibaik lehen kolpea Zarautzen

“Lugañenek” eta “Bou Bizkaiak” euren nagusitasuna berretsi zuten Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian, gaurko estropadarako zortzi eta lau segundoko abantaila eskuratuta. Ontzi donostiarra dena irabazteko bidean ondo kokatu da.

Urdaibaiko eskifaia, denboraldiko estropada batean.
Urdaibaiko eskifaia, denboraldiko estropada batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Zarauztarrentzat eta zarauztar ez direnentzat, Zarauzko Ikurrina guztientzat da preziatua; bi jardunalditan lehiatzen da eta horrek handitasuna ematen dio», esan zuen Gorka Aranberrik, atzo, lehendabiziko estropada irabazi berritan. Urdaibaiko patroi zarauztarra pozik agertu zen, gaurko lau segundoko abantaila lortu baitzuten bigarren sailkatuarekiko -Donostiarra, kasu honetan-, estropada benetan gogorra lehiatu ostean.

Azken luzeraino oso irekita egon zen lehia, Kaiarriba eta Bou Bizkaiaren artean gehienbat, Zierbena, ondoen bideratuta zegoena, bidean geratu baitzen, hirugarren ababorreko arraunlariak bi alditan arrauna puskatu ostean. «Kirolaz haragoko arrazoi bategatik lehiatik at geratzeak amorrua ematen du, baina tira, alde batetik pozik nago, erakutsi dugulako hor gaudela, lehian gaudela, pasa den astekoaren ostean askok hiltzat ematen baikintuzten», esan zuen Dani Diezek, galipoen entrenatzaileak.

Galipoek, hain zuzen ere, bigarren ziabogaraino estropadaren aginte makila eraman zuten, baina gogotik ordaindu zuten bigarren erdian bat gutxiagorekin aritzea. Hala, ohorezko txandan azkenak izan ziren, baina, gutxienez, salbatu zuten kalamitate handiagorik, gaur ere onenekin arituko baitira, banderaren lehian aukera oso eskasak dituzten arren.

Hamabost segundo atera baitzion Urdaibaik, atzoko garaileak, estropadaren bigarren erdian Donostiarrarekin lehia oso estu eta zirraragarria eskaini ostean. Beste behin, Kaiarribak gauzak zail jarri dizkio Bou Bizkaiari, baina beste behin, sari handirik gabe geratu zen. Gipuzkoarrek atzetik aurrera egin dute denboraldi honetan, eta azken asteetan ohorezko txandan sendotu dira, Hondarribia sailkapen nagusian pasatzeraino.

Urdaibaik azken luzean, poparean, berretsi zuen bere nagusitasuna, azken olatuarekin aldeak handitzeraino. Ordura arte parez pare aritu zen Donostiarra, baina azkenerako, lau segundora helmugaratu da. Gaur, ezustekoren bat egotekotan, ondoen kokatua dagoena Kaiarriba da, baina Zarauzko estropada eremuan edozer gerta daiteke, are gehiago itsaso gaiztoarekin.

GAIZTOTZEKO ESPERANTZAN

Itsasoa belztuta, haizearen aldaketa... Lehen eta bigarren txandan aritu zirenek esperantza txikiren bat gordea zuten, ea itsasoa gehiago gaiztotu eta ontzi umilenek aukeraren bat zuten. Asmo horrekin, euren txandan gailendu zen Kaiku, arerioei tarte handiak irekita. Sestaoarrek minutu erdiko errenta atera zioten Bueuri, lehen txandako bigarrenari. Ontzi galiziarrak bere estropadarik txukunena egin zuen, Cabo eta San Pedroren aurretik bukatuta. Dena dela, gutxirako balioko dio, sailkapenaren zuloan iltzatuta baitago, 20 puntu eskasekin.

Bigarren txanda hasita, Getariak soilik segundo bategatik hobetu zuen Kaiku lehendabiziko luzean, baina segituan ezerezean geratu zen lehen txandakoen itxaropena, ekaitza barrualderantz joan baitzen, itsasoa gehiago gaiztotu gabe. Hala, gidoiak agindu bezala osatu zen estropada, Getaria nagusi izanda eta Lekittarrak berriro ere puntu batzuk bidean utzita.

LUGAÑENE, ERRONKAREN BILA

Euskotren ligan itsasoaren zakartzea nabaritu zen lehen txandatik ohorezkora, baina hala eta guztiz ere, Arraun Lagunak-ek, poparean, azken 700 metroetan hamar segundo sartu zizkion Hondarribiari, ordura arte denbora onena markatu zuen ontziari, hain zuzen ere. Oriok ere hobetu zuen Ama Guadalupekoaren denbora, baina zortzi segundoko tartea dauka Lugañenerekiko. Martuteneko taldeak dena irabazi nahi du, 15 estropadatik 15 irabazi dituzte, eta gaur hamaseigarren garaipena nahi dute, ligako trapu guztiak bereganatu eta historian kapitulu propio bat eraikitzeko.