Amaia EREÑAGA
PARRANDAZ GAIN DAGOEN ESKAINTZA ZABALA

Euritan dantzan kalean (eta beste kontu batzuetan)

Aste Nagusiko lehen gauaren langa pasatu ondoren, giro goibelari Gatiburen “Euritan dantzan” abesti ezagunak aldarrikatzen duen bizitza xurgatzeko grina berarekin egin genion aurre atzokoan Bilbon. Eta zerbait argi gelditu zitzaigun: parranda baino gauza gehiago egiteko aukera ematen du festa erraldoi honek.

Goizeko euria, Balearen -eta bere itsasoko lagunen- Desfilea; pregoilaria eta txupinera konpartsek egindako ogitartekoarekin eta Gargantua haur bat irensten.
Goizeko euria, Balearen -eta bere itsasoko lagunen- Desfilea; pregoilaria eta txupinera konpartsek egindako ogitartekoarekin eta Gargantua haur bat irensten. (Oskar MATXIN | FOKU)

Seguruenik, Gatiburen “Euritan dantzan” kantaren lehen lerroak buruan dantzan genituen askok atzoko lehen orduetan: «Bizirik nau, / ta holan sentitzen naz. / Topera nau, / geur inork ez nau geldituko. / Egun goibel hau egun argi bihurtu nahi dot gaurkoan». Ohikoa den arren, azken urteko Aste Nagusi gehienetan une batean edo bestean euripean ibili garelako. Eta, aitor dezagun, atzoko egunaren hasiera goibelak ez zuen ohetik ateratzeko gogorik pizten.

Lanbroaren txapela jarrita eta euri-langarrez apainduta esnatu baitzen Bilbo. Oheratu ere bustita oheratu zen, eta kosta egin zitzaion, dexente, egunari baretzea.

Esaterako, Zabalbide kalean goizeko 10etan iragarrita zegoen goitibeheren lehiaketa -ikusgarria izaten da ibilgailu artisau hauek hartzen duten abiada- ez zen burutu, euriaren erruz. Arratsaldeko 18etarako iragarrita zegoen zezenketa ere, Aste Nagusiko lehena izango zena, bertan behera utzi zuten; izan ere, azken orduetan eroritako euriteengatik, hondarra ez zegoen egoera egokian zaldi gaineko zezenketa egiteko.

TXIKIEN KONTU HANDIAK

Iganderako prestatutako gainontzeko ekitaldiak bai, mantendu ziren. Esaterako, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak, Itziar Ituño pregoilariak eta Nagore Ugarte txupinerak lagunduta, euripean inauguratu zuten goizean Casilda Iturrizar parkean kokatutako Txikigunea. Etxebarria parkeko feriarekin batera, Txikigunea eremuak batzen du haurrentzat prestatutako eskaintzarik nagusiena. 12 urte arteko haur eta familientzat 30 jarduera baino gehiago biltzen dituen jai gunea da. Oso ederra da, eta bitxia; merezi du bertaraino gerturatzea.

Horrez gainera, irisgarritasuna eta inklusioa indartu dira aurten, autismoaren espektroko nahastea (AEN) duten pertsonentzat soinu alteraziorik gabeko ordutegi tarteekin. Horrez gain, sentsibilizazio gune bat jarriko da, abuztuaren 20an, asteartean, ONCE Fundazioarekin batera, itsutasuna eta ikusmen urritasun larria duten pertsonen egunerokotasunari heltzeko. Txikigunearen ordutegia honakoa da: 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.00etara.

Eta Etxebarria parkeko barraken feria... hori beste mundu bat da. 75 atrakzio inguru daude, horietatik 14 haurrei zuzenduta, eta 17.00etatik aurrera zabaltzen dituzte. Itxiera ordua, ordu txikietan: goizeko 4ak. Aurten ez dituzte prezioak igo, baina ez genuke esango merkeak direnik: 3 eurotan haurrentzat; 3,5 helduentzat. Jaiak bukatzen direnean, 0,5 euro merkeago. Irailaren 1era arte zabalik egongo da feria.

ATXILOKETAK BAI, BAINA GAUA LASAI JOAN ZEN

Juan Maria Aburto alkateak jaietako lehen gaua ondo joan dela nabarmendu zuen Txikigunea ireki baino lehentxeago hedabideei egindako adierazpenetan. Larunbatean hamaika pertsona atxilotu zituzten; alkatearen arabera, horietako bederatzi Udaltzaingoak, eta Ertzaintzak beste bi.

Udaltzaingoaren atxiloketei dagokionez, gehienak lapurretagatik izan ziren eta bi genero indarkeriagatik, baina alkateak ez zuen datu gehiagorik gehitu. «Horietatik bat bera ere ez da larria», zehaztu zuen Aburtok. Beraz, «gaua ondo joan da», gaineratu zuen.

AREATZAN, ZELAKO ESKAINTZA ZABALA

«Mikel, sartu aurretik, irribarretxo bat amatxori!». Ez zen klik entzun, mugikorrek ez baitute mota horretako soinurik ateratzen, baina zinemako izarra izango balitz bezala, tente-tente amaren telefonoari irribarrea bota eta Mikel Gargantuaren barnean desagertu zen. Eta bera bezala, ilara luzean zeuden haur gehienak berdin. Txikienak izan ezik.

Arriagaren aurrean geunden, Aste Nagusiko pertsonaia enblematiko baten aurrean. Euripean ere, ilara ez zen txikitu. Gargantuaren ahoa ikusi eta txikienek buelta izututa, berriz gurasoengana. Itziar Ituño pregoilariari entzun izan diogu bere Aste Nagusiko oroitzapenik zaharrena Gargantuari lotuta dagoela, Itziar txikia ikaratu egiten zelako haurrak jaten zituen aho handi horren aurrean.

Bueno, Txinparta konpartsako kide bati ondoren entzun genion bezala, «Aste Nagusia ez da parranda solik, gauza gehiago egiteko aukera ematen baitu»... Eta horrela da, lekuko gara.

Esaterako, eguerdian bermut batekin lagunduta poesiaz goza dezakezu -Txinparta Feministan bertan hainbat emakume poetaren emanaldia entzuten izan ginen-, kontzertu bat zuzenean bizi daiteke, txalaparta ikasi dezakete zure haurrek, bertako jakiak eros ditzakezu ezarritako Bizkaiko baserritarren azokan... edo 1,5 euroren truke bertako barazkiz osatutako ogitarteko goxo bat -benetan goxoa- dastatu dezakezu konpartsei esker. 300 bat errazio prestatuko dituzte egunero.

Askapeñaren ondoan jarri du Togo-Euskadi Adiskidetasun Taldeak arropa eta poltsen denda koloretsua. Han bertan erositako poltsa ederra baserritarren azokan ondo bete ondoren, aurtengo jaietako zapi desiratuenaren bila ibili ginen gu txosnatik txosnara; hau da, Palestinaren aldeko lepoko zapia, Gernikako bonbardaketari buruzko erreferentzia duena. Agortuta omen dago. Ostegunean gehiago iritsiko dira, hori esan ziguten.

Atseden pixka bat, indarrak berreskuratzeko tarte bat... eta zein izango da gure hurrengo helmuga?

BALEEN UNIBERTSOA

Olagarroa, Txangurrua, Bisigua, Txirla, itsas munduko beste elementu batzuk eta oihanetik etorritako laguntzaileak lagun zituela, aurten ere Baly baleak Bilboko erdigunea zeharkatu zuen atzo arratsaldean, euskal arrantzaren tradizioa oso presente izan zuen desfilean.

Balearen Desfilea familiek gehien espero duten Aste Nagusiko hitzordu handietako bat da. Koloretsua, dibertigarria... 19.00etan abiatu zen Plaza Biribiletik eta jendez lepo zegoen Kale Nagusia zeharkatu zuen. Hiriko erdigunea geldiarazi zuen. Haurrak eta beraien desfilea ziren jaiaren protagonistak.

Puzgarriak, konpartsak, fanfarreak eta txarangak, arpoilariak eta emakumez soilik osatutako konpartsa bat tartean. Eta orain, etxera? Batek daki, gaua luzea baita!