20 AGO. 2024 Hegoafrikan bizi-itxaropena hamahiru urte igo da GIB-Hiesaren aurkako borrokari esker Hegoafrikak GIB giza immunoeskasiaren birusarekin bizi diren 8 milioi herritar ditu. 15 eta 49 urte arteko helduen %16,7. Alta, horietatik 5,7 milioik erretrobirusen kontrako tratamendua jasotzen dute. 2005. urtean hiesak 284.249 pertsona hil zituen; 2024an 68.406 hil ditu. Horrek nabarmen igo du herrialdeko bizi-itxaropena. Ndebele emakumeak, GIB-Hiesaren kontrako kontzientziazio kanpainan. (Tholang TSEKA | WIKIMEDIA) GARA JOHANNESBURGO Hiesa (hartutako immunoeskasiaren sindromea) giza immunoeskasiaren birusak (GIB) sortua da. Birusaren infekzioak pertsonaren sistema immunologikoa suntsitzen du, beste hainbat birusen biktima izatea errazten du, eta, azken buruan, heriotza ekar lezake, ez baitago hiesaren kontrako sendabiderik. Ebidentziek diotenez, hies kasuen %95 garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira, eta kasu guztien artean, %70 Saharaz hegoaldeko Afrikan. Hondamendi honen ondorio larriak asko eta askotarikoak izan dira, nabarmenena Afrikan daudela munduan hiesak utzitako umezurtz guztien %70. Europako infekzioen kasuetan ez bezala, Afrikan GIBaren transmisioa heterosexualen sexu-harremanetan gertatu da eta infekzio berrien intzidentzia gizonezkoetan baino emakumezkoetan da handiagoa. Urteetan, infektatu ondoren eta tratamenduen faltan, birusak harrapatutako pertsonak, batez beste, zortzi urteren bueltan hil izan dira. Nolanahi ere, infekzioaren lehen etapetan erretrobirusen kontrako tratamenduekin, bizi itxaropena infektatuta ez zegoen pertsona batenaren parekoa izan daiteke. Hegoafrikaren kasuan, tratamenduaren bidetik berri itxaropentsuak etorri dira. Hemerotekara joanda, aise ikusi ahal dira gisa honetako izenburuak: «Hiesa, kontrolik gabeko holokaustoa Afrikan», «Hiesaren erruz ume afrikar askoren bizi itxaropenak ez du 30 urte gainditzen», «Hiesak bizi itxaropena lapurtzen du Afrikako hegoaldean», «Giza immunoeskasiaren birusak orduero 1.500 pertsona infektatzen ditu Hegoafrikan». Duela hamahiru urteko berrietan, adibidez, irakur daiteke nola Osasunaren Mundu Erakundearen estatistiken arabera, «hiesaren pandemiagatik 1990. urtetik bizi itxaropena bederatzi urte gutxitu zen Hegoafrikan», eta «hamabi Swazilandia eta Zimbabwen». Une berean, munduan bizi itxaropenak gora egin zuen, baita Afrikako gainerako herrialdeetan ere. Bistan zen eskualde hura zela hiesak gogorren jotzen zuena. Azken berriek, aldiz, oso bestelako aurpegia erakusten dute. Joan den astean Statistics South Africa erakunde publikoak argitaratu zuen txostenaren arabera, GIB-Hiesaren aurkako borrokan izandako aurrerapenek herrialdeko bizi-itxaropena ia hamahiru urte igoarazi dute azken hamarkadan. Arrakasta handia da, dudarik gabe, urratu behar izan den bide luze eta gogor baten kronika itxaropentsua. Ez da gutxiagorako: 2004an Hegoafrikan soilik 90 pertsonak hartzen zuten erretrobirusen kontrako tratamendua; egun milioika dira; 5,7 milioi, hain zuzen. Izan ere, Hegoafrikan bizi da GIBean positibo eman duten munduko pertsona gehien. Argitaratutako txostenaren arabera, biztanleen %12,5. Era berean, munduko erretrobirusen kontrako tratamendu programa handiena du. Horrek heriotza-tasaren gutxitze ikusgarria eragin du. Herrialdeko heriotza guztien %42k hiesarekin zerikusia zuen 2005ean; aurten %12,5 dira. HERRI EKIMENAREN GARRANTZIA Lorpen handi horretan, herri ekimenak, gaitzak kolpatutakoen elkarteen kanpainek, zerikusi handia izan dute. Ezinbestekoak izan dira, gobernua presionatuz hiesaren kontrako tratamenduak hedatzeko. Hiriz hiri, herrixkaz herrixka, tribu ezberdinekin, aurreiritzi guztien kontra, hiesaren aurkako prebentzio eta sentsibilizazio ahalegin itzela burutu dute. Ez da, baina, bizi itxaropena handitu soilik; hiesaren heriotza-tasa ikusgarri gutxitu da (azken hamarkadan %50); izan ere, erretrobirusen kontrako tratamenduek ez dute jendea GIBetik soilik salbatzen. Oro har, pertsona immunodeprimituen sistema immunologikoa ere indartzen du, tratamendua egoki hartuz gero. Eta, adibidez, hainbaten aburuz, Hegoafrikak ez balitu izan ia sei milioi herritar erretrobirusen kontrako terapietan, covid-19aren krisian askoz ere jende gehiago hilko zen. Goraipatzekoa da, hortaz, Hegoafrikan GIB-Hiesaren kontra egin den borroka eta egiten segitzen dutena, baina oraindik ere lan handia egin behar da GIBdun pertsona guztiei tratamendua bermatzeko, ez baita ahaztu behar ia sei milioik tratamendua hartzen duten arren, beste bi milioik ez dutela, oraingoz, beren bizitzak salbatzeko aukera hori. TRATATZEA GAKOStatistics South Africa erakundearen arabera, 2005. urtean herritarren bizi itxaropena 53,6 urtekoa zen eta, orain, 66,5 urtekoa. Aurrerapenaren arrazoi nagusietakoa, bizitzak salbatzen dituen erretrobirusen kontrako tratamenduaren zabalkundea da.